IRAGANEKO BASERRIAK, ETORKIZUNEKO ERAIKUNTZAK

  • azterketa zehatzik ezean ezjakintasunak folklorizatuta, arduragabekeriaz abandonatuta, topikoen pisua jasan ezinik eraitsita... ez dirudi baserriak etorkizun beltza saihesteko egoeran daudenik. Duela mende bat 45.000 ziren Euskal Herri osoan. Azken urteetako erritmo berean desagertzen badira ordea, 200 urtetan ez da alerik geratuko. Baina, duela 500 urte sortutako eraikuntza hauek kalitate handikoak dira eta Europako etxe onenen artean daude. Etorkizunerako baliagarriak dira beraz. Euren egitura zehaztasunez azter dadin eta ondare gisa duten balioa onar dadin hainbat ahalegin egiten da, baserriaren ustiapen ekonomikoaz landa ere arkitektura mota honek etorkizuna duela erakutsiz.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Braserritarrari bere etxearen adinaz galdetuta erantzun ezberdinak izaten dira aukeran: "Izugarri zaharra da, oso oso zaharra, erromatarren garaikoa-edo!" da horietako bat, edo "izugarri zaharra; pentsa, nire aitona hemen jaio zen!". Eta hori Bizkaiko Labe Garaien adina duela esatea da. Baserritarrak baserria erabiltzen daki, baina ez du sarritan duen ondarearen balioa ezagutzen. Baina ezjakintasun hori ez zaio soilik eraikuntzaren jabeari leporatu behar, oro har gizartearen gaitza baita. Baserriaren adina ezagutzeko artxiboetara jo behar da eta hori egin du Alberto Santana Bergarako UNEDeko Arte eta Historia irakasle deustuarrak. Dokumentu zaharrek erakusten dutenez, etxe mota hau duela 500 urte sortu zen.
Santanaren esanetan 20ko hamarkadan "euskaldunok gure etxeei buruz gehien genekienak ginen". Joaquin Irizar, Pedro Guimon eta Alfredo Baeschlinen lanak eman ziren argitara urte horietan. Lan baliagarria egin zuen belaunaldi horrek, baina Gerra Zibilak azterketak eten eta ordutik aurrera horien lanak berrargitaratu besterik ez da egin. Azterketa etnografiko edo antropologikoak egin izan dira, baina "kutsu folklorikoarekin". Ikerketa arkitektoniko zehatzik ez. "Azkenean, gezur eta topiko ugari behin eta berriro errepikatzen ari dira eta baserritarrek ere sinetsi egin dituzte".
Topikoak hausteko, ezjakintasunari aurre egiteko, Santanak, Donostiako Arkitektura Eskolako ehun ikaslerekin batera, oinarritik hasita baserrien azterketa sakona burutu du. Emaitza 500 orrialdeko erreferentzia liburua izango da eta 2001ean argitara emango da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren eskutik.


PERRETXIKOAK BEZALA.

Baserria eraikuntza naturala da, euskal gizonaren eta lurraren arteko harremanetik espontaneoki sortua. Klimaren eta euskal familiaren beharren erantzun berehalakoa da, lurrak ematen duenarekin, aldameneko zuhaitzen egurrarekin eta pareko harriekin eraikitzen dena. Perretxikoak bezala sortu zirela, alegia, baserritarrak baserriak asmatzen zituela. Hau pentsatzea ingenuitatean erortzea da eta Baeschlin-en belaunaldiak horretan sinetsi zuen. Alberto Santanak urteak eman ditu baserriz baserri eta garbi ikusi du lurrak ematen dionetik bizi den baserritar baten etxea izateko (eta hemen lurrak gutxi ematen du) baserriak kalitate handiko eraikuntzak direla. "Europako etxe onenen mailan dago baserria".
Azterketa ikuspuntu historikotik burutu du Santanak, hots, artxiboetan arakatuz eta ez soilik baserritarrari galdetuz. Eta artxiboetan eraikuntza hauen benetako aurpegia topatu duela dio, "baserria eraikitzaileek eraiki zuten bezala ikusi nuen". Eta topiko bat apurtu nahi du horrela, autoeraikuntzarena. Lehenago etxeak baserritarrak berak eraikitzen zituen eta hain zuzen horregatik ez dute gaur egun arte iraun. Baina duela 500 urte, eraikuntzaren profesionalak sortu zirenean, sortu zen baserria. Baserriak bestelako arkitektura lan onak bezala daude eginak, elizak eta jauregiak bezala, egileak eta teknikak berberak baitira. "Duela 500 urte Deustuko San Pedro eliza eraikitzen zuen berberak egiten zuen Agerretxe baserria, egurrezko habeak lantzeko teknika berberaz, harria harrobi berdinetik lortuz".
Badirudi arkitektura herrikoi, espontaneo, natural bat dagoela, arkitektorik gabea. Eta beste aldean litzateke arkitektura kultua, akademikoa, ortodoxoa, estiloduna. Santanak bereizketa hori baztertu egiten du baserri gotiko edo barrokoak ere badirela baieztatuz. "Goizean arkitektura kultua egiten zuena ez zen arratsaldean inozo bihurtzen". Baina beharrak desberdinak zirenez ez zuten baserri bat edo jauntxoen jauregi bat berdin eraikitzen. Azken finean baserria nekazariarentzat tresna bat da. "Baserritarrak ez zion arkitektoari eskatzen, 'egidazu baserri oso euskalduna oso gurea'. Ahalik eta hoberen egiteko eskatzen zion, lan erreminta sofistikatua".


BASERRIA LINBOAN.

Gaiaren inguruko argitalpen gehienek baserri gipuzkoarra, bizkaitarra, nafarra... bereizten dituzte. Baina elkarren ondoan dauden bi baserri erabat desberdinak direla ikusten dugu askotan, klima berdina eta harri eta egur errekurtso berberak izanagatik. Garai desberdinetan eraikiak dira, eta beraz, behar ezberdinei erantzun behar diete. Santanak arkitektura ikasleekin burututako azterketan, adibidez, 20-25 bat baserri mota bereizi dituzte. Baserria linboan kokatu izan da, denboraren joan etorritik kanpo dagoen toki batean, etengabe errepikatzeko joeran -ez du kanpoko eraginik, ez du eboluziorik, historia ez da baserritik pasatu eta horrek markatzen du euskaldunen berezko izaera purua-. Santanaren aburuz, "baserrien mundua egin diren sinplifikazio horiek guztiak baino aberatsagoa da. Baserriak historia aberats eta anitza du, eta baserritarra munduari irekia bizi izan da". Baserrietan erabiltzen zen ensanblajea, adibidez, Alemania hegoaldean (Suabian) du jatorria eta horrek baserritarrek duela 500 urte eraikuntzako teknologia onena eta berriena jasotzen zutela esan nahi du.


200 urtetan akabo.

Josu Tellabide donostiarrak urte mordoa darama baserrien inguruan lanean. Beregana hurbildu eta datu kezkagarriak eman dizkigu: 1865ean 743 baserri zeuden Donostian, 1993an 270 baino ez eta ordutik hona beste 41 desagertu dira. Duela ehun bat urte Gipuzkoan 12.000 baserri inguru omen zeuden; gaur ez dira 7.000ra iristen. Joan den mendean 45.000 ziren Euskal Herri osoan eta erritmo honetan jarraituta bi mende barru ez da bat bera ere geratuko. Ez EAEn ez Nafarroan , ez dago baserriak babesten dituen legeria berezirik (Iparraldeko egoera ezberdina da, aurreko orriko koadroan azaldu dugun moduan).
Eusko Jaurlaritzak esaterako Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen barruan lantzen ditu horrelakoak eta behar izanez gero, Kultura Ondasun deklaratzen ditu eta araubide zehatza abian jarri -hala egin zuen, adibidez, Loiuko Bengoetxe baserriarekin 262/1999 Dekretuaren bidez, Sondikako aireportuko zabaltze lanak zirela eta-.
Gipuzkoako Aldundia da Hegoaldean bere aurrekontuaren zatitxo bat baserrien babesari ematen dion bakarra.
Udaletan jarrera ezberdinak topatu daitezke. Jarrera positiboaren adibide gisa Altzoko kasua aipatu digu. Donostiaz hitz egitean, aldiz, ez du iritzi baikorregirik agertzen: "100 urte dituen eraikuntza bat berritzeko dirua jartzen da, baina Donostiako etxe zaharrenak babesteko ez da ezertxo ere egiten". Tellabidek 20 baserri katalogatu ditu ondare gisa, gehienak XVI. mendekoak. "Arazoa kulturala da. Ez dago baserriak babesteko kulturarik ez jabeen artean, ez politikarien artean".
Hala ere, baserriak zaharberritu ere egiten dira tarteka. Hori bai, berrikuntza asko ez da bereziki eredugarria.

Zaharrak berri. Zeberio haranean gara. Baserri eta dorretxeak ezker eskuin. Abandonatuta batzuk, berrituta besteak. Alfredo Baeschlin arkitekto suitzarraren liburu zaharra eskuratu genuenetik ("La arquitectura del caserío vasco". Villar, 1968), Santa Kurtze auzoko Torrea etxea begiz jota geneukan; dorretxe zaharra, denboran zehar erantsitako egiturei esker baserri bihurtua. Autoa geratu eta hirugarrenez bertakoei galdezka jardun dugu. "Hiru bat kilometro aurrera egin eta bide bazterrean ermita bat topatuko duzue; haren gainean dago". Aurretik ere beste batek gauza bera esan digu, baina han ez dugu Torrearik topatu.
Buelta berriro toki berdinera eta ermita gaineko etxeari argazki zaharraren antza topatu ezinik gabiltza. Hormigoizko eskaileran gora egin, atea jo eta etxekoandrea azaldu zaigu. Argazkia erakutsi eta baietz, huraxe dela Torrea. Eskerrak eman eta sinesgaitz etxeari buelta eta buelta aritu gara, garaje berriaren teilatuaren gainean harrizko puntu erdiko arkuaren arrastoak topatu ditugun arte, dorretxe zaharraren garai bateko ate nagusia.
Geure begiekin ikusitako adibidea da, baina Tellabidek hamaika horrelako kontatu dizkigu. Zahar berritze lanak askotan gaizki egiten dira; baserriak goitik behera bota eta oso-osorik hormigoiz berreraikitzen dira. Arkitektoak mundu urbanoan daude ohituta eta askok ez daki egurrarekin lan egiten (Santanak Arkitektura Eskolarekin burutu duen azterketak ikasleak horretan trebatzea du helburu).
Batzuk aurrekontua aipatzen dute hormigoia aukeratzeko arrazoi modura, hormigoia egurra baino askoz merkeagoa dela esanez. Egia da inguru honetan Europako hormigoirik merkeena dugula, baina egia da, era berean, 100 urte ere bete ez duen hormigoizko eraikuntza ugari pitzaduraz josita dagoela, duela bost mendeko baserrien egurrezko egiturak zutik dauden bitartean.

Etorkizun beltza? Orain arte esandakoa kontuan izanda ezin esan baserriari etrokizun oparoa aurreikusten diogunik. Eta ez da merezi ez duelako. Alberto Santanak garbi du "hormigoizko hilkutxek baino bizi kalitate askoz hobea eskaintzen" duela. Etxe ekologikoa da, arnas hartzen duen etxea. Espazio handia du eta modulagarria gainera. Banaketa oso arrazionala badu ere, aldaketak egin nahi izanez gero erraz erantsi eta ken dakizkioke elementuak egiturari. Kokapen ederretan egon ohi dira, eguzkiarekiko ongi orientatuta. Gainera, egungo komunikabideek zibilizaziora gerturatu dituzte baserriak. Teknologia berriekin bateragarriak dira.
Horregatik, eta datuak ezkor izatera bultzatzen bagaituzte ere, Alberto Santanak ez du zalantzarik baserriak eraikin bezala biziraungo duela. "Etorkizuneko telepolisa, iraganeko baserrian dago".

IPARRALDEAN BABES HANDIAGOA DU BASERRIAK
Baserrian kontserbazioaz jardutean adituak bat datoz zera esatean: "Iparraldearen kasua oso bestelakoa da". Eta aditua izan gabe ere edonork ikus dezake hori, paisajeari begiratu hutsarekin.
Euskal Herriko PACT-CDHAR elkartea 1966an sortu zen eta berau arduratzen da etxe mota ezberdinen, hiriko nahiz landako etxeen berrikuntzaz. Arkitektoen lanak bideratzen ditu erakunde honek eta diru laguntzak jasotzen ere laguntzen du. Berritu nahi dena teilatua edo barrualdea bada edota soilik mantenimendu berrikuntzak egin nahi badira ez dago baimenen beharrik. Baina lanek fatxadan eraginik izango badute, orduan tokian tokiko herriko etxearen baimena behar da, eta horretarako dosier tekniko eta finantzarioa aurkeztu behar da. Elkarteak dosierra osatzen laguntzen du eta berak bideratzen du halaber udalarekin egin beharreko lana. Etxeak 500 metroko ingurumarian monumentu historikoren bat badu, baimena erdiestea ez da erraza izango; lanak bertako eraikuntza historikoen moldeak errespetatu beharko ditu eta baimena lortuta ere, berritzearen kontrol zorrotza egingo da. Landako etxe ugari hutsik geratu da Iparraldean. Baina azken urteotan horietatik asko berritu dira gero alokatuak izan daitezen. Barnealdean diren baserrien %40 inguru alokatuak dira, bai urte osorako maizterrei bai turistei. Frantziako Gobernuak eraberritze kostuaren zati bat (%25etik %30era) diruz laguntzen du. Hori bai, laguntza erdietsi duenak alokairua merkeago jarri behar du. Zaharberritzeko orduan, jatorrizko estilo eta egitura errespetatzea ere beharrezkoa da.

ZAHARBERRITZEKO PROPOSAMENAK
Iñaki Arzoz eta Andoni Alonsok, "Baserria eraitsia" liburuan (Gaiak, 1998) baserria zaharberritzeko oinarrizko proposamenak eskaintzen dituzte:
1. Jatorrizko eraikina bere egiturako eta estetikazko osotasunean errespetatu.
2. Ezinbestekoa dena bakarrik zaharberritu.
3. Egokitzapenak egin beharr baldin badago edo zatiren bat berregin, jatorrizko material berberak erabili edo, halakorik ezean, material baliokideak eta haiekin bat datozenak.
4. Material industrialen bat erabili behar bada, estali eta mozorrotu egin behar da.
5. Beheko suak gordetzen ahalegindu behar da, etxetresna elektrikoak jarri arren.
6. Antzinako tresna eta altzariak gorde, beren ohiko leku naturaletan ipiniz (museo etnografikorik antolatu gabe).
7. Lanak norberak egin edo aditua den artisau edo igeltsero baten alboan jardun.
8. Eraikinaren estilo eta teknikari buruz arkitekto edo artista adituren baten iritziak eta aholkuak kontuan hartu.

EUSKAL ZIBERBASERRIA (AMETS BIRTUAL BAT)
Baserri eraitsia" argitara eman genuenean (Gaiak, 1998) nire lankide Andoni Alonso eta niri tristezia sentsazioa geratu zitzaigun. Gure herri-arkitekturaren oraina ikertzeko orduan genuen gogo kritiko hori apaltzen joan zen baserri tradizionalaren hondamen prozesu gupidagabearen aurrean. Baina teknologia digital berriekiko zaletasunak itxaropenerako zirrikitu bat zabaldu zigun. Eta orduan ametsetan hasi ginen. Ez genuen euskal baserriaren etorkizuneko berpizkunde batekin amesten, baina bai, gutxienez, bere jatorrizko izpirituaren ezohiko birsortzearekin.
Etorkizun ez oso urrunean, Euskal Herria urbanizazio erraldioetan bildutako baserri zahar berrituez eta baserri postmoderno berriez estalia ikusi genuen. Eta baserri horietatik, soilik bakar batzuek gordetzen zituzten estilo tradizional goxoa eta ohiko material naturalak. Gure begitazioa ez zen batere arraroa; gure liburuaren aurreikuspen pesimistak betetzen ziren bertan.
Hala ere, gure ametsean baserri horien leihoetatik barrura sartu eta eszena harrigarriak ikusi genituen. Baserritarraren esku zailduek ordenagailua tekleatzen zuten bere seme-alabek sortutako baserri birtualean sartu ahal izateko. Baserri guztiak Sarean konektatuta eta funtzio tradizional ugari informatizatuta zeuden. Horri esker oinordeko gazteek ez zituzten mendi basoak utzi nahi, euren herri eta bailarara loturik baitzeuden, interes ekonomiko, sozial eta kulturalen komunitate birtual baten inguruan. Horietako baserri askok euren eraikuntza birtuala munduari zabaldu zioten euren web orriaren bitartez. Baserriaren argazki digitalak bisitariei harrera egiten zien eta ate inguruko elementu tradizionalek (eguzki-lorea, egurrean tailaturiko sinboloak, aldaba) toki ezberdinetara joatea ahalbidetzen zuten. Ezkaratzean gordetzen ziren lanabesez osatutako museo etnografiko digitala topatu genuen. Baita diasporako lagunek bisitatu zezaketen klanaren gorabeheren inguruko informazioa ere, modu horretan euskal komunitate globalizatuaren lotura birtualak harilkatuz.
Baserrien oinplanoak ezagutzeko aukera ere izan genuen, eta gure pozerako, horietako batzuk Cad programa konbinatorio errazen bidez baserritarrek beraiek diseinatuak zirela ikusi genuen. Hiriburuko urbanitek ere euren baserri birtualak eraiki zituztela deskubritu genuen, webcam-aren bitartez baratzeko sagarrondoei so gustura zeudela. Gure bidaiak bisitatzen ari ginena benetan Zibereuskalherria zela baieztatu zigun, herrialde berri bat ziberespazioan, non baso elektronikoa baserri birtualak birsortzeko kimatzen zen, globalizazioaren garaietan gure kulturaren gune gisa.
Eta orduan esnatu egin ginen, eta lanean hasi. Gure ametsak, fantasia boluntarista izanik ere, zentzuzkoa eta bideragarria zirudielako. Ez genuen baserri errealaren defentsa alde batera utzi, baina dagoeneko hasiak gara haritz digitala mozten gure baserri birtualerako. Bertatik errealitateko baserria defendatu nahi dugu eta gure kulturaren aukera guztiak irudikatu. Horretarako, estetika transherrikoia sortzen ari gara, gure arkitektura teknologiara egokituko duena eta teknologia gure arkitekturara. Filosofia transherrikoia ere sortzen ari gara, ziberbaserri hori aldaketa prozesuan den euskal kulturaren barruan integratuko duena.
Amets egiteari utzi diogu; orain gure lehen ziberbaserri birtualaren auzolan digitalean jarduten dugu. Gure arkitektura tradizionalaren eta kultura biziaren zaletuek -baserritar eta intelektualek, arkitekto eta okupek, informatiko eta artistek- atea gurutzatu eta euren ideiekin laguntzeko gonbita dute.


Azkenak
Nazioarteko martxako euskal herritarrak Kairotik
“Gu atxilotzen ari dira martxarekin fokua Palestinan jartzen ari zelako”

Kairoko hotel batetik hitz egin du ARGIArekin ostegun goizean Pili Revilla gasteiztarrak. “Edozein momentutan atxilotu gaitzakete”, adierazi du. Solasaldiaren unean Euskal Herritik joandako bost herritar daude atxilotuta, eta nazioarteko dozenaka. Arreta Palestinako... [+]


2025-06-12 | ARGIA
Gazarako Martxan parte hartu behar zuten herritarrak atxilotzen hasi da Polizia Kairon

Ekainaren 13an hasi behar duen Gazarako Martxako partaideak atxilotzen ari da Egiptoko Polizia, tartean hainbat euskaldun. Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu eta korridore humanitario bat ireki dadila eskatzeko abiatu dute ekimena mundu osoko 3.000 herritarrek. 


2025-06-12 | Sustatu
YouTubek isil-isilik aldatu ditu gorroto politikak eta genero identitateari babesa kendu

Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta... [+]


2025-06-12 | Gedar
2022tik hona, gutxienez 68 preso izan dituzte uhalekin loturik EAEko espetxeetan

Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak... [+]


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketarako bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


“Lokalizatuta dauden epigrafeak leku batean biltzeko ahaleginik ez da egin”

Iragan udazkenekoa dugu liburua: Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan (Nabarralde, 2024). Historiara jo du berriz Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak, eta argira ekarri euskarak epigrafian egina duen bidea, utzia duen aztarna, orain artean inork egin... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Naparrari buruzko ‘16.060 egun’ dokumentala ikusgai, desagertu zela 45 urte igaro direnean

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatzeko bigarren saiakera kontatzen duen dokumentala interneten ikusi daiteke asteazken honetatik aurrera. Igandean ekitaldia egingo dute, Batallon Vasco Españolek iruindarra duela 45 urte bahitu eta desagerrarazi zuela... [+]


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


2025-06-11 | Roser Espelt Alba
Euskaraldia eta merkatua

Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]


Eguneraketa berriak daude