Zazpi "klima kriminalen" bisaiak, Parisko karriketan ikusgai

  • Avaaz elkarteak COP21 klimaren goi-bileran parte hartzen ari diren zazpi “presio-taldetako” kideen argazkiak zabaldu ditu asteon Parisen, klima aldaketaren aurkako akordio eraginkorra oztopatzearren egiten duten lana salatzeko asmoz. Zazpi pertsona horien dosier bana argitaratu dute, halaber.


2015eko abenduaren 10an - 17:42
Bost izarreko hotelen inguruetan paratu dituzte afixak (Arg.: Avaaz).

Elkarteak bere webgunean azaldu duenez, lobby-egileon argazkiak dituzten 1.000 afixa jarri dituzte Frantziako hiriburuko bost izarreko zenbait hotelen inguruan, bakoitzaren aurpegiaren gainean Wanted oharra gehituta.

Gainera, COP21eko negoziazioak egiten ari diren gunera joateko gehien erabiltzen diren metro geltokien aitzinean esku-orriak banatu dituzte, argazkiokin.

“Ezagun da zazpi pertsona horiek energia garbietaranzko trantsizioa geldiarazteko egindako lana”, dio Avaazek, “eta euretako batzuek kliman adituak diren zientzialariak jazarri dituzte”.

Hauek dira kartelean agertzen diren zazpi pertsonak:

Benjamin Sporton. World Coal Association-eko (WCA) zuzendari exekutiboa. Ikatzaren industriak interesak ordezkatzen ditu WCAk. Ikatza da eguratsera CO2 gehien isurtzen duen erregai fosila, baina WCAk argudiatzen du hura dela munduko pertsona pobre askok energia eskuratzeko duten bide errealista bakarra. “Belarrira hain ondo ematen duen mezu horren emaileek ez dute esaten klima aldaketak kalte izugarria egingo diela munduko pobreenei”, dio Avaazek.

Myron Ebell. Competitive Enterprise Institute-ko (CEI) kidea. Ebellek Energia eta Ingurumen  Zentroa zuzentzen du CEI barruan. Klimari buruzko akordio globalaren aurka dago, funtsean. Cooler Heads Coalition-en (Buru Hotza dutenen Koalizioa) bitartez, “klima aldaketari buruzko alarmismoa saihestera eta energia ez errazionatzera” deitu ohi du publikoki. CEI erakundeak erregai fosilen industriatik jasotzen du finantzazioa. 1998 eta 2005 bitartean, ExxonMobil konpainiak bi milioi dolar baino gehiago eman zizkion.

Marc Morano. Climate Depot webgunearen kudeatzailea. Klimari buruzko desinformazioa zabaltzeaz gain, Moranok esan izan du klima aztertzen duten zientzialariak jende aurrean jipoitu beharko lituzketela. Zientzialari horietako askoren posta elektroniko helbideak argitaratu izan ditu, jendea haien aurkako mezuak idaztera animatuz. Climate Depot webgunearen sustatzailea CFACT eskuineko think tank-a da, hainbat petrolio-konpainiaren finantzazioa jasotzen duena.

Chris Horner. Ikatzaren sektoreko lobby-egilea. Myron Ebell bezala CEIko kidea da. Klimatologoak xaxatzen ditu euren posta elektroniko helbideak eskatuz, informazio eskubidearen aitzakiarekin. Ikatzaren sektoreko hainbat konpainiatatik jasotzen du dirua. Hainbat libururen egilea da. Horietan klima aldaketa ukatu eta haren aurako neurriak askatasun ebasleak direla salatzen du.

Bjorn Lomborg. Akademikoa, idazlea eta zinegilea. Azken boladan, Lomborg danimarkarrak –Ekologista eszeptikoa liburuaren egilea da– ekonomia deskarbonizatzeko dirua gastatzeari utz diezaiotela eskatu die munduko gobernuei, eta finantzazioa erabil dadila pobreenei aldaketara egokitzen laguntzeko. Avaazek dio ExxonMobilen dirua jaso izan duela bere liburuak sustatzeko, baina Lomborgek ukatu egiten du hori.

Fiona Wild. BHO Billiton meatzaritza-konpainiako ingurumen gaietako arduraduna. BHP Billitonen klima aldaketari buruzko estrategiaren zuzendaria da. Munduko ikatz ustiatzailerik handienetako bat da konpainia. “Enpresak inbertsioak dituen meategietako ikatza errez gero, milaka milioi tona karbono dioxido igorriko dira atmosferara”, salatu du Avaazek.  

James Taylor. Heartland Institute-ko kidea. Beroketa globala mitotzat jotzen du Taylorrek, klima aldaketa ukatzen diharduen Heartland Institutu estatubatuarraren bitartez. Haren esanetan, klima aldaketa gelditu egin da, eta ez da beroketarik izan azken hamar urteetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: COP21
2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Klimaren aldeko protestek Macron jo dute errudun

Bihar, larunbatean, deituta daude mobilizazio jendetsuenak. Ikasleek eskola eguna bertan behera utziz hasitako protestei segida emanen diote herritarrek, mobilizazio zabalekin.


2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Gazteen protesta eta grebak, klimaren aldaketa geldiarazteko Lapurdiko BABn

Mobilizazioak abian dira Frantziako Estatuan. Goizean lizeoetako ikasle asko kalera atera da. Frantziako Gobernuak gaiaz eztabaidatzera eta kontzientzia hartzera deitu dute. Ikasleek harago joan nahi dute. Bihar larunbatean, nazioarteko mobilizazioek segituko dute karriketan.


2019-02-22 | Mikel Asurmendi
Klimaren arazoa salatu dute herriko etxeetan
Macronen argazkiak udaletxeetako paretetatik kentzeko deia egin dute Bizi! eta ANV-COP21 mugimenduek

Atzo, otsailaren 21ean, Action Non-Violente-COP21 eta bizi mugimenduek, Frantziako Errepublikaren presidente Macronen argazkiak eraitsi zituen Paris, Lyon, Uztaritz eta Biarritzeko Herriko Etxeetan. Macronen gobernuak klimaren arazoaren aurrean daraman politika geldia salatzeko... [+]


2018-03-09 | Mikel Asurmendi
Klimaren borroka galtzen ari ote gara?

Bizi! mugimenduaren iritziz, 2015eko COP21aren karietara hartu ziren engaiamenduek ez dute inolaz ere klimaren egonkortasuna segurtatzen. Galdera da: klimaren borroka galtzen ari ote gara?


2016-11-11 | Unai Brea
Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko?

Iaz Parisen egindako klimaren gailurrean lortutako akordioa ospatu zutenek akordio horretan AEBak sartu izana nabarmendu zuten ospatzeko arrazoien arte. Aurtengo gailurra hasi eta bigarren egunean, hara zer den bizitza, estatubatuarrek presidente aukeratu dute klima aldaketa... [+]


Eguneraketa berriak daude