Villabuena, Mendexa, Irun, Faltzes, Luzaide eta Pettarreko dantzariak izango dira Basaurin

  • Irailaren 14tik 16ra Euskal Herriko tokiko dantzen emanaldiak izango dira Basaurin.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko irailaren 10an - 10:40
Pettarreko maskaradak (Iturria: Dantza.eus; egilea:Amaiur Aristi)

Villabuena, Mendexa, Irun, Faltzes, Luzaide eta Pettarreko dantzariak izango dira beren herriko dantzak erakusten. Azken 40 urteetan lehenengoz ikusi ahal izango ditugu Basaurin Villabuena herriko dantzak bertako gazteek dantzatuta. Mahai-gainekoa ere Mendexako dantzariek dantzauko dute, 1981etik ez dute parte hartu mendexarrek Basauriko Agerketan. Aurreko urtean maskaradak eman zituzten Pettarreko gazteek, berriz, lehen aldiz hartuko dute parte Basauriko Dantza Agerketan.

Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek elkarlanean antolatzen dute 1972. urtean sortu zen Euskal Herriko Dantza Agerketa. Duela 46 urtetik urtero antolatzen dute jaialdia, euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Eguraldia ona bada, Bizkotxaldeko parkean egingo dute aurten jaialdia, bestela, Social Antzokian.

Agerketa irailaren 14an hasi eta 16an bukatzen bada ere, emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, irailaren 15ean. Emanaldi horretan hartuko dute parte Euskal Herriko punta bakoitzetik etorritako sei dantza taldek.

Kaxkabar (Villbuena, Araba): Villabuenako dantza taldea desagertu egin zen, Basaurin 1977ko Dantza Agerketan azken aldiz dantzatu eta gero. Duela sei urte, ordea, herriko gazte batzuek bertako dantzak berreskuratzea eta dantza-taldea eratzea erabaki zuten. Horretarako beste herri batzuetako taldeen laguntza izan zuten, haiek euren errepertorioan mantendu baitzituzten. Ezpelezko makila zaratatsuak elkar joka egindako zortzi makil-joko dantzatuko dituzte: Rompecejas, Castañuela, Oficios, Culo, Te vi… Herrian urtean bi aldiz dantzatzen dituzte paloteadoak: maiatzaren 15ean, San Torkuato egunean, eta azaroaren 30ean, San Andres egunean.

Mendexako dantza taldea (Mendexa, Bizkaia): Ia 40 urte dira Mendexako dantzariak Basaurira ez direla joan mahai-gainekoa dantzatzera. Nahiz eta 5,60 metroko luzera duen eta mahai astun-astuna den, urtero abuztuaren 1ean dantza hori egiteko erabiltzen duten mahaia eramango dute Basaurira. Mendexan tradizio hori XX. mendearen hasieratik mantendu da. Herriko alkatea mahaiburuan jesarri eta mahai gainera igotzen diren dantzariei baso bat ardo eskaintzen die. Hasieran gizonezko helduek soilik dantzatzen zuten baina 1990eko hamarkadatik emakumeek eta umeek ere dantzatzen dute. 

Kemen (Irun, Gipuzkoa): Agurrarekin hasi eta Gipuzkoako dantza-sortarik ezagunena egingo dute ondoren: brokel-dantza. Taldeko neskek, berriz, Soinu Zaharrak eskainiko dituzte.

Makaia (Faltzes, Nafarroa): Faltzes herriko gazteek orain dela 25 urte berregindako bost dantzak eramango dituzte agerketara. Bernardo de Zala y Galdeano faltzestarrak 1.700ko liburu batean argitaratutako doinuetan oinarritu ziren. Dantza batean “faltzea” erabiltzen dute, olibondoak lantzeko erabiltzen zen igitai mota; horri zor omen dio, hain zuzen ere, herriak bere izena.

Luzaideko bolantak (Luzaide, Nafarroa): Bolantak ez dira dantza-taldea, herriko jendea baizik. Entseguetara inoiz 140 pertsona ere joan izan dira. Hasieran inauterietan dantzatzen zuten, baina 1969tik hona Pazko-Igandean egiten da. Basaurin dantzarik esanguratsuenak dantzatuko dituzte, hala nola, bolant-dantza eta zenbait jauzi. Horrez gain, bikoteka egindako kontra-dantzak ere dantzatuko dituzte.

Pettarreko gazteak (Pettarra, Zuberoa): Iaz, 2017an, Zuberoako iparraldean dagoen Pettarre eskualdeko lau herritako gazteak elkartu ziren maskaradak egiteko. Horiek izango dira, Zuberoko maskaradetako zenbait dantza eta erritu erakutsiko dituztenak: Barrikada, Aitzina Pika, Ostalersa eta Godalet dantza.

Egitaraua

Irailak 14 ostirala: Erromeria Solobarria plazan.

Irailak 15 larunbata: Euskal herriko tokiko dantzen emanaldia.

Irailak 16 igandea: Basauriko dantza taldeen emanaldia (Basauritar Dantza Taldea, Agintzari Dantza Taldea, Edurre Euskal Dantza Taldea).

 

Albiste hau Dantza.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


Eguneraketa berriak daude