«Ulertuko nuke jokalariren batek Espainiako selekzioari uko egitea»


2021eko uztailaren 19an
Javier Clemente futbol entrenatzaileari elkarrizketa
«Ulertuko nuke jokalariren batek Espainiako selekzioari uko egitea»
JAVIER CLEMENTE
Goliat menperatu zuen Daviden neurri eta jenioa, Karlos Argiñanori inbidia ez izateko moduko mihi dantzaria, ezerekin lotsatzen ez den plazagizona... ez da erraz toreatzen den zezena Javier Clemente. Ibar Ezkerran hazia, Lezaman hezia, Bartzelonan bizia, mundu txapelketa du azkeneko erronka. Hamaika arerio gainditu beharko ditu lasterketa horretan, eta ez galtza motzekoak soilik.
ARGIA. Egun, dirudienez errazagoa da Espainiako Futbol Federazioan hainbat euskal herritar goi kargutan egotea, euskal selekzio baten aldeko aldarrikapenean jardutea baino.
JAVIER CLEMENTE. Gaztetandik ezagutzen duzun jendearekin lanean jardutea garrantzitsua da. Bai futbolean baita beste edozertan ere, ondo ezagutzen baitituzu. Euskal selekzioa gauza hipotetikoa da. Euskal selekzioak, gaur egun, ez du lekurik mundu mailako futbol egituran. Noizbehinka zerbait egiteko bai, baina ez profesionalki ez nazioarte mailan ez du lekurik. Soilik egitura politikoa izanda da posible selekzioa; nahiz eta Euskadik gero eta eskumen gehiago dituen, ez dakigu etorkizuna nolakoa izan daitekeen. Etorkizuna iritsita, Euskadiko selekzio baten planteamentu erreala egiterik izango da. Gaur egun ametsa da. Agian gure seme-alabek ikusiko dute. Eskura ditudan gauza errealekin amets egiten dut.
A. Zer egingo zenuke hemengo batek Espainiako selekzioari uko egingo balio?
J.C. Ulertuko nuke; bakoitza libre da selekziora joan edo ez erabakitzeko. Baina araudi bat dago eta horren arabera jokalari profesional guztiek selekzio nazionalaren koloreak defenditzeko betebeharra dute. Jendearen ideiak eta sentimentuak errespetagarriak dira, baina hala ere ez dut uste hori gertatuko litzatekeenik. Edozein profesionalentzat gailurra selekzio nazionalean jolastea da, ospe, izen, eta abarrengatik.
A. Euskal selekzioa, baina, ez litzateke ahuntzaren gau erdiko eztula izango.
J.C. Euskal jokalarien kalitate maila alor askotan oso altua da. Teknika onekoak dira eta beraien sasoia ere oso ona da. Bizitzeko modua, laguntasuna, txikitandik oso sustraitua daude hemen. Irabazle sena dugu. Talde ona izango litzateke. baina kanpoan ere jokalari bikainak daude, jende langilea, borrokalaria.
A. Mundu txapelketan huts eginez gero, ez al dute erru guztia hemengoen lepoan jarriko?
J.C. Inoiz ez naiz kritikez kezkatzen, bost axola zaizkit. Txapeldun izanda ere badakit kritikatuko nautela.
A. Hala eta guztiz ere, kritikak eguneroko ogia dira zuretzat. Egia al da eztabaida eta kontraesana gustuko dituzula?
J.C. Ez, gezurra esaten duen jendea ez dut gogoko. Beraz, bi aukera ditut: isilik egon edo erantzun. Niretzat zuzenena erantzutea da, eta hori dela eta sortu dira hainbeste istilu. Isilik lasaiago egoten zara, baina inoiz ez da ezer konpontzen. Azpisuge eta lapurrei aurre egin behar zaie. On Kixoteren erroten aurkako borroka daramat. Garaitezina den gauza baten aurka ari naiz: jende gezurti hori. Galdu arren, borrokan jarraitu nahi dut. Ez da protagonista izateagatik, jendaila guzti horrekin amaitzeko baizik.
A. Barakaldoarra zara, fabrika artean hazia. Hamaika lantegi itxi dira, zure aitaren lantegia izan zen Labe Garaiak besteak beste. Kea bezain beltza al da Ibar Ezkerraren etorkizuna?
J.C. Baikorra naiz, tunelaren amaiera urruti badago ere. Egoera berdina da Alemanian. Haiek gu baino askoz ere indartsuagoak izanik, Espainia nola ez da gaizki egongo? Eta zer esanik ez Euskadi. Gure Jaurlaritzak poliki irtenbideak aurkitu dituelakoan nago, baina ez da gauetik goizera izango, krisia mundu mailakoa baita. Uste dut, jendearen onerako, ekonomilari, politikari eta industri-gizonek irtenbidea aurkituko dutela.
A. Azken inkestek alderdi abertzaleek behera egingo dutela diote. Osasuntsu al dago euskal abertzaletasuna?
J.C. Hobera goaz. Ni abertzalea naiz, abertzalea izatea niretzat hemen bizi den eta hemengoa defenditu nahi duenaren sentimentua da. Hemengo sentimentua izatea, herriaren alde borrokatzea, besteak errespetatuz ahalik eta ongien bizitzea... Hori da niretzat abertzalea izatea. Honek besteekiko eskuzabalak izan behar dugula esan nahi du, ikuspegi zabalez. Garai batean ez bezala, kanpoan ere maite gaituzte. Euskadin bortizkeriarik ez balego, primeran ikusiko gintuzkete. Gaitz latza da hori.
A. Gertu dira hauteskunde autonomikoak. Sozialista izango al da hurrengo lehendakaria?
J.C. Boto kopurua ikusiz gero, lehena EAJ da eta bigarrena PSE-EE. Bigarrena denez, alternatiba ere bada, baina ez dut uste EAJri itzal askorik egingo dionik. Euskadin orokorrean ia beti EAJ izango da buru. Baldin eta egunen batean abertzaleok galtzen badugu, beste indar bat dagoela onartu beharrean egongo gara. EAk, zatiketaren garaian, izugarrizko kaltea egin zion alderdiari. Ez zuten bi aldiz pentsatu, gai kolektiboez baino, gehiago arduratu ziren norberaren interesez.
A. Autonomia, federalismoa ala independentzia?
J.C. Independentzia ez behintzat. Inor ezin daiteke independenteki bizi. Independentzia hitza jenerikoki hartuz gero, «gu bakarrik, gure politika, gure industria...», horrela jokatuz gero, bi hilabeteren buruan goseak hilgo ginateke. Nire ideiak izatea, zer egin nahi dudan... horretan, noski, independentea naiz. Besteekiko herri independentea izatea, berriz, ezinezkoa da.
Bestalde, ez dut federalismoa zer den oso ondo ulertzen. Autonomia, aldiz, guk nahi dugun gisara bizitzeko moduari deritzot, baldin eta besteekin harreman onak baditugu. Bai herrialde mailan, bai aberri edota autonomi mailan, dudarik gabe gure herria gidatzeko bidean goaz. Eusko Jaurlaritza tranferentziak direla eta horretansaiatzen ari da. Etorkizunean agian guztiak izango ditugu; baina ez da gauetik goizerako prozesua.
A. Hori al da dena? Eta politikariak zer?
J.C. Arzalluzi estima handia diot, kritikatuena izan arren. Bere ideiekin bat nator, fede handia dut beragan. Behin baino gehiagotan, esaten duena ez dut ulertzen, baina orokorki oso gustukoa dut: politikaz asko baitaki. Ni EAJkoa naiz. Alderdiarekin ez nator bat % 100, baina bai % 80. Hori dela eta ematen diot botoa.
A. Athleticen zinela Begoñako Ama Birjinari errezatzen zenion. Bartzelonan, agian Montserratekoari. Orain, selekzioa dela eta, Espainiako zaindari den Pilarrekoari errezatuko al diozu?
J.C. Betidanik Begoñakoaren jarraitzailea sutsua izan naiz, niri gutxienez larogei bat mirari egin baitizkit. Irabazi ditudan txapelketetan zer esan handia izan du, eta jakina, garai bateko talde bikain hura sortzen lagundu zidan. Izan ere, ez dakit hoberik sortuko ote den Athleticen berriz ere.
A. Egin ezazu mundu txapelketan Espainiaren aurkari izango direnen gainbegiratua.
J.C. Alemaniarrak munduko txapeldunak ditugu. Batzuetan ez dira ikusgarriegiak, baina ia beti oso zorrotzak dira. Kalitate handiko jokalariak izateaz gain, segurtasun handiko taldea da. Korea berriz zailenetarikoa da, ez kalitate handiagoa duelako, beraien joko mota besteei jokatzen ez uztean oinarritzen delako baizik. Aurrea hartuz gero, erraz kontrolatzeko modukoak dira.
Boliviarrak, azkenik, teknikoki nahiko onak dira, agian erasokortasuna falta zaie. Baina lehengo urtetik hona hobera egin dute. Abantaila dute, batetik gu baino lan handiagoa egin dutelako, eta bestetik Azkargortak oso ondo ezagutzen gaituelako. Espainiako ligaren trabak ez digu behar den bezala lan egiten uzten. Hala ere, sailkatu egingo gara.
A. Nork irabaziko du Espainiako liga txapelketa?
J.C. A Coruñako Deportivok. Ahaltsuei noizbehinka talde apal batek irabaztea futbolarentzat komenigarria da.
A. Osasuna infernu gorritik aterako al da?
J.C. Gorriak eta bi pasatuko dituzte. Promozioa jokatzea garaipena litzateke.
A. Athleticek UEFA poltsikoratuko al du?
J.C. Nahiko nuke. Zaragozak Kopa irabazi izanak egoera erraztu dio.
A. Eta Realak?
J.C. Promozioa ez dute jokatuko. Realak duen taldea asko atsegin zait, etorkizun ederra du.
A. Nola baloratuko zenuke Jupp Heynkes eta John Toshacken lana?
J.C. Ondo dabiltza. Ezberdintasun bat dago, Jupp Heynckes iritsi berria dela eta aldez aurretik eraikitako talde batekin ari dela. Berak ez du ezertxo ere egin. John Toshack, aldiz, taldearen berregituraketan murgildurik dabil. Oso lan ezberdina.
A. Athleticetik «El Correo Español»ek bota omen zituen. Espanyol-etik, berriz, Bartzelonako «Mundo deportivo»k. Nork kaleratuko zaitu selekziotik?
J.C. Prentsari ez diot beldurrik. Ahalegindu bat baino gehiago ahaleginduko da, bainan azkenean emaitzek kaleratuko naute.
A. Nola aztertuko zenuke J.Julian Lertxundi Athleticeko lehendakariaren lana?
J.C. Gauza on eta ez hain onak egin ditu. Ez daukat argi. Atleticen egon nintzen azken urtetan, nik behintzat, gaizki jardun nuen, inoiz baino okerrago. Baina ez nuke Lertxundiren lana baloratzen jakingo. Ez dakit gestio ekonomikoa gaizki edo ondo egin ote duen, edo krisiaren ondorioa den oraingo zuloa.
A. Hiru hautagai dira Athleticen lehendakaritzarako: J. J. Lertxundi, J.M. Arrate eta J. M. Gorordo. Noren alde emango duzu botoa?
J.C. Itxoin egingo dut. Baina kontuan hartzekoa izango da Daniren partehartzea. Bera J.M. Arrateren zerrendan dago, eta ni bere ideia askorekin bat nator.
A. Noiz ikusiko dugu berriz gabarra Nerbioian behera?
J.C. Real Madrid eta Bartzelonak duten ahalmen ekonomikoarekin... Lantzean behin aukera izatearekin konfomatzen naiz. Aldaketa pare bat eginez gero, talde polita egon badago.
Jon Odriozola
34-38

GaiezKirolaFutbolaEntrenatzai
GaiezKirolaFutbolaTaldeakBesteak
PertsonaiazCLEMENTE1
EgileezODRIOZOLA3Kirola

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Euskal Herriak ofizialtasuna lortu du Ardi Moztaileen Munduko Txapelketarako

Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.


2024-08-26 | Jon Torner Zabala
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]


Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diote 50 pilotarik

Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.


Espainiako selekzioetan parte hartu ala ez erabaki ahal izango dute kirolariek

Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


2022-11-03 | ARGIA
Espainiako selekzioaren deialdiei uko egiten dieten kirolari eta klubak zigortuko ditu Kirol Lege berriak

Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]


2022-10-14 | ARGIA
Euskal pilota selekzioa ofiziala izan dadila eskatu dute, Munduko Txapelketaren atarian

Hilaren bukaeran jokatuko da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa, baina euskal pilotariek ezingo dute haiek nahiko luketen taldearekin lehiatu. Ekintzak eskatu dizkiete instituzio, eragile eta alderdi politikoei.


“Garai bateko ilusioa galdu da eta denon artean konponbidea topatu behar dugu”

Grabatutako mezu baten bidez erantzun digu Athleticeko atzelaria den Mikel Balentziagak (Zumarraga, 1988). Klubari dagokionez zein kirolari gisa une goxoak bizi dituen arren, ez ditu izkutatzen Euskal Selekzioaren egoerak sortzen dizkion kezkak. Iraganean egindako akatsak... [+]


2021-10-21 | Jon Torner Zabala
Euskadiko Federazioak dio selekzioaren inguruko erabakia UEFA eta FIFAren kongresuek hartu beharko luketela

Pasa den uztailean, UEFAk jakinarazi zuen ez zuela Euskadiko Federazioa kide gisa onartuko, inor gutxi harritu zuen erabakia. Afiliazio-eskaera, baina, bi erakundeotako batzorde exekutiboek ukatu zuten, horretarako "eskumenik" ez dutenean, Euskadiko Futbol... [+]


Eguneraketa berriak daude