«Diskriminazio positiboa behar du emakumeon literaturak»


1994ko abenduaren 25an
Clara Sanchez idazle espainarrari egindako elkarrizketa
«Diskriminazio positiboa behar du emakumeon literaturak»
Clara Sanchez, idazle espainiarra
Bilboko Udalak gonbidatuta, Clara Sanchez Bilbon izan zen joan den astean, eta «El Palacio Dorado» bere azken lana aurkezteaz gain, «Emakumeak eta literatura» gaiaz aritu zitzaigun.
Emakumeek eta gizonezkoek berdin idazten ote dute?
Galdera konplexua da. Idazle gisa emakumeok gutxienak gara nahiz eta irakurle bezala gizonezkoak baino gehiago irakurtzen dugun, batez ere eleberriak. Emakumeoi eta literaturari buruz hitz egitean, egia da ate berria zabaldu dugula, hau da, emakumeok geure gauzez idazten dugu askotan. Hala ere, gero eta gehiago dira gizonezkoak emakumeon gauzez idazten dutenak. Eta historia aztertzen badugu, hainbat adibide aurki ditzakegu: Tolstoiren «Ana Karenina» edo Flauberten «Madame Bovary».
Ez dut uste, emakumeok idazten dugun literaturak eta gizonezkoek idazten dutenak diferentzia handirik dutenik, gizabanako bakoitza desberdina baita eta desberdintasun horren baitan jarrriko nuke gizon edo emakume izatea. Lana indibidualtasunean oinarritzen da, ez sexu banaketan.
Ez dago ezaugarri komunik idazten duzuen emakumeon artean?
Denetatik dago, eta ezaugarri komunik egon daiteke gizonezkoen artean edo gizonezko eta emakumezkoen artean dauden bezala. Badago banaketa bat, emakume talde bat, baina ez nuke esango mugimendu bateratu bat dagoenik, bakoitzak estilo eta teknika desberdinak lantzen baititu.
Ildo honetatik, idazten duzuen literaturak diskriminazio positiboa merezi du?
Zalantzarik gabe. Edozein motako jardunaldik zein topoketak antolatzeari ondo deritzot, emakumeok gutxienak izan arren, idazten gabiltzalako, eta hau sozialki nabarmendu beharreko kontua da. Gainera, jardunaldi hauek ahots literario berrien aurkikuntza ekar dezakete, emakumezkoak zein gizonezkoak izan. Eta egia da, bestetik, literarioki emakumeok gauza asko ditugula kontatzeko eta kontatu behar ditugula. Orain arte ez dugu aukerarik izan, baina gaur egun emakume idazleok korronte literarioen barruan kokatzen gara.
EEBBetan badira idazle feministak, gogor salatzen dutenak emakumeon zeregina egungo gizartean; zer deritzozu honi?
Ezagutzen dut mugimendu hau eta honen aitzindaria, Alice Sheldon. Literatura feminista bat badago mugimendu bezala, eta eleberriak eta zientzia fikzioa egiten dute. Helburu argia dute: emakumeon egoera salatzea. Baina ez dut mugimendu honetako ordezkaririk ezagutzen Espainian.
Zein da gizonezkoen jarrera emakumezkoek idazten duten literaturarekiko?
Publikoki esango nuke ona dela, behintzat idazle gizonezkoen artean. Idazleok beste idazle bat goraipatzeko ahalmena eta ulermena dugulako. Emakumezkook egun idazten dugun literatura kalitate handikoa da eta errealitate hau onartzen ez duena nahiko aldrebesa da. Hala ere, emakumeok beste hainbat arlotan bezala, gizonezkoek manejatzen duten munduetan sartzen ari gara eta hau, beti ere, gogorra da. Exigentzia maila handia dago eta emakume izateak ez du bidea errazten. Emakumeok egin behar dugun esfortzu hau neurri batean ona da, gerora emaitza literarioak oso onak direlako.
Bestetik, gizonezko irakurleei dagokienez, ez daude emakumeok idazten dugun literatura irkaurtzera ohituta. Emakumeok, aldiz, bai, orain arteko bazterketa dela medio. Azken finean, gizonezkoak konbentzitu behar ditugu emakumezkook idazten duguna irakurtzera.
Aipatu didazun honek zer eragin ekar dezake han eta hemengo sari literarioen banaketan, hau da, kontuan izanda epaimahaiko kide gehienak, orokorrean, gizonezkoak direla?
Baditu zenbait ondorio. Emakume idazleok gutxienak garenez, gizonezkoek baino esfortzu handiagoa egin behar izaten dugu sariak eskuratzeko, eta hori nabaritzen da.
MYRIAM GARTZIA
44-45

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakSANCHEZ7
PertsonaiazSANCHEZ7
EgileezGARTZIA3Kultura

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko deia" egin.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude