"Donostian, tamalez, eskubaloirako zaletasunik ez dago, hil egin dute"


2021eko ekainaren 30an

Esan ohi dute klub bateko lehendakariak zenbat eta gutxiago jakin, kasu honetan eskubaloiaz, are eta hobeto dela.

Zenbaiten jarrera ikusita ez nizuke ezetzik esango, baina nik argi eta garbi daukat nire arduren mugak zeintzu diren. Klub honen izena eta izana segurtatzea da nire ardura, baina teknikoen lan eta irizpideak niretzat sakratuak dira.

Zuk ordea, kirol hau alde guztietatik probatu duzu.

Gazte nintzela Bidasoarekin gazte mailatik hasita, urratsez urrats, senior mailako taldera iritsi nintzen. Ohorezko mailara igo nintzen eta denboraldi batzuren bueltan zuzendariekin izaniko ika-mika batzu zirela medio, erabat uztea erabaki nuen, eskubaloi mundutik aldegitea, hain zuzen.

Jokalari gisa urte gogoangarriak pasa genituen; une haietan gurekin batera Salleko Egia eta baita La Salle ere goi mailan geunden eta, orain ez bezala, eskubaloi zaletasuna hedatuagoa zegoen.

Urtebeteko bueltan, berriz, Bidasoara itzuli zinen, baina bulego lanetara.

Kasualitate hutsa izan zen hura. Jose Migel Arana klubeko fundatzaile eta lehendakari zenak kargua utzi eta hauteskundeetan inor azaldu ez zenez, automatikoki eta estatutuen arabera osatu beharreko gestorako kide izatera pasa nintzen, sei zenbakidun bazkidea izanagatik... konturatu gabe. Gestora hura osatu zenetik hogei urte pasa dira jada eta hemen naukazu, Artalekuko zoko-zulo honetan goiz eta arratsaldez.

Zenbat aldiz akordatu naiz San Martzial eskolako praile harekin! Artean eskubaloia zer zen jakin gabe fisikoki jokalari traza egokiak neuzkala iduri eta jokora deitu izan ez balit, auskalo egun non eta zertan nengokeen!

Kontua da laster hogei urte egingo dituzula. Zuk hartu zenuen Bidasoa hark gaurkoarekin zerikusirik ba al zuen?

Ezta ezertxo ere; funtzionamendu aldetik beti seriotasuna ezaugarritzat hartu dugu, baina garai hartan herriko talde xume bat besterik ez ginen; gure aurrekontuak osatzeko herri guztia inplikatzen genuen, baita jokalariak ere; rifa, txartel eta horrelakoekin osatzen genituen. Egun, esate baterako, jokalari bati klubaren buruhauste, penak eta zorrak baretzeko laguntza eske joatea pentsaezina da. Egun profesionalak dira eta, goren mailan jarraitu nahi izanez gero, oraindik eta profesionalago izan beharko dute alde guztietatik; baina jokalariez gain, tekniko eta baita kluba zuzendu eta administratzen ari garen guztiok ere bai.

Urantzu pilotalekuko hormek hitz egingo balute...

Guretzat katedrala zen, baina bisitarientzat, aldiz, jada polikiroldegi itxietan, zolu gozogoetan jokatzen ohituta zuedenentzat sofrikario hutsa.

Ezker pareta eta jendea gainera zetozkien eta baldintza haietan dardarizo batean kantxaratzen ziren. Horrez gain, partidua amaitu ostean aldageletara erretiratzeko, jendeartetik pasa beharra zuten... ia-ia segada bat. Ez arbitroentzat, ezta kanpoko jokalarientzat ez zen batere erosoa Urantzura etortzea. Bakoitzak bere armak erabili behar ditu eta guk kaiola hartan oilo lepaluzeenak koldartzen genituen.
Juantxo Villarreal entrenatzaileak jokatu zueneko pasadizo hartaz akordatzen naiz oraindik.

Ez nau harritzen. 85-86 denboraldia zen; arerioa Teka zen eta irabazi beharra genuen titulurako play-offetan sartu ahal izateko. Neurketa amaitzeko lau minutu falta zirela, Juantxok kontraerasora bakarrik zihoan tekakide bati baloia kendu zion eta han gertatutako istilua ez zaigu erraz ahaztuko, sekula ez baitzen horrelakorik ikusi. Ondorioz, Villarrealek hamabi partidutako zigorra jasan behar izan zuen, baina, gaitzerdi, partidua irabazi eta sailkatzea lortu baikenuen.

Artaleku polikiroldegiari estreinaldi bikaina eman zenioten gero, ordea.

Urteak generamatzan kiroldegia eraiki behar zutela esaten eta bien bitartean Madrildik urteoro mehatxuka, ohorezko mailan Urantzun jokatzen ez zigutela utziko. Debekua nola hala atzeratu eta 86-87an, gora etorri ginen. Ordurako eskubaloi mundu honetan ikasi beharrekoaz jabetuta geunden urteen poderioz.

Elgorriagarekin harreman sendoa genuen, etxeko jokalariak bikainak (Juanin, Salcedo, Zuiga eta Mario Hernandez. Denboraldi hartan Obradovic-ek azken orduan aldegin eta Grubic eta Lakovic ziren gure bi tzerritarrak. Liga hartan Juanin 156 golekin izan zen Ligako jaurtikitzaile onena. Lehendabiziko titulua eskuetan aldegiteko ordua zela iritzi nion eta kargua utzi nuen.

Bitan utzi duzu Bidasoako lehendakaritza eta bietan urtea agortu aurretik itzuli zara. Zer dela eta?

Ez dakit ba zer esan. Agian Bidasoa nere amodioa delako, baina erantzukizun horri ezin izan diot izkin egin. Harrokeriarik gabe zera esango dizut, hemen egunero hutsaren truke lanean gabiltzan koadrilaska bildu izan ez bagenu nekez jardungo ginateke Bidasoaren istorio emankor eta arrakastatsuaz, areago, zer gertatu da Donostian?... Logikoki guretzat baino errazagoa beharko luke talde bat antolatzea, ezta? Zoritxarrez, eskubaloiaren antolakuntza hutsala da eta, ondorioz, kirol honetarako zaletasuna hil egin dute. Gogoan dut duela urte batzuk Kopako azken fasea Donostiara ekarri zutela eta Bartzelona eta Teka bezalako talde handiak egon arren harmailetan lau katu besterik ez geunden. Tamalgarria da, baina egia bere gordinean; Donostian eskubaloirako zaletasunik ez dago, hil egin dute.
Alde horretatik ezin kexatuko zarete Irun aldean.

Ez ezazula pentsa; Urantzun jokatzen genuenean larehun-bat bazkide kopuruan mugitzen ginen, egun mila inguru dauzkagu. Herri txikia gara eta agian alde horretatik askoz gehiago ezingo da familia zabaldu, baina ez dakizu zuk zeinen zaila den edozein enpresa, lantegi, komertzio edo dendara joan eta Bidasoaren bizi-iraupenaren aitzakitan eskupekoak jasotzea.

Garailearen arrimuan gozo, baina tituluen usaina dariola joan beharko, bestela ate asko eta asko ixten dizkizute.

Diru kontutan sartu garenez, hamabost denboraldi hutsik egin gabe zuekin egon ostean, Elgorriagak adio esango dizue denboraldi amaieran.

Urtebete gehiagorako elkarlaguntza sinatuta eduki arren, joan den ekainerako jada euren publizitate irizpide berriak zirela-eta kontratua eten nahi zutela adierazi ziguten. Zer egingo diogu? Esker onez onartu, zapuztuta baina gizalegez, horrenbeste urtean zure sostengua izan denari akordioa inolako istilurik gabe hausten erraztu. Gu betirako txokolatezale izango gara. Azken hamabost denboraldi hauetan aurrekontuen zatirik nagusiena (% 40) urteoro segurtaturik edukitzeak izugarrizko abantailak ematen ditu, bereziki kanpoko merkatuan jokalari arrantzara joan behar duzunean.

Ekonomi arloa bermatuta izateak buruko min asko kentzen dizkizu eta, bide batez, gainerako aferatan buru-belarri murgiltzeko parada.
Zenbatekotan, denboraldi bati tajuz aurre egiteko zein diru kopuru da beharrezkoa?

Zehazki zifra bat esaten hastea ez bide da logikoa. Esate baterako, Europan jokatu ala ez, hortxe dago aurrekontuen gorabeheraren gakoa.

Normalean Bidasoak Europako lehiaketa batean sartzeko emaitzak lortu beharko lituzke (Ligako lehendabiziko laurentzat toki bat izaten da). Kasu horretan ehun eta hirurogei milioi pezeta inguru behar dira itxurazko, itxurazko diot puntan ibiltzeko talde bat osatu nahi baldin bada, behintzat.

Aurrekontuez ari garenez, Bartzelona, esaterako, gugandik atal horretan urrun al dabil?

Urrun samar bai; gutxi gorabehera gure aurrekontuak bikoiztu egingo ditu eta Caja Cantabria ere hor nonbait ibiliko da. Kataluniarren kasuan, futbol taldearen sail bat dira. Futboleko bazkide direnak automatikoki eskubaloikoak ere badira. Gezurra dirudien arren, Palau Blau Granan berebiziko garrantzia duen partiduren baten salbuespena kenduz gero, ikusle gutxi bertaratzen da neurketak ikustera, baina horrek bartzelonarrei bost axola. Ronaldinho eta Barca futbol taldea ondo joanez gero, ez die beste ezerk ardura.

Publizitate irizpide berriak aipatu dituzu Elgorriagak babesa uztearen arrazoitzat; baina besterik ere izango da, ezta?

Ni egun Asobaleko (eskubaloi taldeen batzordea) lehendakariordea naiz. Erakunde horrek kontrolatzen du goitik behera eskubaloi profesionala. Aurten denboraldia hasi aurretik Canal Plusek partiduen eskubideak erosteko egin zuen eskaintza onartu ala ez, bilera hartan, ezezkoaren alde nik bakarrik bozkatu nuen.

Espainiarrak bizkar eman dio kirol honi, eta gaixotasun gehienak, bai ekonomi aldetik eta zer esanik ez zaletasuna eta giroa suspertzeko orduan, hortik datoz. Babesle batek bere hitzarmenaren balioa publizitate denboran neurtzen du, baina publizitateak eragina izan dezan, jendeak begira egon behar du eta nik sarri esan ohi dudanez, Canal + telebista ezkutua da. Zenbatek ikusten dute ostiralero

«Sportmania» telesaioa? Kate honi eskertu behar zaio egiten ari den lana, besteak beste, partiduen errealizazioa izugarri ona delako; futbolarekin bezala sekula ikusi ez ditugun angelu eta ikuspegitik erretransmititzen dituzte partiduak.

Baina berriro ere diotsut, alferrik gabiltza audientziak gora nabarmen egiten ez duten bitartean. Adibide esanguratsu bat: Irunen ba al dakizu zenbat telekodifikatu dagoen, zenbat abonatu? Hirurogeita hamar; eta horietarik batek daki zenbat diren futbolzale edota filmeak ikustea gustuko dutenak. Hitz batean, sekulako azpikeria egin digula telebistak. Hala ere, Zorionez, Canal Plusekin hitzartuta genuen akordioa beste telebista kateetara zabaldu da. Euskal telebistak ere hemendik aurrera, Bidasoa Lagun Aro eta UPV-Barakaldoren partiduak zuzenean eskaintzeko modurik izango du.

Bi liga eta iaz, azkenean, Europako Kopa. Tenore honetan klub honi bere benetako neurriz kanpoko helburuak ez al zaizkio exijituko?
Jendeak ez daki edo, itsutasunak jota, ez du ulertu nahi Bidasoak orain arte lortu duena kasik mirari bat izan dela. Diru kontuak lehen aipatu ditugu eta frogak agerian daude. Azken urteotan atzerritarren fitxaketekin zorte handia izan dugu, baina konturatu orduko eskuetatik kendu egin dizkigute.

Wenta, Kisselev, Jovanovic, Svensson... eraman eta arazoa larriagotzen doa. Oraino eskubaloilari europarrak estatuko ligara etortzeko irrikitan ibili dira eta orain Alemanian sekulako dirutzak eskaintzen ari zaizkie jokalariei.

Beraz, guretzat merkatua, lehen mailako jokalariena hain zuzen, gero eta eskuraezinagoa bilakatu da da. Yugoslabiarrak, suediarrak, sobietarrak eta abar. denak Bundesligatik jaso dezaketen eskaintzen zain daude, noski, eta guk horiekin lehian sartzea ezinezkoa dugu.

Beraz, etorkizuna ilun samar ageri da?

Kontua da jendeak ohartu behar duela besteak biderkatzen ari diren bitartean guk justu-justu, neurriko aurrekontuen barnean segi behar dugula. Bidasoa klub serio bat da eta ez dugu ez zorrik, ezta handinahikeriak eragindako zaflaldirik onartuko.

Geure jarraitzaileek zera ulertu behar dute: denboraldi honetan Bartzelona bezalako talde batek jada Liga Txapelketa poltsikoan izatea arrunt logikoa dela; aitzitik, gu goian egoteak kataluniarren etxean zerbait oker dabilela esan nahiko lukeela.

Ondorioz, denboraldi honetan taldearen ibilerak zure ustez ez dira kritikagarriak?

Zorakeria askotxo entzun ditut dagoeneko. Jarraitzaile bakoitza entrenatzaile bat da eta irabazteak, irabazteak besterik ez die balio. Juantxo Villarrealen gaitasuna kolokan jartzea, esate baterako, niretzat iraina da, eta ezjakitunaren seinale; edota Peru ez dabilela ihazko tamainan, lesio luze batetik atera dela kontuan hartu gabe edo Olalla «pakete bat» dela entzutea...

Ni sarritan sutan jartzen naiz alde askotatik horrenbeste lerdokeria entzun ondoren, baina, tira, guk helburuak argi eta garbi dauzkagu.

Zeintzu dira helburu horiek?

Batetik, Elgorriagak utzitako hutsunea betetzea, babeslerik gabe ez baitago aurrera egiteko modurik. Alde horretatik, guk bidea egina dugu eta nik uste dut datorren urteko martxoa aldera etxe bakarra ez bada, lagunkidetzaren bat lortuko dugula bizpahiru enpresa-etxerekin.

Kirol mailan, titulu bat lortu nahi dugu; Liga joan zaigu eta ondorengo aukera Eguberrietan Asobal Kopan daukagu. Tituluren bat lortu nahi dugu eta, bide batez, Europan sartzea, horixe da gure jomuga momentu honetan.

 

Martin Agirre


Azkenak
Gazako sarraskia arbuiatzen ez duten unibertsitate israeldarrekin harremanak eten ditu NUPek

Gazako krimenak baztertzen ez dituen unibertsitate israeldarrekin harremanak eten eginen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aho batez hartu du erabakia, akordio bidez, eta ez du hartu emanik izanen. Harreman komertzialak eta akademikoak... [+]


Irati Mogollon
"Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu"

Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


2024-05-23 | Gedar
Palestinaren okupazioak eta Espainiako Estatuko finantza-sektoreak duten lotura seinalatu du ikerketa batek

Ikerketa batek Espainiako Estatuko banketxeen eta enpresen 'greenwashing' praktikak azaleratu ditu. Estatu sionistak lur okupatuetan eginiko eguzki-energia parkeen finantziazioan murgilduta dago estatuko finantza-sistema; BBVA eta Kutxabank ere tartean dira.


Palestinako Estatua errekonozituko dutela iragarri dute Espainiako Estatuak, Norvegiak eta Irlandak

Maiatzaren 28an hartuko dute neurria ofizialki. 1967 aurretiko mugak aitortu dizkiote Palestinari, eta bi estatuen konponbidearen alde lerratu dira. Israelek esan du erabakiak terrorismoa saritzen duela.


Eguneraketa berriak daude