'NAPARRA' AFERA

DUELA HOGEI URTE DESAGERTU ZEN "NAPARRA" IPARRALDEAN

  • Ekainaren 11n hogei urte bete dira Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' euskal militantea desagertu zela. 'Pertur' eta 'Popo'rekin batera hiru dira gure historia berrian desagertuizan diren militante iraultzaileak. Afera bakoitza mundu bat izan da, 'Naparra'rena berea.
Mikel Asurmendi @masurmendi  |  Xabier Letona @xletona
2000ko ekainaren 18a
Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra' 1958ko apirilaren 14an sortu zen Iruñean. 1931. urtean Espainiako Bigarren Errepublika gauzatu zenez eta bere aitona errepublikarra izaki, Jose Miguelen sorteguna paregabea izan omen zen bere familian. Hiru haurrideen bigarrena izan zen eta Josulagunen eskolan ikasi zuen. Aita Gipuzkoako Alegia herrikoa izaki, Jose Miguelek bertan eman zituen gaztaro aldiak. Hartara, txikitatik Alegiako euskal giroan eta Iruñeko kalean hazi eta hezi izan zen. Gerora ere, Alegian bereziki eta berotasunez gogoratu izan dute 'Naparra'. Halaber, oroimen monolitoa Iola baserrian dago, Lizartzan.


ETA-N IZANIKO AUTONOMOA.

Josulagunen eskolako heziketak Jose Miguelen nortasunaren bi ezaugarri azaleratu omen zituen: euskal nortasunaz zeuzkan arrenkurak areagotu zitzaizkion eta eskolaren metodologia hierarkikoarekiko nortasun aurkaria areagotu zitzaion. Francoren heriotzaren osteko garaian LKI-ETA VI.n militatu bide zuen. Ezker abertzalearen baitan ematen ziren eztabaida ideologikoetan eta orduko kale borrokan jardun zuen. ETA politiko-militarreko berezietan aritu omen zen gero. 1977. urtea aldean, berriz, hasi omen zen ETA militarrean. Dena esatera, eta garaian bizi zen nahaspilaren ondorioz, militante hasi berriek, zenbaitetan, ez zuten jakiten ETAko zein adarrean aritzen ziren ere. Jose Miguel Etxeberria herbesteratu zenean jadanik autonomoetako kide ei zen.


NAPARRA ETA BAKUNIN.

Etxeberria 1978. urteko ondarrean erbesteratu zen Iparraldera. Burkideek 'Naparra' zeritzoten bere jatorriarengatik, baita Bakunin ere bere ideologiarengatik. 20 urte besterik ez zituen arren -oso hurbiletik ezagutu zuen militante autonomo baten arabera- bere adinerako oso jantzia zegoen politikoki. Teorizatzeko orduan, ahalmen gehiago zuen idazteko hizlari gisa aritzeko baino, alta 'Naparra'ren nortasuna gogoratzean, "Euskal Herriaren aldeko kausan hil diren militanteen nortasunaz idaztean mitifikatzeko dagoen ohiko joeratik" aldendu nahi izan du aipaturiko burkideak eta Naparraren bertuteak nahiz gabeziak isildu halaber. Nolanahi zela ere, bere jite eta izaera politikoak ETA erakunde militarraren izaerarekin tupust egin bide zuen eta Komando Autonomo Antikapitalisten dinamikara bideratu zen 'Naparra'. Bere ideologiak asanblearismoan hartzen zuen funtsa eta sistema kapitalistari aitzi egiteko ekintza militarrak guztiz beharrezkotzat jotzen omen zituen. Hartara, tokian tokiko herri asanbleen erabakiak eta jarduerak indartu aldera talde armatu autonomo asanblearioen egitura eraikitzeko lanetan aritu zen 1979. urtean zehar.
1980ko ekainaren 11n, Ziburun finkatu zuen hitzordu baten arrastoan desagertu zen. Ekainaren 22an, hamaika egunez desagertu ostean BVE (Batallón Vasco Español) talde parapolizial espainiarrak "Deia" egunkariari eginiko dei baten bidez 'Naparra'ren bahiketa hartu zuen bere gain. Uztailaren 4an, berriz, egunkari berari eginiko beste dei baten bidez, 'Naparra' ekainaren 30ean hil zutela eta Donibane Lohizuneko Txantakon lurperatua zegoela aditzera eman zuen BVEk. Hurrengo asteetan dei nahasgarriak zabaldu ziren prentsan. Uztailaren 7an, berriz, Komando Autonomoek 'Naparra'ren desagertzeari buruzko beren iritzia eman zuten. BVEren errebindikazioa zalantzan jarri zuten erabilitako metodoengatik. Halaber, egun batzuk lehenago Efe agentziak eginiko adierazpenak guztiz arbuiatu zituzten autonomoek. Agentziak honela zion: 'Naparra' armen salerosketa batean inplikatua zegoen eta erosketako dirua bere afera propioentzako erabilia zuenez, bere kideek garbitu izana da'. Bada daturik esaten duena Efe agentziak berri hau eman bazuen, norbaitek hala egiteko agindua eman zuelako izan zela; ez zuen sinesgarritasun izan. Autonomoek, ordea, 'Pertur' kasuarekin parekatu zuten 'Naparra'ren desagerpena. Autonomoen hitzetan, garai hartarako beren aurkako mehatxuak jasanak zituzten inguruko beste erakunde armatuen aldetik


BVE, ETA, AUTONOMOAK.

'Naparra'ren desagerpenaren inguruan bi liburuetan idatzi izan da bereziki: Txalaparta argitaletxeak kaleraturiko "Euskadi eta Askatasuna (Euskal Herria y la libertad)" bilduman eta Likiniano elkartearen eskutik "Komando Autonomoak (Sasiaren arantzakada/Una historia anticapitalista)" Zirikatu gaitzizenak idatzi liburuan. Txalapartaren eskutik kaleratu diren liburuetan (Pepe Rei kazetariaren "Intxaurrondo La trama verde" barne) 'Naparra'ren desagertzeari buruzko hipotesiek BVE (Batallón Vasco Español) talde parapoliziala jotzen dute hilketa posiblearen egiletzat. 'Naparra'ren familiak hipotesi honi eman izan dio bere sinesgarritasuna. "Komando Autonomoak Sasiaren Arantzakada" liburuan desagerketaz geroztik izan ohi diren bi hipotesi nagusiak lantzen dira. Hots, 'Naparra' BVEk desagertarazi zuen edo indarrean zeuden beste erakunde armatuetako batek. Nolanahi zen ere, inork ez du inoiz ETA politiko-militarrarekiko inolako susmo edo zantzurik agertu izan. ETA militarra eta Komando Autonomoak ziren orduko beste talde armatuak. Komando Autonomoetako kideek beste erakundeetako akusazio ugari jaso zituzten garai hartan, baina autonomoen aburuz, botatako akusazioak funtsik gabekoak ziren. Autonomoen beraien aburuz, akusazio gehienak ezker abertzalearen gidaritza nagusia zeramatenen partetik egin ziren Komando Autonomo Antikapitalisten izena zikintzeko. ETAren izen entzutetsuaren itzalpean lausoturik, herriaren eta 'Naparra'ren familiaren begietara zalantzan jarria izan omen zen Komando Autonomoen ospea.
Beste bi liburutan ere aipatzen da 'Naparra'ren kasua. Batetik, Jon Juaristiren "Sacra Nemesis" liburu ezagunean. Hemengo edukia, dena den, batez ere Zirikatuk Komando Autonomoen historia egitean 'Naparra'ri buruz dioenarekin bat egiten du edukiari dagokionez. Beste liburua Txalapartak duela gutxi argitaratutako "Voluntarios" da, hemen argitaletxe berak argitaratutako "Euskadi ta Askatasuna" bilduman esaten den laburpena egiten da.


'ESCALERAS'.

Bi hipotesi nagusitu izan ziren 'Naparra'ren desagerpenaren ostean. Hipotesi baten arabera, BVEk garbitu zuen eta 'Escaleras' militante autonomoak parte zuzena izan zuen. 'Escaleras', Julio Cabezas Centeno, 'Mikel' bezala ezagutua ere, Ballesteros komisarioaren eta Jean Pierre Cherid mertzenarioaren esanetara makurtu bide zen eta 'Naparra'ren hilketaren arduradun zuzena zatekeen. 'Escaleras' hilda dago egun eta pertsona zitaltzat ekarria zen Komando Autonomoen nahiz errefuxiatuen munduan.
Beste hipotesiaren arabera, 'Naparra' ez zen Hendaiatik Ziburura bidean zihoala BVEk harrapatua izan, baizik eta ETA militarreko ordezkariekin zuen hitzordura iritsi zen. 'Naparra'k Komando Autonomoak egituratzeko lanean ziharduen eta armei buruzko afera bat trenkatu behar omen zuen haiekin.
Hogei urteotan kalean ahoz aho eta liburuetako orrialdeetan jositako gertakariak eta hipotesiak dira aipatu ditugunak. Erdi tabu ere izan dira sarritan, eremu labankorra, auzi berezia. Bitartean, hor dira desagertutako seme eta anaiaren gorpuzkinei noizbait lurra emateko itxaropen eta desio sakonarekin bizi direnak, noizbait amets atsedengarri hori gauzatuko delakoan

KOMANDO AUTONOMOAK: EKIMEN ARMATU ANTIKAPITALISTA ETA ASANBLEARIO BATEN AMETSA, INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN
Komando Autonomoen jarduera 1977an hasi zen. Beren sorrera ulertzeko LAIAren bilakabideari jarraitu behar zaio, ordea. LAIA 1973an ETAtik sortu langile frontea izan zen eta KASeko partaide. ETA bitan banandu zen: miliak eta poli-miliak. LAIA ere bitan banatu zen 1977an; batzuek KAS alternatiba taktikoari uko egin zioten LAIA EZ sortuz. LAIA EZ alderdiak klase autonomia aldarrikatu zuen.


HIRUGARREN BIDEA.

1977an Espainiako Estatuaren erreforma bideratzen hasi zen eta hiru erakunde armatuak hiru estrategia iraultzaile ezberdin lantzen zituzten Euskal Herria independente eta sozialistaren bidean. ETA militarrak Euskal Herrian demokrazia gauzatzeko KAS alternatibaren onarpena jotzen zuen gutxieneko baldintzatzat. ETA politiko-militarrak (VII. biltzarra burutu ostean, EIA alderdi politikoaren sorrera posibilitatzen zuena), politika posibilista baten mesedean jarri zuen jarduera armatua hurrengo urteetan. Komando Autonomoak, berriz, autonomo, independentista eta antikapitalista bezala agertu ziren. Ideologikoki KAS alternatiba interklasistarekiko kritikoak ziren eta ez zuten aurreko bi erakundeen egitura hierarkikoa onartzen. Komando Autonomoek hirugarren bide armatu alternatiboa eta asanblearioa aldarrikatu zuten. Hainbat bidetatik etorritako taldeak bildu ziren autonomoetan. ETAren VI. biltzarraren ostean, V. batzarrarekin eta eta VI.arekin bat egin ez zuten militanteak ziren talde batean; herri langilearen borroka ekintza armatuaz osatu nahi zuen. Beste talde bat, herriz herriko asanblea jendetsuen arieran sortu zen; herriaren eremu askeak borroka armatuaren laguntzaz lortuko zirela mantentzen zuen. Hirugarren taldea, bi ETAko disidenteak ziren, klandestinitatean eta borroka armatuan zailduak. Laugarren taldea, LAIA EZ ingurutik etorri zen. Urola bailara eta Pasaia/Errenteria eta Tolosaldean burutu zituzten Autonomoek beren lehen ekintzak, klase enpresarialaren kontra zuzenduak nagusiki. Gasteiz, Iruñea eta Arrasate autonomoen plaza sendoak bihurtu ziren, eta Estatuko indar armatuen aurkako ekintza ugari burutu zuten ere. Arrasaten hil zituen Guardia Zibilak lehen militante autonomoak: Jose Mari Iturriotz `Zapa' eta Roberto Aranburu.


'ETA'KO AUTONOMOAK.

1977tik 1979ra bitartean herri xeheak ez zituen autonomoak miliengandik erabat bereizten. Beren estrategiak ezberdinak ziren, ordea. Konstituziotik jalgi zen Gernikako Autonomia onartu zen 1978an; anartean, Herri Batasuna hauteskundeetan lehiatzeko sortua zela. 1979ko urrian, Autonomoek German Gonzalez azgarkilaria hil zuten Urretxun. ETA biek Autonomoekin harremanik ez zutela azaldu zuten eta HBk bere desadostasuna agertu ere publikoki. Erakunde armatuen arteko ezberdintasunak argitu eta areagotuko ziren orduan, harremanak biziki gaiztotzeraino. BVEk 78tik 82ra 32 hilketa burutu zituen. Artean, Jose Miguel Etxeberria `Naparra' 1980ko ekainean desagertu izan zen. ETA eta Komando Autonomoen arteko desadostasun handienak 1984ko otsailean jalgi ziren. Autonomoek PSOEko Enrique Casas hil zuten; ZEN planaren arduradunetakotzat jo zuten. Atentatua hauteskunde autonomikoak burutzeko hiru egun falta zirelarik izan zen. HBko Mahai Nazionalak atentatua kondenatu zuen. Autonomoak ezkutuko hariak mugituak zirela esan zuen HBk. Komando Autonomoak 80ko hamarkadan ahituz joan ziren, baita ETA politiko-militarra ere. ETA militarra izan da berean jarraitu duen talde bakarra

FAMILIA: HOGEI URTE ONDOREN GORPUZKINEN ZAIN
Hogei urte luze iragan dira Jose Miguel Etxeberria "Naparra" errefuxiatua zegoela Lapurdin desagertu zenetik. Gazi ugari eta gozorik gabeko hogei urte Iruñeko Gazteluko Ingurubidean bizi den Etxeberria-Alvarez familiarentzat. Seme eta anai galduaren sofrimenduari bere desagerpenaren inguruan izandako ika-mika guztiak gehitu behar izan zaizkio urteen joan etorrian.
Celes Alvarez eta Patxi Etxeberria dira aita-ama, Camino arreba eta Eneko anaia gaztea. Camino ezik, beste hiru familiakideak ditugu mahaiaren bueltan. Hogei urte iragan dira baina haiek orainaldian hitz egiten dute Jose Migueli buruz. Haren gorpuari buruz ezer ez jakiteak ez die ematen besterako tarterik. Urte asko dira eta gaiaren inguruan jardun duten aldiak kontaezinak, baina samina indarrez ageri da mahaiaren inguruan. Poza ere bai, ordea, hango edo hemengo pasarteak gogoratzean. Harro dira seme eta anaiaz.
1978ko abenduaren hasierako egunetan egin zuen alde Iruñeko etxetik Iparraldera bidean. Aste batzuk geroago, abenduaren 22 eta 23an bildu ziren berriz semearekin Iparraldean. "Berak ordua jartzen zuen eta hara gindoazen gu, ezin ginen gure kabuz joan". Garaiko klandestinitate kontuek ala eskatzen zuen eta etxebarriatarrek ere hala egiten zuten. 79ko martxoan atxilotu egin zutela gogora ekartzen dute familiakideek, "Frantzia uzteko agindua ere jaso zuen orduan". Hiru hilabeteetan ez zuten bere berririk izan. Baina gero gehiagotan ere izan ziren berarekin. Desagertu baino hiru egun lehenago, ekainaren 8an, izan ziren berarekin azkenekoz eta Alegiko lehengusu batzuk ekainaren 10ean izan ziren berarekin. 11n zita bat zuen norbaitekin, baina ez da argi zita horretan izan zen ala ez. "Naparraren" heriotzaren bertsioetara heldu gara eta, mingotsa izan arren, mahai gainean geratu da gaia. "Guk ez dugu zalantzarik, Batallon Vasco-Español izan zen gure semea desagertarazi zuen taldea eta horretarako baliatu zuen Escaleras zator edo zelatari hura. Datu ugari ditugu hala izan zela sinesteko, Jose Miguel pertsona erreferentziala zen, interrogatorio zenbaitetan poliziak Naparrari buruz jakin beharrekoa bazekiela jakinarazi zien zenbait atxiloturi, Efe agentziaren muntaia poliziala (orduko Efeko norbaitek onartu zigun bezala)...". Bere garaian, ETAtik ere, erakunde honek 'Naparra'ren desagerpenean ez zuela zerikusirik jakinarazi izan zaie behin baino gehiagotan familiako kideei.
Seme eta anaia galdu, desagerpenaren inguruko zurrumurru desberdinak, eta gainera nolabaiteko babes falta ere sentitu izan dute ezker abertzaleko erakundeen aldetik. Joxi eta Joxean izan dira beti desagertuak, eta 'Naparra'rena aparte geratu ei da sarritan. "Desagertuei buruz aritzean guk behintzat beti esan dugu bost zirela Joxi eta Joxean gorpuzkinak agertu aurretik eta ondoren hiru: 'Pertur', 'Naparra' eta 'Popo'". Hori bai, zehaztu nahi dute ezker abertzaleko jende askoren laguntza ere izan dutela eta beraien eskerrona ere adierazten diete hauei guztiei.
Hogei urte pasatu dira eta denbora luzea izan arren, desagertuen sendietan dagoen hutsunea ageri da etxe honetan. Begiak amarengana biratzen dira: "Gorpuzkinak behintzat agertu daitezela. Norbaitek jakin behar du non dauden", dio amak baieztatuz baino erregutuz. "Gizatasunik badago, esan diezagutela non dagoen", gaineratzen du aitak.
Etorkizunari buruz zer? Hariren baten esperantzarik ez da falta. Edozein modutan argi dute zer nahi duten: "Bere desagerpena kontuan hartu dadila, ez dadila ahaztu. Ez dugu errukirik nahi baina justizia bai"

IKERKETEN HARITIK TIRAKA
Desagerketaren lehenbiziko salaketa 1980ko ekainaren 17an jarri zuen familiak, 'Naparra' desagertu eta sei egunera, Baionako Epaitegian. Beñat Etxeberri abokatuak bideratu zizkien lehenbiziko urrats haiek. 1982an Frantziako justiziak jakinarazi zien kasua bertan behera geratzen zela datu berririk agertu arte. Eta hala geratu da Frantziako Justiziaren aurrean.
1999ko ekainean, ordea, familiak kereila jarri zuen Espainiako Entzutegi Nazionalean, Iñigo Iruin abokatuaren bitartez. 2000.ean kasuak preskribitzen zuen eta zerbait egin behar zen hau saihesteko. Aurreko urte guztietan familiak ez du jarri nahi izan salaketarik, "bihotzak orainaldian izatea" eskatzen zielako. Horrez gain, inoiz ez dute izan esperantzarik Espainiako justizian, eta horrek ere atzera bota izan ditu preskripzioaren mugara iritsi diren arte. Entzutegi Nazionalak ikerketa agindu zuen baina Polizia espainiarrak ez zuen ia ekarpenik egin, Jon Juaristiren "Sacra Nemesis" liburuan zerbait aipatzen dela eta bertan ETA jotzen dela desagerketaren egiletzat. Jon Juaristiren liburuan, dena den, hipotesi hori aipatzen da baina BVErena ere bai, eta biak jotzen ditu sinesgarritzat.
Goardia Zibilak ere bere txostena bidaltzen du, BVEk bere gain hartu zituen zenbait atentaturen zerrenda eginez
-BVErenak diren beste atentatuetako batzuk hor sartu gabe-. Horrez gain, desagerketaren berri bazuela ere adierazten du, BVEk bere gain hartu zuela, baina Komando Autonomoek erreibindikazio hau zalantzan jarri zutela.
Horrez gain, eta abokatuaren eskariz, beste bi eskaera egin ditu Entzutegi Nazionalak: batetik, "Deia"ri Naparra desagertu zeneko erreibindikazioen inguruko datuak eskatu dizkio; bestetik, Baionako polizia judizialari bere garaian egindako ikerketaren berri ematea.
Oraindik ere hariren baten esperantzan jarraitzen du familiak, GAL kasuen inguruan izan diren espetxeratzeen ondorioz gerra zikinean aritutako norbaitek hari horretatik tira dezakeelakoan

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-23 | Juan Mari Arregi
Hipoteka zergen auzia
Bankuek gobernatzen dute

Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergen inguruan azaroaren 5ean hartzen duen erabakia hartzen duela ere, jadanik ikusi dugu Espainiako Estatuan bankuek gobernatzen dutela, hau da, kapitalak.


2018-10-22 | ARGIA
ELBko lehendakaria eta Barkoxeko laborari bat epaituko dituzte ahate sanoak hiltzen ez uzteagatik

ELBko lehendakari Panpi Sainte-Marie Barkoxeko Ühartia etxaldeko nagusi Cathy Xabalgoiti Pauen epaituko dituzte azaroaren 5ean, hegaztien gripearen aferan etxalde hartako ahatek hiltzera joandako DDPP zerbitzuko funtzionarioei bidea itxi zietelako. Ondoren prefetaren aginduz ahate haiei egindako analisi guztiek erakutsi dute ahateak sano zeudela, baina hala ere Paueko prokuradoreak auzitara iritsi arteko onik ez du izan.


Antton Urrutikoetxea, bihotz 68tar bat

Geroztik Anttonek zenbat ez digu eman ARGIAkooi Estherrekin batera, hainbat etxetan Egutegiari eusten dioten oholetatik hasita askoz diru gehiago balio duten opari eskergaitzetara. Antton, fin eta dotorea, Antiguako bilbotar bikaina, espanturik gabeko euskaltzale zorrotza, ezkertiar makurrarazi ezina eta eskuzabala.


2018-10-22 | Iigo Igartua
Zumaiako Flisch-ak plastikoz beteta

Zumaiako Flysch-ak plastikoz beterik daudela erakusten duen bideoa birala bihurtu da azken orduetan.


2018-10-22 | Zero Zabor
Ikerlan berria Britainia Handian: erraustegiek isuritako karbonoak nola kaltetzen duen klima

UKWIN Britainia Handia Errausketarik Gabe koalizioak zabal du erraustegiek klimaren aldaketan daukaten eraginari buruzko ikerlan berria, zentratua –alde batera utzita ingurumenaren kutsatzea, gizakien osasun kalteak, eta beste eraginak– teknologia horrekin sortutako energiaren karbono balantzean. Emaitzek gezurtatzen dituze errausketaren propagandistek behin eta berriro plazaratzen dituzten kontuak.


2018-10-22 | ARGIA
Ryanair-ek emakume beltz bat tokiz aldarazi du, gizon zuri batek bere ondoan eseri nahi ez zuelako

Eraso arrazista bideoz grabatu zuen bidaiari batek. Hegazkin-konpainiaren jarrerak zalaparta sortu du ikusleen artean.


2018-10-22 | ARGIA
Bi eraso matxista eman dira asteburuan, Barakaldo eta Bilbon

Sexu erasoak izan dira biak. Kasu batean zein bestean, erasoa jasan duen emakumeak salaketa jarri du.


2018-10-22 | Iigo Igartua
Olatu erraldoia Donostian, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Milaka pertsonak babestu du Orain Presoak dinamikak antolaturiko “inoizko manifestazio pluralena”, euskal presoen kartzelaratze auziari konponbidea ematea eskatzeko.


Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude