GONBIDATU OTXANAK

Abuztuaren zortzigarrenean. Irakurketa deskubritu berri duen lau urteko neskatoari ez dio ezer esaten "Egunkaria"ko izenburuak. Gaur beste zerbaitek piztu dio arreta: azaleko argazki nagusiak. Eta han, gaueko eszena ilun hartan, suak. Irudian ageri diren karteletan irakurri du: Bilbo, Basauri, eta badaki hortaz bera bizi den inguruko zerbait dela hura. Eta hasten da, bere adinekoek galderak egiteko duten seta ase ezin horrekin itaunka: zergatik dago sua? Eta hor zer ikusten da? Su artifizialen irudi bat begiratzean sekula egingo ez dituen galderak. Batek daki nondik sortzen zaion intuizio izpi hori argazkiak dramaren bat adierazten duela somatzeko. Jarraitzen du gero eta erantzun zailagoko galderak egiten, eta azkenean tranpatxoren bat egin behar zaio argazkiko gertakarian jarrita daukan arreta beste zerbaitetara zuzen dezan. Hori gosariko orduan. Bazkal aurretik, txintxatan dabilela, nagusiei ahopeka entzundako zerbaitek pizten dio jakinmina: zer gertatzen da? Eta berriro erantzun zaileko galdera sorta. Beste bonba bat, auto batean, gizon bat hilda... Zergatik?


Lau urteko neskato baten klase honetako jakinminari erantzuten saiatzea ez da ariketa makala. Hor konturatzen da bat kontakizunari hari logiko eta koherente bat emateko ezintasunaz. Areago saminak eztarrian lokarria eta begietan lausoa eragiten duenean. Eta horrela, oinazean gelditzen da bat trabatuta, mutu, ezdeus, mintzoaz baliatu ezinik, hitzetan ez delako kabitzen izugarrikeriaren tamaina. Pentsamendua eta haren adierazpidea baztertuta, emozioen mundua soilik. Sentipen gero eta bortitzagoak, muga batetik aurrera auto anestesiaren bidez bakarrik jasan daitezkeenak. Tentazioa, hortxe geratzea, zauri zaharberrituak xukatzen, etsipenean itota.
Irailaren laugarrenean. Opor osteko kromo aldaketa inoiz baino azkarrago doa aurten. Lurralde exotikoetako abenturen kontakizunak, nahiz hemen bertako plan udatiarrenak, kolpean mozten dira. A zer uda! Hollywood-eko gidoilaririk sadikoenari ere nekez sortuko litzaioke halako istorio ikaragarririk. Muturrak geroz eta tentsatuago, eskalada zoroan, egitezko astakerien euskarri tamainako diskurtsoak. Lizarra-Garazi ahotan alde batean eta bestean. PP eta PSOErentzat sorgindutako mamu beldurgarria bailitzan, gaiztakeria eta ezbehar guztien sorburu. EHko buruzagiak berriz ezin da ulertu nola ez diren erraietaraino gorritzen aipatzen duten bakoitzean. Udalbiltzaren epe eta erritmoak gora behera, Lizarra-Garazi nork eta zerk dinamitatu duen jakiteko ez dago ez CESIDekoa izan beharrik ezta dinamika barrutik ezagutu beharrik ere.


Suetena tranpa baldin bazen, hausturaz geroko diskurtsoa iruzurrez betea dago. Otegik Estatutoarekin jaiotako belaunaldikoen ETAratzea justifikatzeko Herri honetako gazteriak bizi omen duen frustrazioa aipatzen duenean, iruzur ari da egiten, ez arlo politikoan soilik, baita herrigintzaren esparruan ere. Euskal Herriak historikoki zintzilik dauzkan helburuen erdietsi nahiak ezin ditu deuseztu eta birrindu urtetako herrigintzaren lorpenak, hutsune eta guzti, gutxietsi ezin direnak. ETAko ekintzaileen jarduera goraipatu eta txalotzen duenean, inolako ñabardurarik gabe, sarraskiaren eta txikizioaren aukera ari da legitimatzen. Fribolitatea ala zinismoa? Hilotza hilotzaren gainean pilatzen duen bideari babesa ematen zaion bitartean Lizarra-Garazikoa aldarrikatzea iraingarri gertatzen da itun hartan itxaropena jarri zuten sektore zabal eta anitzentzat. Gauzak horrela, EHren ingurutik hasi da ozentzen berriro eskema manikeoa: edo Estatua edo ETA, tarteko aukerarik ez omen dago. Itxikeria edo basakeria, basakeria edo itxikeria; utikan gizalegea, zentzua eta konponbidea. Nonbait harrizko gonbidatu otxanak besterik ez zituzten nahi baten batzuek Lizarratik Garazirako trenean .


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude