«Gaur egun oso atzetik jokatzen dugu, horrela ez dago miraririk egiterik»


1993ko uztailaren 18an
Julian Retegi pilotariari elkarrizketa
«Gaur egun oso atzetik jokatzen dugu, horrela ez dago miraririk egiterik»
JULIAN RETEGI
Buruz buruko txapelketan bere hamaikagarren txapela eskuratu berria, San Fermin giroan harrapatu genuen Julian Retegi Iruñeko Labrit pilotalekuan. Oraindik zapi gorria lepoan jartzeke, fraka eta alkandora txuriak etxean, erasundarrarentzat benetako festa egun pare bat lehenago hasi zen, Galarzari zorioneko hogeita bigarren tantoa egin zionean. Hizketa atseginekoa, esku sendotako zezen hau frontoietan gobernatuko duena ikusteko gaude oraindik. Berak, behinik-behin, ez du burua jaisteko asmorik. Ez horixe!
ARGIA. Txapelik gabeko bi urte, antza, gehiegitxo ziren Retegirentzat. Aurreko bi urteetan finala galdu ondoren, pentsatu al zenuen sekula txapela berriz jantziko ez zenuenik?
JULIAN RETEGI. Bi urte asko direla? Gehiago ere izango ote ziren espero nuen nik, nahiz eta esperantza txiki bat banuen beste txapel bat ateratzeko. Beldur horrekin nebilen, urteak aurrera doaz, eta aprobetxatu beharra zegoen. Aurten hala gertatu da, zorte pixka batekin, txapela etorri egin da berriz.
A. Finalean dirua Galarzaren alde atera zen. Ez zaude horrelakoetara ohiturik. Zure jokoan eraginik izan al zuen?
J.R. Aurten, gainera, dirua inoiz baino nire kontrago atera da, Galarzaren alde mila bostehuni kantatzeraino. Baina nik ez diot batere garrantzirik ematen horri. Dirua zure kontra ateratzen denean, jendeak ez duela zuregatik zentimorik ematen ikusita, gehiago ahalegintzen zara; oraindik hor zaudela erakutsi nahi izaten duzu.
A. Galarzari kontrakoa gertatuko zitzaion, askok irabazle segurutzat jotzen baitzuten.
J.R. Galarzak nahiko arazo bazituen. Bi urte zeramatzan txapeldun, eta dagoeneko normaltzat jotzen zen bera berriz txapeldun izatea. Neurri hori oso arriskutsua izaten da guretzat. Konfiantza hartzen duzu eta jendeak ez dizu estimatzen titulu hori. Horregatik Galarza ni baino okerrago zegoela uste dut, nahiz irabazi, jendeak ez baitzion titulu hori estimatuko.
A. Asko izan dira, hala ere, finala galdu arren Galarza egun zu baino pilotari handiagoa dela esanez jardun dutenak.
J.R. Nik ez dut uste gehiago denik. Esango nuke ez dagoela alde handiegirik bien artean, alde handiak joan zirela. Ni, nire adinean, goian nago oraindik, Galarzaren parean beharbada, baina txapela nik irabazi dut. Horrek ez du esan nahi ni hura baino hobea naizenik. Bien artean ia alderik ez dagoela argi daukat.
A. Aurtengo buruz buruko txapelketan, berriz ere, nafarrak nagusitu zarete nabarmen. Bueltarik gabea al da nafar pilotarien egungo nagusitasuna?
J.R. Nafarrak aspaldi kirol guztietan hor ari dira, baina bolada kontua izaten da hori. Gaur egun, nola harrijasotzen, aizkoran, edo pilotan, denak ari dira onak ateratzen. Gipuzkoa eta Bizkaiko herrietan ateratzen ari dira pilotari politak, baina ez dira hemengoak adina. Baina horrek ez du ezer esan nahi, orain bolada ona nafarrei egokitu zaie, besterik gabe.
A. Hogeita hemezortzi urte dituzu, eskuina ez omen duzu garai batekoa. Sasoian galdutakoa, zakur zaharra izanda ordezkatzen al da?
J.R. Zakur zaharrak asko daki, baina zakur zaharra sasoirik onenean dagoena izaten da. Nik alde horretatik zorte handia izan dut. Zahartzen zarenean, nahiz burutasun handia geratzen den, gatz pixka bat galtzen duzu, eta burutasuna ez da aski, sasoia behar du. Sasoia geratzen ez bada, buruarekin ez dago partidurik irabazterik.
A. Zenbat urte eta zenbat txapel geratzen zaizkio, baina, Julian Retegiri?
J.R. Nik argi daukat hauek nire azken urteak direla, beste bi, hiru, lau urtez aritu naiteke, baina. Zenbat txapel jantziko ditudan zail da esaten. Hamaikagarrena iritsi da. Halamau urte daramatzat urtero finalean. Nik uste dut gauza handia dela hamazazpi txapelketa jokatu eta hamalau finaletan sartzea. Hortik aurrera poliki joan behar da. Heldu den urtean finala jokatzen baldin badut, zenbaki oso polita lortuko nuke. Banaka atera behar dira.
A. Gazteak martxa bizkorrean datoz. Eugi eta Beloki omen dira etorkizuneko txapeldunak. Nola ikusten dituzu? Itzalik egingo dien pilotariren bat ba al dago?
J.R. Nola Eugi hala Beloki indartsu datoz. Azken urte hauetan, poliki-poliki, asko hobetzen ari den beste bat Errasti da. Hori oso garrantzitsua da, poliki ikasitakoa ongi ikasitakoa izaten delako. Eta sufrimenduz ikasten ari den pilotariak badaki zer den hori. Errastik urte pare batean finala jokatzeko aukera izan dezakeela uste dut. Beloki pilotakadaz oso bizkor dago, eta kantxan oso lasaia da, baina orain arte sen handiagoa ikusi diot Eugiri. Galarza ere gaztea dago oraindik, baina, noski, gogoa behar du. Arretxe ere hor ibiliko da.
A. Datorren urtean, bestalde, txapelketa sistema aldatu egingo dela dirudi. Pilotariak taldeka banatzea aipatu da, sailkaturiko lehenak final aurrekoetara sartuko liratekeela. Zer deritzozu?
J.R. Hurrengo urtean egokiera edukiz gero partidu bakarrera finala jokatzeko, berriz ere aukera izango nuke txapela eskuratzeko. Hori hala da. Ni pilotan hasi nintzenean, baina, pilotariak bi edo hiru taldeetan banatzen ziren, eta lehena geratzen zena final aurrekoetan sartzen zen. 1980. urtean, lehen txapela irabazi nuenean, halaxe izan zen. Nire ustez kanporaketa sistema onena horixe litzateke. Horretarako, noski, pilotari talde handiak egon behar du.
A. Pilotarien arteko liga sistema ere aipatu da. Lehenbizi kanporaketak, ondoren liga eta final aurrekoak, eta finala azkenik.
J.R. Niri oso sistema arriskutsua iruditzen zait hori. Alde batetik, pilotari batek baino gehiagok lesioren bat izanez gero, luzeegi joango litzateke. Horrelakoetan, bestalde, puntuak tartean direnez, gerta daiteke pilotari bati partiduren bat galtzea interesatzea, gero bere gustuko kontrarioaren aurka jokatzeagatik. Kirolari begira, oso gauza itsusia izango litzateke hori.
A. Martin Ezkurrak orain dela gutxi esandakoa da gaur egungo materiala oso txarra dela, ia alferrikakoa izaten dela pilotak frogatzea. Bat al zatoz berarekin?
J.R. Pilota asko aldatu da azken urteotan, pilota oso bizia jarri da, eta bote harroa egiten duena gainera. Hori ez da sistema ona, eta pixkanaka aldatuko dela iruditzen zait. Gaur egun pilotari guztiak oso atzetik jokatzen ari gara, sei eta zazpigarren koadrotik, eta handik ez dago miraririk egiterik. Egungo materiala aurrelarien kalterako da, aurrelariak pilotakada motzagoa baitu, eta bere taktikak sake eta dejadetan bilatzen baititu. Denekin jokatu beharra dago, eta alde horretatik ez dago kexatzerik. Baina gauza ona izango litzateke materiala pixka bat moteltzea eta pilota oso indartsuak jartzea. Indartsuak baina bote handi gabekoak.
A. Orain urte batzuk izandako beherakadaren ondoren, pilota denon ahotan dago berriro ere. Itxurazko loratzea al da?
J.R. Zaletasun handia jarri da gaur egun. Baina orain zazpi urte gu ere hor ginen, eta 30-32 urte ingurukoak izan arren, pilotari handiak ginen denak. Orduan, dena den, ez zen pilota gaur egun adina sustatzen. Orain hiru lau bat urte pilotari berriak ateratzen hasi ziren: Unanue hasi zen, Zezeaga asko hobetu zen... eta gero Beloki eta Errasti etorri ziren. Nik ez dut esango pilotari hobeak edo txarragoak direnik, berrikuntza dela baizik. Jendeak aurpegi berriak nahi ditu, hautsiko dutenak, eta hor mugimendu handia sortu da. Telebistak ere egundoko eragina izan du.
A. Asegarce ere elementu dinamizatzailetzat jo da.
J.R. Asegarcek asko bultzatu du, eta bere ekarpen nagusia beste planifikazio era bat ekarri duela izan da. Lehen ideia zaharrak hor zeuden, baina ez ziren gauzatzen. Asegarcen irudiarekin lan asko egiteko planifikazioa dago, publizitate eta telebistarekin hor dabiltza bueltaka esate baterako. Asegarcek asko mugitu du pilota mundua.
A. Asegarcera joan behar zenuela eta ez zenuela, nahikoa saltsa izan da azken asteotan. Azkenean Asegarcera zoaz.
J.R. Asegarcerekin lehendabiziko harremanak orain urtebete izan nituen, Iñaki Aseginolaza zenarekin. Asegarcekoek denbora asko zeramaten ni fitxatu nahian. Nengoen enpresan gustura nengoen, eta han segitzeko asmoa nuela esaten nien beti. Baina lehengo enpresan egonda ere gertutik, jarraitzen nuen Asegarceren ibilera.
A. Zure anaia Asegarcera eraman nahi zenuela aipatu izan da, bi urtetan 54 milioi pezeta ordaindu behar dizkizutela ere bai. Guzti honetatik zer da egia?
J.R. Ezer ere ez. Egunkariek egia ez diren asko esaten dituzte, eta nik ez dut hori onartzen. Baina ni ez naiz joko horretan sartuko.
Gero jendea irudipen horrekin geratzen da, isildu egiten garelako horiek egiak izango direla.
A. Asegarce sortu zenean lehengo enpresen monopolioa hautsi nahi zela aipatu zen. Gaur egun, ordea, pilotari entzutetsuenak bertan dituzte.
J.R. Monopolio hitz horrek zer esan nahi duen jakin nahi nuke. Lehen enpresek ideia batzuk zituzten, eta beharbada monopolioa izango zen partidu berak botatzea. Publizitate eta telebistarekin lan handiagoa egin beharra zegoen, berdin zion monopolioa izan ala ez. Orain Asegarcek talderik onena hartu du, baina ez du monopolioa izan beharrik.
Alberto Irazu
34-38

GaiezKirolaPilotaPilotariak
PertsonaiazRETEGI3
EgileezIRAZU1Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude