Zeelanda Berriko Parlamentuak pertsona juridiko izendatu du Whanganui ibaia lege bat medio eta horrekin ibaia halako estatusa lortzen duen lehena da munduan.
Herrialdeko ipar uhartean da ibaia eta bertako maorien herriak gurtzen duena. 290 kilometro ditu eta herrialdeko hirugarren luzeena da. Erabakiaren arabera, ibaiak eskubide eta betebeharrak izango ditu eta auzitegi baten aurrean bi pertsonek ordezkatuko dute, batek Estatuaren izenean eta besteak Whanganui iwi herriarenean (maoriak).
Negoziazioak bideratu dituen Chris Finlayson ministroaren esanetan, askok pentsa dezakete bitxia dela ibai bati pertsona izaera ematea, “baina ez zaigu arrotza egiten familia fundazio bati, konpainia bati edo elkarte bati izaera hori ematea”.
Adrian Rurawhen Zeelanda Berriko parlamentari laboristaren esanetan maorientzat ibaiaren ongizatea haien ongizateari lotua dago. Eta, funtsean, ibaiari pertsona izaera ematearen ideia maoriek eta Whanganui ibaiaren lotura estutik dator, herri honen esaera honek hala laburbiltzen duena: “Ni ibaia naiz eta ibaia ni da”. Maoriak 1870etik ari dira eskaera hau egiten.
New Zealand Herald egunkariak azaltzen duenez, akordio honekin batera ibaiak 52 milioi euro jasoko ditu konpentsazio gisa, 19 milioi bere egoera hobetzeko eta 1 bere legezko egoera finkatzeko.
Parlamentuan ziren maorien herriko ordezkariek abestuz eta dantza eginez hartu zuten erabakia, egunkari neozelandarrak egindako bideoan ikus daitekeen gisan.