Joan Martinez Alier: "Parisko COP21 eta 'Zero Eranskin'-ekoen proposamena"


2015eko abenduaren 17an - 12:25
Joan Martinez Alier ekologia politikoaren aitzindarietakoa da. (Argazkia: Axier Lopez)

Parisen falta izan ziren klimazko justizia eskatuz iritsi behar zuen milioi erdi protestalarien bultzada eta beroa. Azaroaren 13ko sarraskiak (ehunka gazte hil edo zaurituta) animoa hoztu zien manifestatu behar zutenei, izan paristar edo kanpotik iritsitako. 2001eko irailaren 11 ostean gertatu bezala, Ipar eta Hego aldeko mugimendu sozial eta ingurumenaren aldekoen agenda alternatiboa bortizki atzeratu eta desbideratu zuten atentatu masibo hauek eta bizi ditugun gerrek (nahiz eta petrolioak eragindako gerrak izan). “Bakezko klima” eskatuz Parisko karriketan manifestatzeko egindako ahaleginek ez zuten eduki munduko agintariei presioa egingo zieten masek karriketan egingo zuten presioaren indar bera.

Klimaren Aldaketari buruzko Biltzarraren emaitzak arrakastatzat aurkezten dituzte batzuek, askoz negatiboago besteek. Ikuspegi ezkorra justifikatuta dago, ez baitago isuriak gutxitzeko konpromiso loteslerik, eta herrialde industrializatuek besteekiko daukaten klimazko zor historikoa ere praktikan ez da aitortu. AEBek eta Europar Batasunak aspaldiko urteotan boikotatzen dute zor honen aitortza, horrela beren buruak eta beren enpresak babestuz baldin eta epaitzen badituzte munduaren klima kaltetzeagatik, glaziarren desagertze eta itsas mailaren igotzeagatik.

Ospakizunetarako motiborik ez da, negutegi eragineko gas isuriek handiagotzen segituko dutelako urte gehiagoz, baldin eta ez baditu geldiarazten Txina eta India harrapatu ditzakeen krisi ekonomiko batek. Erregai fosilen eskaintza handiegiak eta horien prezio merkeak, eta berdin deforestazioak, ezinezko egiten dute tenperatura igoera mugatzea, Parisen alderantzizkoa aldarrikatu arren. Karbono dioxidoaren kontzentrazioak gehitzen jarraituko du atmosferan.

Panorama horretan, ingurumen justiziazko mugimenduetatik proposatzen da jarraitzea borroka lokaletan (eragin globala dute borroka lokalok) ikatza, petrolioa eta gasa lurpean uzteko. Oilwatch erakundeak 1997an Kyotoko bilera alternatiboetan proposatu zuen moratoria proposamena sekula baino indartsuago dago. Horixe da Naomi Kleinek ‘blockadia’ eta Oilwatchek ironiaz ‘0 [Zero] Eranskina’ deitzen dutena. Rio de Janeiroko 1992ko klimaren aldaketari buruzko itunaz geroztik, herrialdeak honela sailkatu ziren: alde batetik '1 Eranskinean' sartzen direnak (isuriak jaisteko konpromisoa hartzen dutenak) eta bestetik beste guztiak, oraindik konpromisorik hartu ez dutenak baina Parisko bilkura baino lehen beren proposamenak aurkeztu dituztenak. Oro har, Parisen aurkeztu diren proposamenak ez dira derrigorrezkoak, ez dakarte isurien gutxitzerik baizik eta horien handiagotzea.

Porrot honek indarra ematen die '0 Eranskinaren' aldekoei, erregai fosilak lurpean uztea lortzen duten lekuko mugimenduei. Esate baterako, Ende Gelände mugimenduko alemanek lignito meatzeak geldiarazi dituzte. AEBetan Keynestone XL petrolio hodia eraikitzea erresistentzia ez bortitzez geldiarazi dute manifestariek. Andra Pradehsko (India) Sompetan herritarrek lortu dute (beraietako batzuek bidean bizia galduz) ekosistema eta lekuko bizimodua suntsitu behar zizkieten ikatz meategia eta zentral termo-elektriko erraldoia gelditzea. Boliviako Takovo Mora indigena guaraniek errefusatu zuten beren lurrean petrolioa bilatzea eta 2015eko abuztuan blokatu zuten Santa Cruz – Camirí errepidea, eta ondoren poliziak esku hartu zuen beren bizilekuetan sartuz eta jendeak gaseztatuz, salatu zutenez. Oraintxe bertan antzeko ehunka kasu ari dira gertatzen munduan, tartean kontatuz francking gasaren kontrako mugimenduak. Hauek dira “0 Eranskineko” mugimenduak.

Parisen oso bistan azaldu ziren (nahiz eta agiri ofizialetatik urrun) Ekuadorreko Amazoniako Sarayaku kitxua jendea, petrolio konpainiei oinak gerarazi dizkietenak. Komunitate honetako kideak izan ziren duela urte batzuk Sumak Kawsay (“bizitza ona”) kontzeptua zabaldu zutenak. 2002an CGC (Compaía General de Combustibles) korporazio argentinarra Ekuadorreko armadak lagunduta legez kontra barneratu zen Sarayaku lurraldean, petrolioa non dagoen bilatzeko leherketak eginez. Herritarrek kanporatu zituzten. Azkenean kasua Comision Interamericana de Derechos Humanos erakundera eraman zuten, indigenen eskubideen defentsako aurrekari historikoa sortuz.

Horien bozeramaile Patricia Gualingak Parisen deklaratu zuen herri indigenei aitortu behar zaiela gai honetan lehen mailako eragileak direla, dagoenekoz lagundu dutela lurraren beroketa goxatzen, borrokatuz petroleoaren eta meatzeen ustiaketaren kontra eta oihanak atxikitzearen alde. Horiek dira “0 Eranskinaren” kide nabarmenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: COP21
2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Klimaren aldeko protestek Macron jo dute errudun

Bihar, larunbatean, deituta daude mobilizazio jendetsuenak. Ikasleek eskola eguna bertan behera utziz hasitako protestei segida emanen diote herritarrek, mobilizazio zabalekin.


2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Gazteen protesta eta grebak, klimaren aldaketa geldiarazteko Lapurdiko BABn

Mobilizazioak abian dira Frantziako Estatuan. Goizean lizeoetako ikasle asko kalera atera da. Frantziako Gobernuak gaiaz eztabaidatzera eta kontzientzia hartzera deitu dute. Ikasleek harago joan nahi dute. Bihar larunbatean, nazioarteko mobilizazioek segituko dute karriketan.


2019-02-22 | Mikel Asurmendi
Klimaren arazoa salatu dute herriko etxeetan
Macronen argazkiak udaletxeetako paretetatik kentzeko deia egin dute Bizi! eta ANV-COP21 mugimenduek

Atzo, otsailaren 21ean, Action Non-Violente-COP21 eta bizi mugimenduek, Frantziako Errepublikaren presidente Macronen argazkiak eraitsi zituen Paris, Lyon, Uztaritz eta Biarritzeko Herriko Etxeetan. Macronen gobernuak klimaren arazoaren aurrean daraman politika geldia salatzeko... [+]


2018-03-09 | Mikel Asurmendi
Klimaren borroka galtzen ari ote gara?

Bizi! mugimenduaren iritziz, 2015eko COP21aren karietara hartu ziren engaiamenduek ez dute inolaz ere klimaren egonkortasuna segurtatzen. Galdera da: klimaren borroka galtzen ari ote gara?


2016-11-11 | Unai Brea
Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko?

Iaz Parisen egindako klimaren gailurrean lortutako akordioa ospatu zutenek akordio horretan AEBak sartu izana nabarmendu zuten ospatzeko arrazoien arte. Aurtengo gailurra hasi eta bigarren egunean, hara zer den bizitza, estatubatuarrek presidente aukeratu dute klima aldaketa... [+]


Eguneraketa berriak daude