Protestak areagotu egin dira Iranen Mahsa Amini emakume kurduaren heriotza dela eta, bereziki Iraneko Kurdistanen. Iturri batzuen arabera bost hildako izan dira dagoeneko Iraneko segurtasun indarren oldarraldian. Agentzia kurduen esanetan zazpi dira.
Mahasa Amini emakume kurdua hilaren 13an atxilotu zuten Teheranen, Iraneko hiriburuan, eta torturaz hil zutela salatzen dute Kurdistango giza eskubideen aldeko hainbat erakundek eta protestan ari diren milaka herritarrek.
Manifestazioetan argi utzi nahi dute ez daudela egungo Iraneko Buruzagi Gorenarekin, baina ezta ere Shah Mohammad Reza Pahlavi mandatari ohiaren jarraitzaileekin. Reza Palavi AEBetako laguntzarekin egindako estatu kolpea medio iritsi zen boterera 1953an, eta 1979an kanporatu zuten iraultza islamikoarekin.
Orduz geroztik, Iranen emakume guztiek hiyab-a edo zapiarekin estali behar dute burua. Amini atxilotu zutenean bere anaiarekin zegoen, eta haren erranetan, poliziek esan zioten arreba komisaldegira eramango zutela “beharrezko formazioa” egitera. Polizia etxetik hilik atera zen Amini eta Poliziaren arabera, bihotzekoak eman zion.
Familia: “Ez zegoen gaixo”
Familiaren esanetan, halaber, atxiloketaren lekukoen arabera, autora sartu zutenean tratu txarrak eman zizkioten Aminiri. Kurdistango Hengaw giza eskubideen taldeak emandako datuen arabera, Irango Poliziak bost lagun hil ditu, horietatik hiru Divandareh, Saqqez eta Dehglan herrietan, eta 250 pertsona atxilotu ditu eta 221 zauritu. Irango agintariek hiru hildakoren berri eman dute, horietako bat segurtasun indarretako kidea. ANF albiste agentzia kurduaren arabera, zazpi hildako izan dira dagoeneko, 250 zauritu eta 500 atxilotu.
Protests have intensified in Iran over the death of a Kurdish woman, Mahsa Amini in police custody. At least three people have been killed in the protests so far and several have been arrested so far. pic.twitter.com/3seMS20r1E
— redfish (@redfishstream) September 21, 2022