Zein da Javier Milei, Argentinako “izar komunikatibo” eta presidente izateko hautagai ultraeskuindarra?

  • “Arkumeak zuzendu beharrean lehoiak esnatzera nator”. Lelo horrekin aurkeztu ohi da Javier Milei ekonomista ultraeskuindarra. Argentinako esataria Argentinako pertsonaia ezagunenetarikoa bilakatu da, eskuin muturreko mezuak jaurtiz. Askatasuna Aurrera Doa (La Libertad Avanza gazteleraz) mugimenduaren hautagai gisa aurkeztuko da urriko hauteskunde presidentzialetara.


2023ko uztailaren 28an - 09:45
Azken eguneraketa: 11:50

Gobernura iritsi ezkero zergak desagerrarazi, abortua legez kanpo utzi edota organoen trafikoa liberalizatuko duela zin egin du. Milei izango da urrian ospatuko diren hauteskunde presidentzialetako nobedadea.

Mileik organoen trafikoa liberalizatu eta merkatu bat sortu asmo duela adierazi zuen Ahots + telebista saioan “nire lehen jabetza nire gorputza da” aldarriaren pean. Errealitateak fikzioa gaindi lezake zenbait inkestek dioten bezala Milei urriko presidentzialak irabaziko balitu.

Baina nor da Javier Milei?

Ikasketaz ekonomista La Nación egunkari kontserbadorean eman zituen lehen pausoak gai ekonomikoetako zutabegile gisa. Mauricio Macri eskuindarra presidente zela eman zuen telebista platoetarako jauzia. Urteak daramatza berak zuzenduriko Demoliendo Mitos (Mitoak Erausten) eta Cátedra Libre (Katedra Librea) irratsaioetan Argentinako ekonomia iraultzeko muturreko neurri neoliberalen defentsa egiten.

Pesoaren debaluazioa eta hiperinflazioa agertoki egoki bihurtu dira bere errezeta ekonomikoek oihartzuna izan dezaten. Errezetaren osagai nagusia zerga gehienen eta banku zentralaren deuseztatzea litzateke. Argentinako pesoaren ordezkapen prozesua abiatu nahi du Mileik dolar amerikarraren mesedetan, dolarizazioaren bidez hiperinflazioari aurre egiteko. Dolarizazioak berarekin dakarrena aztertzeko erreportajea argitaratu zuen maiatzean Deutsche Welle kateak beronen aukera eta arriskuez hausnartu nahi duenarentzat. Hemeroteka begiratuko bagenu, argi da antzeko errezetek maiz ez dutela Argentinako ekonomia eta ongizatea egonkortzea lortu.

Hitzemateen gainetik baina CNN kateak berriki argitaratu duenez bere hautagaitzara batu diren Roque Fernández eta Carlos Rodríguez ekonomistek zenbait medioetan adierazi dute jada banku zentralaren desagertzea eslogan hutsa dela eta ezinezkoa dela Mileiren dolarizazioa berak aipatu duen moduan egitea. Adierazpen kontraesankor polemikoen artean, ordea, bere mezuak aurrera egiten jarraitzen du. Gazteen eta langileen sektore batzuetan gailentzen ari ei da bere mezua, hala dio Eduardo García Granadok El Salton argitaratutako artikuluan. Kazetariak artikuluan dioenez, irratsaioez gain, ekonomia gai nagusi duten bere saioetako pilula probokatzaileak sare sozialetatik zabalduz, gobernuaren etsai nagusienetako bat bilakatu da.

Argentinako eragile komunikatibo garrantzitsu bilakatu da eta eskuin muturreko populista gehienen gisan, egoerarekin haserre daudenak bereganatzea da bere estrategia nagusietako bat eta hein batean lortzen ari dela dirudi.  

Argazkia: Clarín

Mileiren ibilbide politikoa

Askatasuna Aurrera Doa (La Libertad Avanza gazteleraz) mugimenduan eman zituen bere lehen pauso garrantzitsuak 2021eko udazkeneko hauteskunde legegileetara aurkeztu ostean. Buenos Airesko barrutian bozken %17 eskuratuta diputatu nazional atera zen egun bere konfiantzazko pertsona den Victoria Villarruel alderdikidearekin batera. Presidentzialetara begira, Villarruel da Mileiren figura politikoki hauspotzearen arduraduna. Espainiako Estatuan nabarmena den diaspora argentinarra konbentzitzeko asmoarekin Voxen hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain, Villarruel birritan egon da Federico Jiménez Losantos ultraeskuindarraren irratsaioan alderdiaren programa aurkeztu eta Mileiren aldeko kanpaina egiten.  

Arlo ekonomikoa Mileiren eskuetan dago, baina diskurtso politiko kontserbadorea markatzen duena Villarruel da. Diktadurako jeneral garrantzitsu baten alaba da eta Terrorismoa eta Bere Biktimen Ikasketa Legaletarako Zentroaren (CELTYV gazteleraz) sortzailea da. Jiménez Losantosi eginiko adierazpenetan zioen zentroadiktadura garaian mugimendu gerrillarien ekintzetan biktima izandakoak erreparatzeko sortua dela. Izquierda Diario agerkari argentinarrak bere figuraren errepasoa egin du eta zenbait elkarte memorialistak aurrez salatu bezala, zentroaren asmoak gerrillarien ekintzak argitzea baino diktadura militarraren hilketa masiboak ezkutatzea dela ondorioztatu dute. Kasualitatea izango da agian baina Villarruelek 2006an sortu zuen erakundea, Argentinako epaitegiek diktadura militarrak egindako gizateriaren aurkako krimenak aztertzeari ekin zion urte berean.

Zer diote inkestek?

Hego Amerikako Geopolitikaren Zentro Estrategikoak (CELAG gazteleraz) kontinenteko herrialdeen egoera aztertzen ditu. Testuinguru politiko zein ekonomikoa ikertu eta hobekuntzak ezarri asmoz lanak argitaratzen ditu erakundeak. Lan horietan dihardute Rafael Correa Ekuadorko presidente ohiak edota Alvaro García Linera Boliviako presidenteordea izandakoak. Maiatzean argitaraturiko txostenean erakundeak fokua Argentinan jarri du eta txostenak datu argigarriak eman ditu argentinarren iritziaren gainean.

Iritzi hauek eragin zuzena izan dezakete urriko presidentzialetan. Bozka asmoaren gainean txostenak dio eskuin muturra dela nagusi momentu honetan. Azterketa maiatzean burutu bazen ere alarma guztiak pizteko modukoak dira zenbait datu: Mileik irabaziko luke hauteskundeetako lehen itzulia bozken %29,3rekin, hiru puntura legoke egun gobernuan den Denak mugimendu ezkertiarra %26,1arekin eta jarraian Macri presidente eskuindar ohia %24,6arekin.

Esan bezala, hori uda aurretiko irudia litzateke. Abuztuan alderdi bakoitzak primarioak egingo ditu presidentzialetarako hautagaia aukeratzeko. Mileiren kasuan argi xamar dago bera izango dela Askatasuna Aurrera Doa mugimenduaren hautagaia. Primarioen ostean hautagai ofizial guztien lasterketa hasten denean ikusiko dugu Mileik orain arte bezala eutsiko dion erronkari eta “lehoiak esnatzeari” ekingo ote dion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


"Shock" bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


Eguneraketa berriak daude