"Jipoituko gaituzte, sakabatuko gaituzte baina presoak ez gara salduko"


1989ko uztailaren 23an
Juan Carlos Ioldi euskal presoari elkarrizketa.

Juan Karlos Ioldi, Badajoz-ko espetxeko isolamendutik
"Jipoituko gaituzte, sakabatuko gaituzte baina presoak ez gara salduko"
Estatu espainiarrean zehar barreiaturik dauden euskal preso politikoen espetxetzearen egoeraren berri emateko edozein espetxetako edozein presok erantzun balezake ere, Juan Karlos Ioldi ataundarrari zuzendu dizkiogu galderak. Herri Batasunak lehendakarigai aurkeztu ondoren kondenatu eta egun, kolektibo osoa bezalexe, borrokari lotua egoteagatik Badajoz-ko isolamendu zeldatik erantzun digu.
ARGIA.–Azken bi urteotan erasotzat hartzen dituzuen bainbat gertakari suertatu da: Ajuria-eneako hitzarmena, martxoak 18ko manifestaldia, prentsaren informazioa partziala... Zeri erantzuten diote neurri horiek?
Juan Karlos Ioldi.–Etsaiaren asmoa, NAEM eta batez ere, bere Abanguardia Militarra ahalik eta gehien ahultzea litzateke, damuketara edota Negoziaketaren 'suzedaneo' batera bultzatu araziz. Hemen etsaiak protagonismo edo garrantzi handia ematen dio gure kolektiboari.
Bestalde, Ajuria-eneako hitzarmen honen ondorioz, PSOE erabat babesturik dago edozein motatako errepresio aurrera eraman ahal izateko.
Hitzarmenak ere badu beste irakurketa bat; boterearen asmoa, NAEM suntsitzea eta baita ere, euskaldun artean enfrentamendu zibila bilatzearena. Zertarako? Batez ere, gure bidetik desbideratzeko eta Negoziazio politikorik ez emateko. Honetan errespontsabilitate handia dute alderdi euskaldunek.
Hemen ere kokatu behar dugu prentsa eta irratiaren erasoak (nire ustez, beste botere faktiko oso garrantzitsu bat...) guztiz kutsatutako albisteak, errealitatea estali nahian, beti beti boterearen diskurtsotik abiatuz... Hauek errespontsabilitate handia izan dutela gure egoeraz hitzegiterakoan, gogorrak, bigunak, pribilejioak...
Beraz, pentsatzen dut, sekula baino zuzenago goazela gure bidetik, nola ulertu bestela, denek gure aurka jotzea? Neurri guzti hauek ere porrot egingo dutela zalantzarik ez dut, Herri zahar hau askatasunaren egarria asetzeko neurri horien gainetik pasako da, egunen batean askatasun osoa lortu arte.
A.–Aljeriako mahaia zapuzteak izan al du zerikusirik zuen egoera aldaketarekin?
J.K.I.–Nik uste Aljeriako mahaia zapuzteak eta Mugicaren neurri berriak erabat lotuak daudela, errealitateak erakusten digun bezalaxe.
Denok dakigu zein eragina daukan elkarrizketa prozesuak eta Negoziazioak, bai kalean eta bereziki hemen barnean. PSOE behartua eseri bazen gu denok bortizki, berriro, erasotzeko asmoz, emaitza onak lortuko zituelakoan, guztiz oker dabil. Euskal presoak konsziente ginen, eta historikoki demostratua dago, prozesu iraultzaile guztietan hausturak eta konponketak gertatzen direla azkenean Negoziazio politiko batera iristeko, eta gurea ez da salbuespen bat izango.
Hemen aipatu beharra dago gure erakundearen portaera tinko eta garbia, Herriarekiko kredibilitatea gehituz. Ezin dut salatu gabe utzi hainbat deklarazio, 'a la baja' negoziatzera gindoazela... e.a. Hemen gauza bat argi dago, bost puntu direla, eta horiek lortuko ditugula, edo jarraituko dugula borroka bizian.
Aljeriako hausturarekin jarraituz, esan behar helburuak espektatiba faltsuak sortu araztea baziren, gero hemen barruko gure egoera suntsitze arren, esan beharra daukat orain ere, beti bezala, etsaia tronpatu egin dela, zeren barnean gauden Euskal presoak, garbi daukagu gure irteera Negoziazio politikoaren ondotik izango dela, eta gure interesak Herriaren interesak direla, eta inolaz ere pertsonalak.
A.–Mugica Herzog justizia ministrari espainiarrak sakabanaketari ekin dio gogor. Zeintzu dira zuen ustez, helburu zehatzak?
J.K.I.–Normalean modulo desberdinetako 5 edo 6 lagun eramaten gaituzte. Sakabanaketaren lehen helburua gure kolektiboaren haustura sortzea izango litzateke, preso sozialekin nahasten gaituzten neurrian preso politikoaren izena nolabait hautsi nahian. Baina hemen ere nolabaiteko kontraesanak dituzte, esate baterako, espetxe honetan preso sozialak gurekin hitzegiten ari direla ikusten badute kristolako bronkak jasaten dituzte. Hau zergatik? Esperientziagatik badakitelako neurri hau beraien kontra bueltatu daitekeela, zeren Euskal presoak, orokorrean, nolabaiteko errespetoa sortzen diegu, batez ere espetxea eramateko dinamikarengatik.
Etsaiak sakabanaketari mila helburu bilatzen dio. Orain arte, Herrera bezalako esperientzia porrot egin duela ikusi dute. Gure arteko lotura ezin izan dute hautsi, beraz, sakabanaketari ekin diote, talde txikiak eta normalean modulo ezberdinetako lagunekin. Guzti hau, helburu garbi batekin, gure artean arazo pertsonalak sortarazteko, baita ere talde txikiak izanik, intseguritatea areagotzeko, beraz espetxean kartzeleroen eskuetan bagaude, honelako egoeretan are gehiago. Beste helburu bat izango litzateke gure koordinaketa apurtzea, abokatuen babesa mugatzea...
A.–Sakabanaketa zuen kontra burutzen ari bada, senideek ere pairatzen duten neurri bat da.
J.K.I.–Zer esanik ez senideak kontutan hartu dituztela sakabanaketa aurrera eramateko garaian. Lehen bi edo hiru espetxeetan geundenean autobusetan moldatzen ziren, orain bidaia berdinean bi espetxe edo gehiago bidaia berdinean egokitzeko 'suertea' izaten badute etortzeko autobusa muntatzen dute. Bestela kotxeetan etorri beharra izaten dute.
Honek nahi eta nahiez, intseguritate bat sortzen du, beti zalantzak sortuz, noiz deituko diguten bisitara joateko, eta bisitako ordua pasa eta gero oraindik ez badigute deitu, beti gauza okerrena pentsatzen dugu. Puertoko istripua ez da kasualitate bat izan, gure sendiek hamabostero edo egunero pasatzen duten errealitate krudela baizik.
Kolektibo honen portaera eta Gestorena guztiz miresgarriak dira. Zenbat eta zenbat egoera latz pasatzen dute gurekin egotearren; askotan gu zigorturik egonda, 7 minutu egiteko guri begira, gure Herria nola dagoen esateko eta deus gutxi. Eta zigorturik gauden bitartean ez etortzeko esatea alferrikakoa izaten da, ze etorri egiten bait dira. Zer esanik ez dago guretzat asko suposatzen dutela senide edo lagunen bixitek, hauek gure indarrak berritzen dituzte eta.
A.– Mugica Herzog-en neurriok marka utziko al dizue?
J.K.I.–Boterea konsziente da egunen batean 500 kideok aterako garela kalera, eta ahalegin guztiak egingo ditu erabat jota ateratzeko, hots, fisikoki eta sikikoki, zeren konsziente da zein bultzada eman diezaiokegun Herriari irteten garenean. Era berean badaki Herriarengan guk daukagun eragina edo babesa, eta ez bakarrik NAEM barnean, beste alderdien abertzaleen baseengan ere bai. Beraz, negu gogorra datorkigu, baina negua pasa ondoren udaberria datorkigula eta loreak loratuko direla ez dago zalantzarik.
A.–Fuatzionario espainiarrek pribilejioak dituzuela salatu date eta ondoriez, aldaketak jasan dituzue. Nolakoak izan dira hauek?
J.K.I.–Duela hilabete bat ekarri zizkiguten arau batzuk, guztiak murrizketak eta egoera gogortzeko eginak. Hauexek izan ziren: ordutegia murriztu, geneuzkan bi gela txiki, bata jateko eta bestea irakurtzeko, kendu egin zizkiguten. Kontutan izan behar da bizi baldintza horiek, ordutegia, e.a. borroka latz baten ondorioz lortuak izan zirela, hots, ene lagunek 49 egun egin zituzten gose greban, bizitza arriksuan jarriz. Nik ez, zeren beranduago ekarri ninduten, eta dena egina aurkitu nuen. Jarraituz, lehen, bixita akumulatua genuen, 40 minututakoa, orain berriz 20 minututakoa jarri digute. Zeldan gehienez 2 liburu eta 3 egunetarako arropa bakarrik eduki genezakeen eta zeldatik irten eta sartzerakoan katxeoa.
A.– Eta zuen erantzuna nolakoa izan da? Eta honen ondorioa?
J.K.I.–Gure erantzuna garbia izan da: ez dugu onartuko katxeorik zeldatik sartzeko garaian, ez eta inolaz ere erropa eta liburuak zeldatik ateratzea.
Txapaturik gaudela ia hilabete egingo du. Isolamendu moduloan gaude eta hemen zigorturik dauden beste sozial batzuk aurkitzen dira. Gure artean oihuka komunikatzen gara, zeren denak nahiko aparte geratzen gara, edo bestela galeriaren beste aldean.
Hezetasuna nabarmena da, orain udan gaudenez ez hainbeste baina kristonakoa da, ohe azpian paper pila eta mantak jarri beharra daukazgu.
Honi erantzunez, gure lehen neurri bezala ateak jotzen hasi gara, egunean 3 alditan. Esan behar, atea jotzen dugun bakoitzean 14 eguneko zigorra jasaten dugula. Atea jotzearen ondorioz, aulkia eta garbitzeko tresnak kendu dizkigute. Momentu honetan ohearen gainean idazten ari naiz. Hau gutxi balitz, karneta bat atera behar geneukala esan ziguten, ukatuz gero dirua eta paketerik ez genuela jasoko mehatxatuz, bixitak ere kenduko zizkigutela erantsiz. Guk mehatxu hori ikusita, ez genuen onartu, ondorioz ezin dugu dirua kobratu, honek suposatzen duenarekin. Momentuz dirua badaukagu, baina laister gabe geratuko gara, eta ezingo ditugu gauza minimoak eskuratu, ura, esnea...
Txapeoaren ondorioz egun osoan zelda barruan, ezin duzu zure gorputza ia mugitu, bakardadea, ixiltasuna... dena areagotzen da, askotan beharrezkoa izaten da oihu bat botatzea, gorputza lasaitzeko, eskatu egiten bait du. Egun osoa zuretzat duzu, kaleko gauzetaz pentsatzeko, lagunetaz, herrian... Zalantzarik ez dago gorputza erabat ahulduz doala, ez dugu aukerarik kanpoko edo etxeko jana jateko, eta gartzela bertako janaria eskasa eta baldintza txarretan dago; exenplu gisa, duela bilabete batzu preso bati emandako janarian kondoi puska bat agertu zitzaiola aitatu behar.
Gero itxitasuna, tentsioa, era guztietako probokazioak... esate baterako, kartzeleroak errekuentoa pasatzen duenean, segun atea nola jotzen edo ixten duen, zein edo nolako kartzeleroa den ohartzen zara. Azken aldian, ateak jotzen ditugunean, leiho atzean izkutaturik egoten den kartzelero batek 'txakurras' eta 'Amedo mátalos' oihukatzen digu. Gero, kartzelero hori 'Junta de Régimen' delakoan CSIF sindikatuaren ordezkari zela jakin izan genuen. Norbaitek idatzi zuen:'presoen statusa baino txikiago bat badago, eta hau kartzeleroarena da...'
A.–ETA erakundeak helburu militartzat hartu ditu funtzionarioak. Zein da hauen lana eta zein lan egiten dute?
J.K.I.– Sanitatearen gaia aipatzerakoan, ezin dut aipatu gabe utzi orain hilabete batzuk espetxe honetan ikusi genuena; Madriletik 'Sanitate inspekzioa' etorri zen eta gure harridurarako, nor ikusi eta Nuria De Castro. Dirudienez, Madrilen ederki eskertu zioten Herrerako jarrera bera izan bait zen 'Kirruli'ren heriotzaren errespontsablea. Jende mota honek honela egiten du karrera, eta Madrilen eskertu besterik ez da egiten. Herrerako zuzendaria ere kartzelero bat zen eta oso famatua bere portaera 'demokratikoagatik'. Berehala hartu zuten zuzendaritzan eta bere lehen neurri 'demokratikoa' lehen moduloko lagunak jipoitzea izan zen.
Nuria de Castrorekin jarraituz, galdera bat egingo nizueke. Nolatan jar daiteke honelako kargu batean, kristolako tuberkulosia aurkitzeko gai ez denean? Oso erantzun erraza eta krudela dauka: gu apurtzeko eta suntsitzeko daudelako. Hemen kokatu behar ditugu ekintza militarrak, beraiek jarrera hori mantentzen duten bitartean, guk ere eraso militarrei eutsi egingo diegu.
A.–Isolamendua, sozialekin nahastea, elkartasunak hautsi nahi izateak... pertsona bat hauts dezakete.
J.K.I.–Orain arte esandako guztiaren eta beste gauza batzuren ondorioz gure egoeraz ohartuko zineten. Ukatu ezin da isolamenduak pertsona batengan eragina duela, batzurengan gehiago besteengan gutxiago, baina eragina izaten du. Luzera begira ziur, bai fisikoki bai sikikoki. Baina pertsona hautsi, inolaz ere!! Eta gutxiago damutu arazi. Gure artean damuketa hitzak ez du esistitzen. Jipoituko gaituzte, sakabanatuko gaituzte, ekingo diote gogor, baina Euskal presoak ez gara salduko, gure helburua Herrian datza, eta sekula ez irteera pertsonaletan. Damuketa hitza komunikabide eta aldizkarietan erabiltzen dute, informazio guztia kutsatzen eta errealitatea estaltzen, baina errealitatea zera da: presoak aurrera jarraituko dugula, azken helburura arte.
A.– Hauteskunde batzu pasa berriak dira, uda bete betean dugu, laister negua, gainean espainiar parlamenturako hauteskundeak. Nola dakusatzazu datozen hilabeteok?
J.K.I.–Nik uste momentu garrantzitsu baten aurrean gaudela, eta kapazak izan behar dugu era egoki batean fronte guztietatik erantzuteko. Maila honetan oso baikor naiz, sekula baino gertuago dugulako garaipena. Aljeriako elkar hizketa aurrerapausu handi bat izan da eta erakundea eta NAEM osoa garaile atera da. Dena dela, garaipenetik sekula baino gertuago gaudela diodanean, ez dut esan nahi dena egina dagoenik, are gutxiago. Inoiz baino erneago egon behar dugu, eta etsaiak jartzen digun oztopoei aurre egiteko prest, beti bezala. Zeren benetan egoera gogortu egingo bait da, bai kalean bai barnean. Ez pentsa, inolaz ere, gauzak goizetik gauera konponduko direnik, hau luze joango da, gure Herriaren etorkizuna jokatzen bait dugu.
A.–Zu Herri Batasunak aurkezturiko lehendakarigai izan zinen, alderdi guztiei mezu bat igorriz. Zein mezu igorriko zenieke orain?
J.K.I.–EAJ eta EA alderdi abertzaleen jarrera salatzen dut, beraien interes pertsonal eta ekonomikoen truke gure Aberria etsaien eskuetan utzi dutelako, etsaiarekin erabat ados egonik, noski. Egunen batean Herri honek merezi duten tokian jarriko ditu, beraien portaerak barkamenik izango ez duelarik. Badakit nire hitzetaz farre egingo dutela, baina Euskal Presoak oraindik ere, beraien lotsarako, nortasuna dugu eta ez gaude gure Herria saltzeko prest, dena emanago dugu herria askatzeko, batzuk jadanik bizitza eman dute, Joserra, Kirruli, Krakas, Josu... eta zoritxarrez ez dira azkenak izango.
Beste alderdi batetaz ez dut hitz egin nahi, damuketaren ikurrarekin jarrai dezaten ez bait du pena merezi.
A.–Eta Euskal Herri osoko herritarrei zer esango zenieke?
J.K.I.–Ene Herri, herri xeheari, urruntasunetik, borroka fronte honetatik nere agurrik beroenak, esanez, isolomenduan, bakardadean, urruntasunean nere pentsamendua Herriarekin dagoela, eta ez dugula amore emango gure Herriaren askatasuna lortu arte. Nere agurrik beroenak, eta eskerrak zuen portaera eta exenpluarengatik, zuek bait zarete Herriaren nahia.
Bukatzeko, borroka fronte honetatik gure agurrik beroenak, ixilean, klandestinitatean aurkitzen diren borroka kideei.
ANIMO!
GORA EUSKADI ASKATUTA!

N. ARRASTOA
"Borroka fronte honetatik gure agurrik beroenak, ixilean, klandestinitatean aurkitzen diren borroka kideei".
Juan Karlos Ioldik dioenez, zigorturik dauden bitartean, senideei ez etortzeko esatea alferrikakoa izaten da, ze etorri egiten bait dira.
13-15


GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakSakabanaket
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazIOLDI1
EgileezARRASTOA1Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude