"Hegoaldean Baino Gehiago Erabiltzen Da Gaelikoa Ipar Irlandan"


1986ko urtarrilaren 12an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Sinn Fein-Eko Padraig O Maolchraoibhe
"Hegoaldean Baino Gehiago Erabiltzen Da Gaelikoa Ipar Irlandan"
Sinn Fein alderdiko zinegotzia dugu Padraig O Maolchraoibhe. Alderdi horretako adar kulturalekoa. Gaelikoz, ingelesez, frantsesez eta espainolez primeran egiten duen gizona. Donostian hiru urtez bizi izandakoa eta euskaraz ere hemengo batzuk baino gehiago dena. Irakaslea. Traje eta korbataz zeren eta "pentsatzen dute terroristok gaizki jantzita joan behar dugula".
ARGIA.– Euskal Herrian kultur mugimenduan gabiltzanok Irlandako egoeraz ideia gutxi gora beherako bat badugu: maila politiko eta militarrean errepublikanismoa indartsu dabilela, baina kultur mailan, eta hizkuntzarenean zehazkiago, askoz okerrago dagoela.
PADRAIG O MAOLCHRAOIBHE.– Ezer baino lehen hizkuntz egoera ikusi beharko genuke. Pentsatu behar duzue euskara, bere 600.000 hiztunekin, gurea baino askoz sanoago dagoela. Irlandan «Gueltacht» deitzen den eskualdeak 75.000 biztanle dituela dio gobernuak, Mendebaldeko itsas bazterrean. Gure kalkuluetan 35.000 bat irlandar-hiztun izango dira Gueltacht horretan.
Bestalde, Hego Irlandan hizkuntza irakatsi da eskoletan, asignatura gisa, eta milioi bat biztanlek deklaratu zuten azken zentsoan irlandesez badakitela. Baina lehenik autoestimazio bat da neurri handi batean, eta bigarrenik, jakin arren ere ez dute ia erabiltzen. Hizkuntza ikastetxetik bizitza normalera eramateko medioak falta bait dira.
ARGIA.–Telebista izango da ba?
P.M.–Bai, baina Hego Irlandako telebistan, esate baterako, ez da sartzen irlandesa. Gobernuak lehen momentu batean zera esan zuen, irlandesa dela lehen hizkuntza nazionala, Hegoaldean nolabaiteko askatasuna lortu ondoan. Baina gero, eskoletan sartu zuten arren, ez zuten inolako azpiegiturarik sortu irlandesa hortik irten zedin.
Bi telebista kate ditugu, eta Hegoaldean bien artean ordubete osatzen dute gaelikoz. Aparte bost minutu egunero, berriekin: jartzen da tipo bat aurrean eta hitz egiten du. Irratietan, astean 150 ordu eskaintzen badira, irlandesez 15etik ez da pasako. Mendebaldeko kostan bada «Gueltachta» izeneko irrati bat, bertarako bakarrik, eta egunean 6 ordu emango dituzte; baina hor ere berri oso marjinalak: nor hil den halako herritan, beste hartan kartetan nork irabazi duen... eta ez da Herri osora iristen.
A.–Ez gara sartuko gure Euskadi Irrati "gueltachta"rekin gonbarazio errazegiak egitera. Baina Hegoaldean gauzak hola badira, Iparraldean ez dira gozoagoak izanen.
P.M.–Ipar Irlandan, telebista ingeles independienteak egin berria du kalkuloa eta irlandesez ongi mintzatzen duten 20.000 biztanle atera zaizkio. Guk zerbait gehixeago kalkulatuak genituen, 30.000, eta zerbait dakitenak erantsiz gero 60.000 milataraino iritsi gintezkeela uste dut. Hori milioi t'erdiko populazioaren barruan, horietatik katolikoak eta nazionalistak beraz, 600.000 garela. Esan dezagun nazionalisten artean ehuneko 10 batek zerbait badakiela gaelikoz, eta 3tik 5a bitarteko kopuru batek arrunt ongi dakiela.
Baina gero errealitatean Hegoaldekoak baino askoz gehiago mintzo dira gaelikoz Iparraldekoak. Belfasten irlandesez dakienak, normalki hitzegin egiten du. Asteburu bat lasai pasako zenukete Dublinen irlandesez hitz bakar bat entzun gabe, halako taberna edo club oso ezagun batera joaten ez bazarete. Belfasteko mendebaldean, aldiz, ez dut uste asteburu bat batzuei eta besteei gure hizkuntza entzun gabe.
Ipar Irlandan gaelikoa hizkuntza atzerritar moduan irakasten da bigarren mailako eskoletan, frantsesa edo espainola bezala. Gero, nahi duten haurrek uda itastaroak egiten dituzte Gueltacht-en, baina azken fmean ikasten dutenak minoria bat dira. Lehen mailako eskoletan oso gutxi ematen da.
A.–Ikastolen antzeko eskola batzuk ere badituzue...
P.M.–Esan behar da 1971ean zabaldu genuela lehendabiziko «ikastola», nolabait deitzeko, Belfasten. Hutsik irlandesez, eta 9 haur baino ez genuela, irakasle batekin. Bost urteren buruan bi irakasle eta 35 haur genituen. Baina hamar urte ondoren 135 haur eta behar ziren irakasleak genituen. Azkenean, Estatuak onartu zuen eskari bat zegoela eta subentzio bat eman zuen. Horretarako ere une egoki bat aukeratu zuten ingelesek: subentzioa eman zioten protestanteak eta katolikoak biltzen dituen eskola burges bati–badakizue, gure arazoa erlijiozkoa denaren mitoa gustatzen zaie, katoliko eta protestanteek elkarren arteko harremanak goxatuko balituzte guztiok ingelesekin oso zoriontsu biziko ginatekeela–eta horiei egindako mesedearen kontrapizu moduan eman ziguten guri ere.
Gaur egun 200 umetik gora eta 9 irakasle ditugu, bost ama ikastola ere bai. Hauetan 100 haur baditugu. Ikusten duzunez, oinarria zabaltzen ari gara. Epe laburrera lehen mailako beste ikastola bat ireki beharrean izanen gara, Belfasten, eta laster bigarren mailako bat ere bai. Derryn bi ama ikastola ditugu, eta gero eskola ingeles batzuetan ere sartu dugu gure mintzaira. Batzuetan lehen kurtsoak hutsik gaelikoz ematen dira. Hala ere haur guztiak dira elebidun; guraso askok ez dakite irlandesez. Hasieran bai, haur guztien gurasoak mintzo ziren irlandesez etxean, baina gero zabaldu garenean gehienek ez dakite.
Hala eta guztiz ere, esan dezakegu Belfasteko eskola guztien artean gurea da erresultaturik onenak lortzen dituena. Behar bada besteen aldean gurasoek ere esfortzu handiagoa egin behar izan dutelako-edo.
A.–Ba al dago motibazio berezirik gaelikoaren aldeko jarrera honetan?
P.M.–Bide honetan asko lagundu digu kontzientzia nazionalistak, borrokarekin hizkuntzaren kontzientzia handiagoa hartzeak, nahiz eta Euskadikoaren heinera ez iritsi. Espetxeetan. adibidez, gose greba baino lehen «protesta zikina» deitu zena egin zen: ez ziren garbitzen, dena zerrikeriz betea... Eta espetxeetan errepresioa hain basatia zen garai haietan ez zuten ezer; baina irlandesa ikasi zuten, libururik gabe, paperik gabe, ezer gabe. Zekitenek irlandesez egiten zieten oihu beste presoei, eta hala ikasi zuten.
Ongi ikasi gainera. Boby Sands-ek gartzelan ikasi zuen, eta gero irakaslea zen. Idatzi ere egiten zuen, komuneko paperean, gero ezkutuan ateratzeko. Gertakizun horiek ere irlandesarenganako zaletasun berriarekin lotuak daude. Horregatik Sinn Feineko kultur sailak klaseak antolatzen ditu, nahiz eta AEKk egiten duenaren aldean deus gutti den.
Iparraldean 60 bat klase daukagu, horietatik 40 Belfasten. Astean ordu t'erdi ematen da, eta ikasten ari direnetako batzuk hizkuntza menderatzea erdiesten dute, bi klasetara joanaz, gero Gueltacht-ean ikastaro bat eginaz eta abar. Baina egia esan. nahiko argi dakigu nazio kontzientzia bultzatzen dugun bezala epe laburrera ezingo dugula Herria gaelikotu.
A.– Gure erredakzioan gaelikoz idatzitako egunkari baten berri ere izan dugu...
P.M.–Gauza kurioso eta interesgarri bat izan da azken urteotan egin duguna: urte betez egunkari bat argitaratu dugu, normalki lau orrialdetakoa, eta noizean behin zortzirekin. Baina orain ez da behar hainako normaltasunez argitaratzen. Egiten zuten mutilek, izan ere, eta gutxi ziren, gobernuaren subentzioetatik ateratzen zituzten sosak: zuk lanpostu bat egiten baduzu, gobernuak lanpostu horren soldataren zati bat subentzionatzen dizu. Sistema horrekin ari ziren bospasei gazte lanean egunkari hori egiten. Baina mugimendu errepublikanoaren parte direla konturatu dira, gainera guk utzitako lokaletan ari zirelako, eta gehiago dirurik ez dietela emango esan diete.
Mila ale argitaratzen zituen egunero, gauza ttikia, ikusten duzuen bezala, baina hori izan da edozein hizkuntza zeltikotan sekula izan den egunkari bakarra. Hala ere, ez dakit Irlandara itzultzen naizenean oraindik martxan jarraituko duen.
A.–Denetara, beraz, zenbat jende ariko da irlandesez ikasten?
P.M.–Nik gure klaseetako xifrak eman dizkizut, baina gero badira udalek antolatutakoak, kultur taldeetakoak, "Cumman na Gaelic"ek eratutakoak... Talde honek garai batean indar handia ezagutu zuen, baina asko apaldu da.
Esan behar da gaeliko klaseak normalki irakasle boluntarioek ematen dituztela. Ehun eskolatatik laurogeitan irakasleek ez dute txakur txiki bat kobratzen. Horretan ere zuengandik ezberdinak gara, beraz.
Zenbat ikasle? Guk klase ditugu. Beste talde guztien artean beste ehunen bat dituztela bota dezagun, 150 bat klase. Horietako bakoitzean hamar lagun... Behar bada 1.500 bat ikaslez hitzegin beharko genuke.
A.–Orain dela urte bete zuen Herritik ibili ziren adiskide batzuek aipatu ziguten ez dakit Derryn edo Belfasten, zuen «ikastolen» ondoan erabat gaelikoz bizi zen auzo txiki bat egin zela.
P.M.–Derryn ez dakit baina Belfasten badago. Oso ttikia da, e? Hamaika etxe dira, kooperatiba moduan eraikiak: lurrak erosi zituzten, etxeak eraiki... Denak irlandes-hiztunak, denak ikasiak, denak "gaelicberriak", je, je. Irlandes hutsez mintzatzen zitzaizkien haurrei, eta eskola bat ere eraiki zuten. Beste herriren batean ere badago.
Baina oso txikiak diren arren mesede handia egin dute. Eskola jarri zuten, helduei ere irakasten zieten iluntzean, foko bizi bat ziren auzoan, jendea dirua emateko prest zegoen, nahiz eta jendea pobrea izan eta haurrak eskolara bidaltzeagatik ordaintzera ohitu gabe egon. Diruarena beti izan da prolema, eta gauzak handituz zihoazen bezala azkenean urtean igoal 70 edo 80 libra bildu behar genituen.
Baina bada gauza inportante bat: hirian sortu direla holako mugimenduak. Ziur nago irlandesa biziko bada, eta zabalduko bada, ez da hedatuko mendebaldeko kostatik, eskualderik atzeratuena delako; aitzitik, hirietatik etorriko da, Belfast eta Dublindik, adibidez.
A.–Euskal Herrian bizi izana zarenez, badakizu euskal kulturari mugimendu politiko guztiek autonomia bat aitortzen diotela. Aldiz, zuek Sinn Feinen kultur adarretik egiten duzue lan asko.
P.M.– Borrokan ari bagara irlandarrak garelako ari gara, eta hizkuntza irlandar egiten gaituen guztiaren zati oso inportantea da. Horregatik bultzatzen dugu kultura, nazio mugimendu bat garelako, eta nazio mugimendu batek behar dituen adar guztien artean kultur saila ere behar dugula uste dugu. Hortik asko lagundu diezaioke gainera borroka osoari, jendea ikastera bultzatzeaz gain publizitatea ere egin dezake. Jendeak mugimendu nazionalista errespetatzen badu, guk hizkuntzari ematen diogun babesa inportantea da.
Bestalde, gaelikozale eta gaelikoaren aldeko aktibistak konturatzen direnean badagoela indar bat hizkuntzaren alde saiatzen dena, bere alde jartzen dira, nahiz eta gauza guztietan ados ez egon.
Garrantzia handiagoa eman behar zaio gaelikoari. Boby Sands eta hauek garrantzia eman ziotenean jendeak garrantzitsu bezala jotzen zuen. Gure alderdiak garrantzia ematen badio jendea arduratu egiten da irlandarrerekin. Jendeak gainera ikusi egiten du hizkuntzaren alde egiten dugula eta orduan guri ematen digu botoa, ez bait dago Ipar Irlandan horrelakorik egiten duen beste partidurik.
Dena dela oso gutxi gara mugimenduan barruan hizkuntzaz arduratzen garenak eta eskolak eta ematen ari garenak. Baina gauza bat egiten dugu ondo. Egiten dugun guztia ahalegintzen gara publikatzen, eta seguruenik garrantzitsuagoa da egiten dugun publizitatea ematen ditugun eskolak baino.
Joxe MOLLARRI
Gaelikoa hirietatik indartu eta hedatuko dela ziur dago Padraig, eta ez oraingo ghetto atzeratuetatik.
Irlandako «ikastolak» eta helduen gaelikotzea oso prozeso berriak dira, baina zuzpertzen ari direnak.
Hizkuntzak abertzaletsuna sendotu egiten du, eta nazionalismoak bakarrik salbatu dezake hizkuntza.
18-21

GaiezPolitikaNazioarteaGerra/IraulIpar Irland
GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaIRLANDA
PertsonaiazO MAOLCHRA1
GaiezHizkuntzaGaelikoa
EgileezMOLLARRI1Politika

Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude