Zer egoeratan daude euskal dantza taldeak?

  • Euskal dantzaren adierazpena sinatzetik hamar urtera euskal dantza taldeen egoera zein den eta, batez ere, pandemiatik nola atera diren elkarbanatu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan. Horrela, Oihana Betelu (Begiraleak, IDB), Unai Esturo (Iurretako dantzariak), Aritz Ibañez (Duguna), Mikel Lasarte (Ortzadar) eta Pierre Latasari (Begiraleak, IDB) tiraka aritu da Oier Araolaza.


2022ko azaroaren 03an - 16:23
Azken eguneraketa: 2022-11-04 08:40:32
Oier Araolaza, Pierre Latasa, Oihana Betelu, Aritz Ibañez, Mikel Lasarte, Unai Esturo, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-21. Argazkia: Josu Garate - Dantzan

"Zer moduz zaudete?" izan da Oier Araolazak egin duen lehen galdera. Eta jarraitu egin du: "Zelan irten gara dantzako sektoretik, ze faktura ordaintzen ari gara edo ordaindu beharko dugu? Nola eragin digu honek guztiak sektorean, taldetan, dinamiketan? Ze puntutan gaude orain?"

Pandemiatik salbatu dira

"Beldurra genuen ea nola bukatuko zen afera hori eta, azkenean nagusien taldean nahiko ongi gara", dantzari batzuk gehitu eta beste batzuk itzuli direla dio Pierre Latasak. Eta gaztetxoekin ere antzera, "haurren taldean batzuk joan dira, baina ez da bortxaz katastrofikoa ere, beraz, ez gara kezkatzen". Oihana Beteleuk azaldu du IDBk ezin izan dituela garatu buruan zituzten proiektuak azken bi urteetan, baina indartsu itzuli direla, "antolatu dugu Dantzari Txiki Eguna duela aste bat eta azkenean 1200 haur bildu dira, 35-36 talde ziren Hazparnen. Azkenean ongi atera da, ontsa hartu dugu berriz gure bidea".

Aritz Ibañezek ere ez dutela dantzari askorik galdu dio, eta Iruñeko Udalarekin duten harremanaren baitako zenbait emanaldi ere izan dituztela pandemian, pribilegiatutzat dute euren burua. Taldeari eusteko esfortzu ikaragarria egin dutela azpimarratu du: "Entseatu dugu ahalik eta zeuden modu guztietan: ordenagailuaren bitartez, kalean, estalpean, garaian garaiko baldintzen arabera". Hala ere, egoera bereziak taldeari eman dion pasara fisikoa eta psikologikoa kristorena izan dela dio, "niretzako behintzat hala izan da, hori kudeatzen saiatzea holako egoera batean... baina bueno, gutxi gorabehera atera gara onik".

Mikel Lasartek pandemia aurreko garaia gogoratu du, "taldea mantentzen genuen nahiko aktibo, batez ere onartzen genituelako edozein emanaldi edozein lekutan". Emanaldiak izanez gero entseatzen zuten eta ahal zituzten emanaldi guztiak hartzera ausartzen ziren. Geldialdia etorri zenean beldurtu zirela dio, ea nola eutsi aurretik zetorren gurpil horri, "ahal izan bezain pronto hasi ginen entseatzen, baina egia da jende mordoxka bat bai gelditu dela bidean, batzuk entseatzera etortzen ez zirelako ausartzen gaixotasuna zela medio". Zailtasunak izan dituztela aitortu du.

Oier Araolaza, Pierre Latasa, Oihana Betelu, Aritz Ibañez, Mikel Lasarte, Unai Esturo, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-21. Argazkia: Josu Garate - Dantzan

Pandemia aurretik zetorrena

Unai Esturok pandemia aurretik sumatzen du beherakada euren eskualdean: "inguruetako herrietara begira jarrita nago eta gainbehera handia ikusten dut ezpata-dantzan, Durangaldeko dantzari-dantzan". Alde batetik uste du ez dutela jakin ondare hori eta ondare horrek daukan inportantzia kanporatzen, "gizarteko beste parteari adierazten ze inportantea izan den mendeetan". Eta bestetik, "instituzioek ez daukate apenas interesik eta gizarteak berak ere folklore moduan ikusten gaitu".

Lasartek azaldu du beraien helburua izaten zela ikuskizunak egitea, eskaintzea kontzejutan edo udaletxetan, eta azken urteetan zailtasunak izan dituzte emanaldiak lotzeko, "aspalditik zetorren gauza da, 2008koa krisitik izugarrizko arazoak egon dira kontratazioetan. Emanaldien moldea aldatzen joan gara aurrekontuak ez baitziren garai batekoak bezalakoak". Zehaztu du sekula ez direla handiak izan kultura aldetik Nafarroan, baina EAEtik, gutxienez, emanaldi dezente lortzen zituztela.

Belaunaldi berriak, eredu berriak

Lasartek gogoratzen du ideia jakin batzuekin sartu zela taldean, puntu politiko batetik eta militantzia beste era batekoa zela, "orain esaten diozu jendeari ez dakit zer egunetan emanaldia daukagula eta ez dakitela libre dauden erantzuten dizute". Konturatu da berak dantzari ematen diola lehentasuna, baina gizartea aldatu egin dela, "askotan jendea etortzen da dantzatzera igual pilates egitera joango balitz bezala". Ibañezek ere egoera berbera bizi du, "10 dantzarik baietza eman eta 20k ez dakitela. Pentsatuz ia eguna heldu bitartean plan hoberik ateratzen ote zaien edo ez, ez?".

Araolazak Estatu Batuetako coach bati entzundakoak lotu nahi izan ditu Lasartek eta Ibañezek egungo gazteekin dantza taldeetan bizi dutenarekin. Coachak esaten omen zuen enpresa munduan ohartuta daudela azkenengo urteetan nola aldatu diren gazteak, desagertu dela zerbait funtsezkoa zena edozein enpresaren ibilbidean: proiektuarekiko pertenentzia eta identitate sentipena. Enpresarekin ez dute lotura emozional edo afektiborik eraikitzen, eta ez daukate inongo arazorik esateko denbora laburrean ez dutela bertan jarraituko. Ondorioz, enpresa munduko giza baliabideen konfigurazio guztia guztiz aldatzen da. Araolazak euskal dantza taldeen eremura ekarri du, "kontuan hartu behar dugu hemengo gazteak ere gure proiektu komunitario, kultural, koreografikoarekin ere berdin jokatzen hasiak direla. Hau da, gurekin daude guk momentu horretan eskaintzen diegun horrek asebetetzen dituen neurrian".

Entzuleen eserlekuetan zirenek ere egin dituzte ekarpenak argazkia osatuz. Mikel Sarriegirentzat (Aurtzaka) gakoa malgutasuna da enpresa mundura ere berdin aplikatu daitekeela dio,  “erremintak eduki behar ditugu, ez dugu eduki behar beldurrik, dantzak ez dauka izan beharrik beti berdina”. Beharrezkotzat jotzen du egoerara eta taldeko partaideetara moldatzea dantzak, “oso zurrunak baldin bagara tradizioekin arrisku hori daukagu, hiltzera goaz”.

Ibañezek gero eta argiago ikusten du dantzariak beren komunitatearen parte diren ekitaldietara, festara erraz animatzen direla, "baina baldin bada protokolozko ekitaldi bat, joan dantzatu eta itzuli, ez zaie hainbeste interesatzen". Orduan, uste du begiratu beharko dugula ze emanaldi edo ze funtzionamendu moldek ematen dien gazteei zerbait trukean hor jarrai dezaten. Beteluk argi du entsegu ondorengo otorduak eta festak erakargarriak direla beraientzat eta taldea sendotzen dutela, "badugu gure lokalean sukalde bat eta errepikak eta gero beti egiten dugu bazkaria edo afaria eta festa pixka bat. Konparatzen baldin badugu beste taldeekin hori ez dutelarik egiten, ikusten da taldea ez dela hainbeste bizi talde gisa eta guk saltsa dugu".

Patxi Monterok (Herrixa Dantzan) aipatu du dantza talde askoren eredua XX. mende erdialdekoa dela eta orain ez gaudela hor, “hainbat talde bizi dira halako inertzia baten pisuarekin. Hausnarketa bat egin beharra dago”. Uste du ez dela egia gazteek ez dutela interesik, baina formatuarekin asmatu behar dela eta orduan erantzuten dutela. Eta adibidetzat jarri du duela gutxi egin duten esperimentu bat, musika, perkusioa, kantua eta dantza uztartu dituztena. Ion Lizarazu (Oinarin) itxaropentxu agertu da, beren eskualdean oraindik ere gazte asko hurbiltzen direla dantzara dio, neska zein mutil, eta Debagoienako dantzari eguna aipatu du: “hilabete bat izango da bailarako dantzari eguna ospatu genuela Aretxabaletan, 180 dantzari edo, ni nintzen zaharrena 32 urterekin”.

Taldeen arteko distantziak

Ikaragarrizko konexio falta sumatzen du dantza taldeen artean Esturok, "garai bateko mesfidantzak ditugu, ez gara bata bestearengana arrimatzen nola dauden galdetzera edo zelan ikusten duten edo zer hausnartzen duten". 80. hamarkadatik datozen mesfidantza guztiekin jarraitzen dutela dio eta hori taldeen kalterako dela ikusten du. Latasak ere esan du antzeko egoeran zeudela Iparraldean duela gutxira arte, "talde bakoitzak bazuen bere nortasuna eta ez zuen besteekin joan edo nahasi nahi", baina azken urteetan, beharrak bultzatuta, elkarlanak hasi dira. "Garai batean ezinezkoa zen topaketa bat egitea eta orain justuki IDB dantza sarean sistema garatzen ari da".

Dantzan Ikasi Topaketak 2022


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


Eguneraketa berriak daude