J. M. Esparza: "Nafarroari bere izakera aitortu behar zaio"


1988ko uztailaren 31n
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jose Mari Esparzari elkarrizketa.

J. M. Esparza: "Nafarroari bere izakera aitortu behar zaio"
Jose Mari Esparza tafallarra anitz mugitzen den horietarik dugu; kultura ofizialak ase betetzen ez duenetarik. Altaffaylla kultur taldean sarturik, gerra zibilaz eta oraintsu jotez lan baliotsurik idatzirik, gai nafarra du begiko. Nafarroako abertzaletasunaren ezaugarriak eta Komunitate Autonomoak Nafarroarekiko duen jarrera dantzatu genituen laburki. Zinez eritzi interesgarriko gizona"Euskadi"' ofizialetik bat baino gehiagok anitz ikasi beharrekoa.
GALDERA: Altaffaylla kultur taldeak jota heretikoen bilduma atera du aurten, baina aitzinetik "Nvarra 1936, de la esperanza al terror" arrakastaduna dago.
ERANTZUNA: Funtsa haundiko lana gertatu zen hura Altaffayllarendako. Herri bateko kultur taldea izaki, borondate anitz eta akademizismo gutirekin erakutsi genuen ideiak garbi edukiz herriko jendearen izakera den horretara heltzen jakinik, gauzak onik egin daitezkeela. Bertzalde, militantziazko lan konprometitu bat kalitatezko izan daitekeela erakutsi genuen.
Talde lana den neurrian, gerra haren berri hobekien eman dezaketenek egina da, bizi eta pairatu zutenekin egon bait ginen. Hartu genuen eredua ez da ospe haundiko historialari ohizkoena, hauek, makur ulertutako "objetibitatearen" izenean, gure herriaren tragedia hura erdaraz erraten den "malentendido"a bailitzan kondatzen bait digute. Hau da, azken finean ez dagoela onik eta gaiztorik, hura pasatu zen eta elkarrekiko ongi moldatzen medio, ahantzi egin behar da guztia. Hori da neurri haundi batean, aitzinekoa segitu bertzerik egiten ez duen ezarritako botereari komeni zaion mezu historiografikoa. Horregatik soilik uler daiteke botereak gerra haren 50. urteurrenari egin dion ezikusia.
Nafarroan gaiari garaiz heldu genion, eta "bertze" Nafarroaren ikuspegia ematen entsegatu gara, eta gure orrietan, oraino bizirik dauden anitzek egindako odolezko triskantzak salatu badira ere, bi tomo dituen liburuko orrialde bat beraren kontra ez da erantzunik izan inondik.
GALDERA: Pertsonaia eta anekdota interesgarririk ezagutuko zenuten, ezta?
ERANTZUNA: Hori duzu lanaren sarietarik bat. Nafarroan, aldizkarietan azaltzen diren politikoak baino anitzez jende gehiago dago, eta aniztasun ideologikoa hauteskundeetako aukera baino zabalagoa da.
Ofiziala ez den Nafarroa horretan, Aragon ibaiaren ertzeko sabindarrak topatu ditugu, oraino pakto edo itun germaniar-errusiarra justifikatzen duten Stalin zaleak, jubilatuendako kafetegietan ezkutatzen diren astronomo gaitzak, 1936 urtean 18 urtetan ihes eginik, egun abiazio sobietarreko ofizial tituloa duten baserritarrak, oraino eliza, diru etxea edo juzgatua deusetarako zanpatu gabe segitzen duten anarkista porrokatuak. Horiei eskeintzen diegu guk gure lanaren zati haundi bat, hala nola, idazle eta historialari aurrerazaleei, herrietan lanean eta borrokan diharduten gazteei...
Okerrik ere ezagutu genuen: "panfleteo"ekin kolaboratu nahi ez zuten historialari "docto"ak, "zuzenbidezko" alderdi politikoetan eroso dauden jendeak, herriko artxibategiak hertsi zizkiguten alkate eta zinegotziek... Izan genuen bai zer ikustekorik.
GALDERA: Zergatik Altaffaylla izena, zer harreman du islamdar munduak?
ERANTZUNA: Herri izenetan Euskal Herrian iparreko ingurura gehien inguratzen den toponimo arabiarretarik bat dugulako. Gure kultur taldean, herri honetan gertatu diren kultur korronteak bultzatzeko dagoen asmoaren berri ederki ematen du aditzera izen horrek. Nafarroako hegoaldea lur emankor eta jende irekikoa dugu, eta gure euskal izakera, mendeetan barna ezarri edo onartutako, denetatik bait dago, bertze kulturek biziki baldintzaturik dago. Euskal Herria, bat da, baina anitza edo plurala, eta Nafarroa, nahi baldin bada eta ezpada, diferentea da. Kultur arloan horretaz ez jabetzea ergelkeria da, eta politikerenean astakeria. Zorigaitzak, Euskal Herriak guztion barna abertzaletasun bizkaitarrak banatu zituen "euskal" eskema kulturalek (Artetaren kuadroak eta abar) ez zuten deus ikustekorik gure paisaje eta jendeekin. Hust horrek politikaren arloan zuen segida eta hortxe daude emaitza istorikoak. Beharrik, Nafarroak euskaldun izaten jarraitu zuen PNVren emaitza politikoak hain kaskarrak izan baziren ere.
Orainari dagokionez, urteak daramatzagu "euskaltasun ofizialaren" dependentzia istoriko hori hautsi nahian, oraino erdietsi gabe.
Bertzalde, euskaldun izateagatiko kontzientzia txarrak segitzen du oraino Nafarroan, eta horretan badu zer ikustekorik Nafarroa erredimitu eta berreskuratu beharreko lurtzat daukan vascongadismo protekzionistak. Gisa berean politikari dagokionean. Egia da huts hori zuzentzen ari dela, eta guk alde horretan koka ditzakegu gure kultur taldearen adar "arabiarrak".
Honezaz landa, arabiarrak onuragarri gertatu zitzaizkigun nafarroi: baskoiek eta mahometarrek elkarrekin laketu zuten, anitz erakutsi ziguten... makurrago moldatu ginen berantago castellanoekin!
GALDERA: Asmoa zein duzue beraz?
ERANTZUNA: Enbaxada arabiarretako kultur ordezkarikin harremanetan jartzen hastea dugu helburu, ikertzaile arabistak eta abar. Heldu den urtean kultur ihardunaldi arabiar-baskoiak antolatu nahi genituzke, adiskidetasuna eskaintzeaz gain, Nafarroari hirigintzan, nekazaritzan edo lexikografian ekarri diotena aztertzeko.
Alderdi ofizialistek urtero Tuteran Ihardunaldi Sefardiak izenekoak antolatzen dituzte, navarrismo dosi haundiz eta Israelgo Estatuaren apologia eginez; guk arrazoi haundiagoz nahi genuke aztertu Euskal Herriko sustratu islamdar hain miresgarri hori.
GALDERA: Zenbat zarete bada taldean hori guztia bultzatzeko?
ERANTZUNA: 30 inguru, baina kendu ohorezko diren batzuk, bi preso eta soilki beren gaiez (argazkia, diseinua, toponomia) arduratzen diren batzuk, eta kultur taldeko lokalean biltzen garenok dozena inguru gara. Ondar hiru urteetan ateratako sail liburuez gain, izan da hitzaldi, erakusketa edo herri giroko argitalpenik. Gure taldea zernahi kultur adierazpiderekin da sentibera, baina baldintza bakar bat dugu: Euskal Herria bidean doan projektua da, eta norantza horretan doaz gure ahalegin guztiak.
Pasibitatera bultzatzen gaituen kultura ofizial, zuzendu eta kontsumista hor dagoela, herriaren kultura erreibindikatzen dugu (hemengoa den neurrian izanen da euskaldun, erdaraz eginik ere), partizipatiboa eta aurrerazalea. Gure arloetan, Nafarroa erdaldunaren perspektibatik lan egiten dugu bereziki.
GALDERA: Hor kokatu behar genuke Iruñeko ferietan hain erantzun ona izaten ari den jota heretikoei buruzko zure lana.
ERANTZUNA: "Jotas Hereticas de Navarra", gure taldearen ikuspegiarekin bat datorren liburua duzu. Ikuspegi kultural abertzaletik ez da jakin izan jotaren gaiari aurre egiten, Pio Baroja, Arturo Campión edo Hermilio de Oloriz bezalako gure herriko seme prestuek gaitzetsi egin zuten jendearen aurrean gure herrikoa ez zela erranez. Literatura abertzaleak erasotu edo ignoratu egin du. Eskuin navartistak ere luzaz baztertu zuen beheko gizamailetakoa, zabarra eta zakarra zela eritziz. Frankismoak abertzaletzat jotzen ziren espresabide oro (euskara, dantza, musika), lurperatu zuelarik, orduan jo zion jotari Nafarroako ezaugarri kultural nagusitzat hartuz, aldez aurretik kritika, bapatekotasun, ausardia eta injenio aukera guztiak kenduz. Beti gertatzen den bezala, kultura menperatzaileak herri kulturako zerbait bereganatzen duenean, "folklore" izeneko hondakin bihurtzen du.
Hor dugu jota nafarra, nafartzaletasun ofizialak geldierazia eta itxuraldatua, "euskal kultura" deitua izan den horretatik kanpo. Hala ere, Nafarroako herri laueko jende multzo haundi batek bere sentimendu politiko, maitasunezko eta sozialetarako espresabide gisa asumitu kantatu eta erabili bazuen, nola kontsideratu behar dugu ikuspegi herritar eta abertzale batetik?
GALDERA Euskal gaia ukitzen duen koplarik bada zure lanean.
ERANTZUNA. Bai, baina Nafarroaren izateko modu eta ikuspegitik hurbil dagoen perspektibatik. Herri lauaren historia da, herri berak kontatua, bere espresabide soil eta zabalduenean. Gamazoren aurkako koplak, soldadugoaren, lur banaketaren kontra, Foruen alde, Errepublikaren alde, Frente Popularraren alde. Apezen aurkakoak, sexua, dirua eta boterearen aitzinean apaizen ahultasuna salatuz. Seigarren aginduari buruzko koplak, garbi erakutsiz, Euskal Herrian, Erriberan adina inon ez dela hainbeste literatur erotikorik gertatu, giroak, eguzkiak edo jende eta arraza arteko nahasketa eta bilguneak eraginik agian... Azken finean, Nafarroa ofizial, eskuindar, klerikal eta espainolaren aintzinean, Nafarroa beltzeko herejeek kantatuak.
GALDERA: Zure diskurtsoan Nafarroa etengabe ageri da.
ERANTZUNA: Nafarroaren gaiak obsesibo behar du izan edozein abertzalerendako, baina huts historikoak zuzentzera entsegatuz, behin betirako, kultura, gizarte eta politika arloko ekinbide zuzen bat osatzen hasteko. Nafarroa, nahi badugu eta ezpadugu, diferentea da, eta gaineratiko Euskal Herriarekin uniformizatzeko edozein asmoren aintzinean, beti izanen da egokitzen ez den pieza. Euskal Herria bat da, ez uniformea. Nafarrok diferentziatruik atera ginen Vergarako komeniotik, Aranak Campión zuen behekoz-beheko bere ihardunean, Nafarroa izan zen 32ko Estatukoko giltzarri, eta 36ko gerrak sendatzen uzteko zauriak ireki zituen; frankismoaren garaian Nafarroak bere bilakaera politiko berezia izan zuen, horra beraz, ORT bezalako taldeak; bertzaldetik, ETAren barne garatze aberatsa Nafarroara errebotez heltzen zen, behar bidez bezala. Taktika uniformizatzaile orok huts egin du Nafarroan. Ezker nahiz eskuinetik. PNV Nafarroan ebaki zen, baita EE ere. Eskuin nafar zalea eta eskuin espainol zalea ez dira inondik inora gauza bera, gauzak sinpletu nahi baditugu ere. UPN fenomenoa, vascongadetatik Euskal Herrira guztirako egiten diren analisi politikoetan deusetarako ageri ez den zerbait da, eta hala ere, UPN garaile den Nafarroako zenbait haranetan atera zen ezezko erabatekoa NATOrendako. Zer diferentzia dago botoa PNVri ematen dion Bizkaiko baserritar baten eta Baztanen UPNri ematen dion baten artean, bata abertzaletzat jotzeko eta ez bestea? Badu Nafarroak idazki politikoan oraino kuadratzen ez duen zerbait eta heldu diren urteetan abertzaleok irudimen dosi haundiak behar izanen ditugu, erantzunkizunik haundiena HBk du PNVren inesistentzia dela eta, EEren presentzia hutsala eta EArena eskasa den artean bederen. Denbora gainera, gure aurka ari da: Nafarroako erdigune ekonomikoa Erribera oparora aldatzen ari da, eta hain abertzale gutxiko eremu honen mezu politikoa gero eta nabarmenagoa da. Begira bestela Diputazioko apellidoak. Lehen gehienak euskaldun, orain berriz erdaldun.
GALDERA: Nola jokatzen dela uste duzu baskongadetan Nafarroa dela eta?
ERANTZUNA: Horretan ere beltz. Instituzio autonomikoetatik edo "Egin", "Deia" edo ETB bezalako inguruetatik ere, gero eta gehiago lotzen ari dira hizkera politiko eta administratibora hiru probintzietara... Nafarroan, jakina, makurrago oraindik.
Zinez pentsatzen baldin badugu ezin Nafarroa gabeko aitzinatzerik izan nazioaren birreraikuntzan, egunean-egunean okertzen ari den eta gaur gero alarma jotzekoa den egoera hau kontutan hartu beharrekoa da.
GALDERA: Navarrismo gehixeago behar dela diozu?
ERANTZUNA: Hori bera. Badira Nafarroan aprobetxatzen jakin ez dugun elementoak. Navarrismo ofizialaren neutralgarri gisa, guti baliatzen dugu portuz bertzaldeko Nafarroa, edozein Nafarrek asumitzen duen eremua, halaber, edozein espainolendako ezin ulertuzko afera. Iragan urteko Iruñeko boletin ofizialetan gehiago aipatzen zen "ultrapuerto", egungo prentsa abertzalearen eranskinetan baino.
GALDERA: Uste duzu ETAren esistentziak eta bere ekintzek Nafarroa Euskal Herriari gehiagoxe inguratzea oztopatzen dutela?
ERANTZUNA: Galdera zaila baina argi izaten saiatuko naiz. Oraingo egoerak baditu giltza diren une batzuk (Konstituzioa, 'Tejerazoa'), sablea mahai gainean. Borondate batzuk aldatu (UCD-PSOE) eta euskal alderdi batzuk bultzatu zituen berehalako posibilismo inmediato baten alde jokatzera, ondorengo balizko reintegrazioaren alde eginik apustu. 1932.eko huts bera. Egun, bide paraleloak ziruditenak dibergenteak dira, zistua bezala bereziz eta hurrunduz doazenak. Oker legoke Autonomi Estatutu bi hauen ondorio logikoa denaren errua ETAri egoztea.
IÑAKI CAMINO
38-41


GaiezGizarteaIdeologiakAbertzaleta
PertsonaiazESPARZA1
EgileezCAMINO1Gizartea

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude