«Gaurko eskaintza bere horretan utzita euskalduntzearenak egin du»


1994ko otsailaren 06an
Erramun Osa AEKko arduradunari elkarrizketa
«Gaurko eskaintza bere horretan utzita euskalduntzearenak egin du»
ERRAMUN OSA
Euskalduntze alfabetatzea hitzetik hortzera dabil hilabeteotan: zentro libreak dirurik gabe, HABEko euskaltegi pilotuak ixteko zorian... Egoerari errepasoa emateko Erramun Osa Bizkaiko AEK-ko arduradunarekin aritu gara. Berrantolatu beharraz mintzatu zaigu, herri ekimenak eta instituzioak hari berera ekartzearen premiaz. Gauzak dauden bezala denbora galtzen ari garela uste du, eta kaltetu nagusia euskara dela.
ARGIA. Zentro libreak laguntzarik gabe utzi dituztela eta, HABEtik aipatzen da arazoa ez dagoela HABE eta AEKren artean, HABE eta AEK-ko zentro libreen artean baizik. Horrela ulertzen al duzu?
ERRAMUN OSA. Urte mordoa daramat AEKn, eta ez dut ezagutzen azken sei hilabete hauetan hainbat jipoi eman digutenik. Ekainaren bukaera aldera etorri zitzaigun lehen abisua, ebazpen baten bitartez non zentro libreak Irale programatik kanpo utzi baitziren. Martin Etxeberriak deitu zigun jarraian, zentro libreak laguntzarik gabe utziko zituztela esateko. Homologatuekin etorri zen arazoa gero, iraila aldera, hainbat baldintza ezarri nahian aritu baitziren. Ez da izan, beraz, euskaltegi libreekin soilik gertatu den arazoa. Hain zuzen ere, duela gutxi hainbat zentro librek HABEk homologatu ditzan _baldintzak betetzen dituztelako_ egindako eskaerei ez zaie erantzunik eman.
Eta guzti honen aurrean zer alternatiba eskaintzen du? Ez daude prest dirulaguntzarik gabe utzi dituzten ikasle guzti horiek udal euskaltegietan jasotzeko, 2.200 milioitik gora pezetako emaitza izango lukeelako erabakiak. Bestalde, 100 milioi pezeta ez dizkigute eman nahi. Elkarrizketarik ere ez dute nahi.
Arazoa, argi eta garbi, AEKrekiko jarrera da. Orain arte joera ahalik eta bitarteko gutxien eskaintzea izan da, egiten dugun lana ahalik eta gogorren baldintzatzea. Azken erabakiak are baldintzatuko du AEKren jarduera. Baina ez da euskaltegi bakarra ere itxiko; alderantziz, berriak irekitzen ari gara, Bergaran joan den astean, eta laster batean Ondarroan. Metodo berria ere aurkeztekotan gara.
A. Erru guztia Joseba Arregiri leporatu diozue, euskal kulturaren etsai handienetarikoa dela esanez.
E.O. Joseba Arregik kultura alorrean eta hizkuntz politikarenean eman duen jokaera okerra izan da, euskal kulturgintzari begiratzea besterik ez dago: argitaletxeak, zinemagileak, antzerkigileak, musikagileak... ez dakit nor egon daitekeen berak ordezkatzen duen politikarekin bat.
Faltan sumatzen diot berak besteekiko aldarrikatzen duena: tolerantzia, errealitatearekiko errespetoa, elkarrizketen beharra... hots, euskalduntzean inondik ere ikusten ez ditugunak.
A. EAJren baitan eta beste alderdietan erreakzio kontrajarriak azaleratu dira auziaren aurrean. Zer adierazten dute?
E.O. Arregiren jokaerak asko baldintzatu du alderdi ezberdinena. PSE-EErekin elkarrizketatu izan garenean, Kultura sailburuak daraman politikarekin ez datozela bat adierazi izan zaigu. EAJn ere, batzuek ikusten dute nora goazen, eta euskalgintzan aurrera egingo badugu funtsezkoa dela elkarlanerako baldintzak sortzea, ez dagoela aurkakotasunik, posible dela helburuetan hainbat gauzatan ados ez egotea eta desadostasunean ere akordio puntuak lotzea, eta horietatik abiatuta lorpenak erdiestea. Horretarako behar beharrezkoa dugu komunikazioa eta elkarrizketa.
A. HABEren zentro pilotuak ixtera doazela haizatu da. Zeri erantzun diezaioke erabakiak eta zertan alda ditzake euskalduntze-alfabetatzearen egiturak?
E.O. Arazoak leku guztietan daude, zentro pilotuetan, homologatuetan, udal euskaltegietan eta libreetan. Azken batean, helduen euskalduntze-alfabetatze munduaren egituratzean dago arazoa. Bestelako oinarri batzuk finkatzen ez diren bitartean, arazoak bat bestearen atzetik etorriko dira. Aurki udal euskaltegi batzuk itxi egingo dituzte; beste batzuk hor daude...
Beste erreflesio bat ere egin daiteke: orain arte Joseba Arregik eman duen aitzakia dirurik ez daukala izan da, eta horregatik ez dituela libreak jaso. Euskaltegi pilotuak ixten badira diru baliabide batzuk esku artean izango ditu. Orain da garaia ikusteko ea benetan arrazoia edo aitzakia zen diru baliabideena.
A. Haatik, eta HABESEA legearen hamar urte bete direnean, egituratze aldetik urrats nagusiak ekarri dituela azpimarratu izan da, euskararen ikas prozesua finkaturik dagoela eta irakaslea profesionalizatzea lortu dela.
E.O. Emaitzak zertan dira? Ez omen dago azterketarik eginda, diotenez. Zertan oinarritzen dira, beraz, pauso horiek eman direla esateko? Ez dut uste egituratu denik euskalduntze-alfabetatzea, hain zuzen ere inoiz baino desegituratuagoak gaude. Sarea bera berrantolatu behar da, helburu berriztatuei begira, orain artean dekretu bidez egin denak sakon-sakoneko arazoak ez ditu konpondu eta.
Eskaintza publikoa ez da kalitatean oinarritzen, ezta profesionaltasunean ere, beste aukerak egiten dituztenekiko diskriminazioan baino. Eskaintza bat diskriminazioan oinarritzen denean eta ez kalitatean, eta baliabiderik gutxien duen eskaintzak, urtero, ikasle gehiago biltzen baditu, euskaltegi gehiago irekitzeko gauza bada, zerbaitek huts egiten du.
A. Emaitzek?
E.O. Hemen gutxietsi izan da euskaltegi libreek egiten duten lana. Hauek 42 pezeta jasotzen zituzten ikasle eta orduko. Euskaltegi publikoek berriz, 500 pezeta. Aldea beraz, hamar/bat baino handiagokoa. Datuek ordea, ez dute inondik ere erakusten proportzio hori ateratzen diren euskaldunetan ematen denik. Orain arte egindako ikerketek diotenez, euskaldun gehiago euskaltegi libreetatik atera dira.
EGA titulua errazen euskaltegi libreetako ikasleek lortu dute. Indarrean dauden oinarriak, beraz, ez dira baliagarriak.
A. Oinarriak aldatu beharraz ari zara. Non kokatuko zenuke aldaketa?
E.O. Helburua bada gutxi batzuentzat eskolak antolatzea, ez bada gizartea benetan euskalduntzea, pertsona helduei erantzutea, jai dugu. Itzelezko desorekak daude helduen euskalduntze-alfabetatzean eta haurren munduan erabiltzen diren baliabideen artean, eta beste ataletan.
Euskararen legeak hamar urte bete ditu. Datu orokorrei begiratuz gero, honenbeste euskaldun gehiago dagoela aipatzen da. Baina, 1981. urtean zer mugimendu eta ilusio zegoen begiratzen badugu, eta nolakoa dagoen gaur egunean, konturatuko gara 1981-86 tartean askoz ere euskaldun gehiago atera genituela 1986-91ean baino. Teorian B eta D ereduen ugaltzea ostean etorri da, baina euskalduntze-alfabetatzea indartsuen zegoen garaian, herri ekimena indartsuen zegoen garaian, eman zen hazkunde handiena, eta ez bitarteko gehien egon denean.
Euskara berreskuratzera zuzendutako politika ezin da soilik sostengatu haurren euskalduntzean, eta hori behin eta berriz errepikatu izan dugu. Funtsezkoa da helduen euskalduntze-alfabetatzea, eta oso zaila da aurrera egitea, gizartea moldatzen ari garen pertsona helduok frantseseraz edo gazteleraz mintzatzen bagara.
Datozen urteetan erabakiorra izango da helduen euskalduntze-alfabetatzea, euskararen berreskurapenean aurrerapausoak emateko.
A. Aurkakotasunean eta sakabanaketan oinarrituriko euskalduntze-alfabetatzearen egunerako lana aldatzeko baldintzarik ikusten al duzu?
E.O. Hemen euskaltegi pilotuak, hitzarmenpekoak, udal euskaltegiak, homogatuak, libreak... daude, baina helburua da arazoa, hau da, euskalduntze-alfabetatzeak zer funtzio betetzen duen hizkuntzaren berreskurapenean; erabakiorra da edo ez? Orain arte bigarren mailako garrantzia eman zaio eta ordezkari politiko batzuek, tamalez, belaunaldi galduak direla, hauekin ez dela kontatu behar eta ahaleginak beste lekuetan jarri behar direla esa izan dituzte. Hori oker ikaragarria da.
Inertziazko harlauza gainditu behar dugu lehenik, hots, instituzio eta herri ekimenen arteko aurkakotasunarena, eta berdin herri ekimena osatzen dugunon artekoa. Gero, garbi dago legeria ez daitekeela oztopo bat izan, egoeraren dinamizatzeko tresna baino. Orain arte, euskalduntze-alfabetatzean legeria aitzakiatzat erabili izan da etengabe proiektu oso interesanteak galgatzeko, lan munduan, transmisioan eta alfabetatzean adibidez. Alfabetatzea oinarrian berpentsatu behar da. Garbi dago bestalde, euskaraz bizitzeko gai ez den olde berria datorrela hezkuntza araututik...
Ez dut pentsatzen helduen euskalduntze-alfabetatzeak etorkizunik duenik gaur eguneko eskaintza bere horretan mantenduz. Proiektu berezituak bultzatu behar ditugu, koantitatiboki eta koalitatiboki garrantzitsuak izango direnak, hau da, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera lotuko dituztenak. Horretarako herri erakunde eta instituzioen artean adostasunetara iristeko nahiak behar du egon, eta lan banaketa egitea.
A. Adostasunera iristeko saioetan Ipar Euskal Herrian aldeko haizeak dituzuela adierazi duzue. EAEn eta Nafarroan murrizketak gordindu dira, baino.
E.O. Espektatibek zer emango duten ikusteke gaude. Bayrouk hainbat gauza esan ditu, baina iaz ez zen ezer ikusi. Aferak aurrera egin dezan euskara aitortu behar da, eta norabide horretan, legeriaren aldetik euskarriak erdietsi behar ditu euskarak bere garapena ahalbidera dezan. Hori ezean gainerakoak adabakiak izango dira.
Datu batzuk bitxiak dira: mugaz bi aldeetako lankidetzarako proietua aurkeztean pentsatzen genuen oztopo gehienak Akitaniatik etorriko zirela. Baina praktikan alderantziz izan da: Eusko Jaurlaritzatik etorri da ezetza. Guk aurrera jarraituko dugu, ahalik eta jende gehien inplikatuz. Izan ere, iaz lehenengo euskaltegia ireki genuen Baionan, eta urrats handia izan zen. Bide horretan, eta oztopo handiena den onarpenari buruz lan eginez, hitzarmena sinatzera joko dugu.
Nafarroan kontua ez dator bakarrik Vascuencearen Legearen aldetik, borondate ezagatik ere, gehien bat hor dago arazoa. Euskalduntze-alfabatzearen arautzen duen dekretua dago, eta egoera dinamizatzeko tresna izan beharrean egoera horren aurrean hesi bat da. Dekretua aldatzeari begira ari gara, eta horretan IKArekin batera lan egingo dugu.
J.J. Petrikorena
34-38

GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKBesteak
PertsonaiazOSA3
EgileezPETRIKOREN1Hizkuntza

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude