Globalizazioaz eta ingelesaren eraginaz gero eta gehiago hitz egiten ari den garaiotan, Euskal Herriko mugetatik kanpo euskarak pizten du jakin-minik. Mundu osoan zehar daude barreiaturik gure hizkuntzaren inguruan zertxobait jakin nahi duten lagunak, eta baita hura neurri batean bederen hitz egitera heldu nahi dutenak.
Horiek guztiek, eta batez ere ingelesez mintzo direnek, lagungarri gerta dakiekeen informazio ugari dute Interneten, makina bat webgunek eskaintzen baitituzte euskararen inguruko datu eta argibideak. Guk www.buber.net/basque/euskara
helbidean topatu ditugun dozenaka www.buber.net/basque/euskara helbidean topatu ditugun dozenaka loturetatik bakar batzuei buruz egingo dugu berba. Dena dela, jarraitu aurretik ezagutu dezagun zertxobait Buber.net gunea sortu duen Blas Pedro Uberuagari buruz.
Uberuaga Idahoko Caldwell herrian jaio zen duela 29 urte. Bere aita, Pedro Uberuaga Zabala, beste hainbat euskaldunek bezala sorterria, Munitibar, atzean utzi eta Estatu Batuetara joan zen artzain. Bertan ezagutu zuen Monica Ines Telleria, gerora Uberuagaren ama izango zena. Fisikan lizentziatu berria, egun Washingtongo Unibertsitatean egiten du lan. Hala ere, izan du denborarik Euskal Herria bisitatzeko eta bertako geografia, ohitura eta hizkuntzaren inguruan lan egiteko. Horren erakusgarri da lotura benetan interesgarriak biltzen dituen haren webgunea.
Webgune hau zerrenda luze batean izendaturik dauden hainbat ataletan dago banatuta, eta horrela errazago gerta dakioke internautari euskararen inguruko informazio zehatz bat topatzea. Euskararen jatorriari buruzko hipotesiak, euskalkien inguruko argibideak, oinarrizko gramatika arauak eta horrelakoak aurki daitezke zerrendako lehen webguneetan. Bereziki bitxia da Eusko Kreloreak izenburua daraman gunea. XVII. mende hasieran islandiara joandako balea arrantzale euskaldunek bertako eta beste leku batzuetako itsasgizonekin komunikatzeko sortu zuten Pidgin eusko-islandiarra ezagutzeko aukera eskaintzen du gune honek. Zerrendan aurrera egin ahala euskararen inguruko geroz eta datu gehiago ezagutuz joango da internauta. Deklinabideari edo gramatika arauei buruzko argibideekin batera, elementu kimikoak, leku izenak, sukaldean topa daitezkeen tresnak, hilabete eta egunen izenak, fruituak, koloreak eta abar luze bat euskaraz nola esaten diren azaltzen digute orrialdeok. Ingelesez eta neurri apalago batean frantsesez mintzo direnei zuzendurik daude gune gehienak.
Dena dela, ama hizkuntza edozein izanik ere, euskara ondo hitz egitera hel daitezke www.travlang.com/languages helbidera sartzen diren lagunek, neurri batean bederen. Munduko edozein bazterretik Euskal Herrira datorren bisitariak hizkuntzarekin arazo handiegirik izan ez dezan nahikoa du orrialde honetan topatuko dituen azalpenak irakurri eta proposatzen diren ariketak egitea. Katalanak, alemaniarrak, kroaziarrak, japoniarrak, indonesiarrak edota zuluak gurera etorri eta autobus geltokiagatik euskaraz galdegin diezagukete adibidez.
Besteak beste, zenbait ikasgai jaso eta ikastaro batzuetan izena emateko aukera eskaintzen du Internetek. Maria S. Santistebanen gunean sartuta adibidez, zortzi ikasgaitan banandurik dauden azalpen eta hiztegitxoak irakurri eta eurei dagozkien ariketak egin ahal dira. Renoko (Nevada, Estatu Batuak) unibertsitateak, bestalde, ikastaro benetan interesgarriak eskaintzen ditu Internetez.
Hizkuntzaren inguruko azalpen eta bestelakoekin batera Interneten euskara oinarri duten hainbat hiztegi topa daitezke. Logos hiztegiak adibidez euskarazko hitzak hamaika hizkuntzara itzultzeko aukera ematen du (esperantora, grekorara, arabierara...). Buber.net guneak euskara-ingelesa, euskara-frantsesa edota euskara-okzitaniera eta euskara-japoniera hiztegiak ere biltzen ditu.
GAZTELERA ETA FRANTSESA.
Ama hizkuntza gaztelera duten lagunek ere badute euskara Internet bidez ikasteko modurik. Santurtziko Udal Euskaltegiaren webguneak adibidez "Gela irekia"-n izena eman eta antolatu dituen ikastaroak online jasotzeko aukera eskaintzen du. Jose Miguel Arnaiz euskaltegiko kideak adierazi digunez, euren ikasleen artean Islandian eta Londresen diren bi donostiar eta katalan, txiletar eta argentinar bana daude. Webgunearen helbidea honakoa da: www.santurtzieus.com.
Pirinioez beste aldeko euskaldunek eta munduan zehar dauden frantses hiztunek, bestalde, pasa den urriaren 27az geroztik euskara online ikasteko aukera dute, Gure Irratiak eta Phillips Internet enpresak indarrak batu eta euskara ikastaroak eskaintzen ba itituzte Boga Boga zerbitzarian. Internautek oraingoz bost ikasgai dituzte eskura, eta idatzizko azalpen eta ariketekin batera entzumena lantzeko aukera ere badute, ikasten ari diren bitartean irakaslearen argibideak entzun ditzakete-eta.