Ukraina, Europa eta energia: nola itzuli berriro nekazari pobre izatera

  • Gerra guztiak dira baliabideak eskuratzeko gerra eta, garai modernoetan, gehienak piztu dira gure zibilizazioaren existentzia bera ahalbidetzen duten baliabideak lortu nahian: erregai fosilak. Denok dakigu Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Sobietar Batasuna menderatzeko saiakerak porrot egin zuela Kaukasoko petrolio-baliabideen kontrola eskuratzea lortu ez zutelako. Berrikiago, Carter presidente iparramerikarrak deklaratu zuenez gero Ekialde Hurbileko petrolio-baliabideek Estatu Batuentzat "hil ala biziko interesa" dutela ("Carter doktrina"), inor ez lukete ezustean harrapatu behar eskualde horretan AEBek hasitako gerra eta bonbardaketa-kanpaina ugariek.


2022ko urriaren 05an - 07:00
Langilea gasaren presioa kontrolatzen Sayda hirian, Alemanian. (Argazkia: Matthias Rietschel)

Batzuetan, ordea, erregai fosilek gerretan jokatzen duten papera pittin bat konplikatuagoa da beste norbaiti baliabideak lapurtzen saiatzea baino da. Gerta liteke batek gerra piztea ez baliabide batetik gutxiegi daukalako, ugariegi daukalako baino. Hau izan daiteke Ukrainako gerraren kasua, interpretatu baitezakegu fracking-ak Estatu Batuetan izan zuen eraginaren zuzeneko ondorio gisa. Azken 10 urteetan, gutxi gorabehera, fracking-aren garapenak AEBetan ekarri du bertan sortutako erregai fosilen ekoizpenak azken 40 urteetako goia jo eta gutxiagotzen hasteko joera berriro lehengo mailetara eramatea.

Norbaiti ohean zaldi bati moztutako burua jarritakoan bezala: gasaren merkatu europarra orain beste familia mafioso baten lurraldea da

Horren ondorioz, ekoizle estatubatuarrek berriro muturra sartu ahal izan dute energiaren merkatu globalean petrolio- zein gas-esportatzaile gisa. Eta Mendebaldeko Europa bilakatu zen negozioa zabaltzeko merkatu potentzial. Arazoa zen Europako merkatua ekoizle errusiarren esku zegoela, hauek ezarrita zeukatelako gas naturala Europara merke esportatzeko gasbide sare bat. Estatu Batuetako "gas natural likidotua"-k (GNL) ezin zuen lehiatu Errusiatik hodi bidez iritsitako gasarekin, gas amerikar likidoak, garraiatzeko eta birgasifikatzeko dauzkan kostuengatik.

Ekonomiako eskuliburuetan esaten denez, merkatu libre batean produktu merkeenak beti irabazten diete garestiagoei. Alabaina, mundu errealean, merkatuak ez dira askeak inondik ere. Mafiako edozein capok esaten ahal dizun bezala, kokainaren merkatua ez da prezio kontua bakarrik: negozioan aurrera egin nahi baldin baduzu, zuk zeure lurraldea defendatu beharra daukazu. Eta ez hori bakarrik: batzuetan, kontrolatzen duzun eremu hori zabaldu dezakezu ondoko lehiakideekin landuz adiskidetasunezko tratuak (edo ez hain adiskidetsuak). Horri deitzen diote batzuek norbaiti "besoa bihurritzea", baina jokaldian erabil daitezke norbaiti sorbalda haustea baino metodo askoz zorrotzago eta mingarriagoak. Antzeko kontsiderazioak egin daitezke erregai fosilez, merkatu honetan estatuek jokatzen baitute mafiako familien era berdinean.

Azken hilabeteetan ikusi dugu lehiakideen arteko harreman ez adiskidetsu baten adibidea, Europako gas naturalaren merkatutik Errusia kanporatzeko helburuz egina. Honetan, Ukrainako gerra da ikuskizun nagusiaren alboko bigarren mailako ikuskizuna: benetakoa gas naturalaren merkatua da, eta puntu kritikoa gertatu da Nord Stream gasbidearen sabotajearekin. Egilea edonor izan dela ere, mezu argia bidali die guztiei, norbaiti ohean zaldi bati moztutako burua jarritakoan bezala: gasaren merkatu europarra orain beste familia mafioso baten lurraldea da.

Europa behar adina gas lortu nahian desesperatuta dabilen bitartean, energia ekoizleek garai oparoak gozatuko dituzte. Ez espero europar gizagaixoekin errukirik

Honek ez du esan nahi Errusiak Europara egiten dituen gas-esportazioak berehala etengo direnik. Gas errusiarra erabat ordezkatzeak eskatuko luke AEBetatik inportatutakoa hamar aldiz biderkatzea. Agian ez da ezinezkoa, eta gasa esportatzen duten beste herrialde hornitzaile batzuek ere lagundu lezakete horretan. Baina ez da denbora laburrean lortu daitekeen zerbait. Europar Batasuneko estatuek 150.000 milioi metro kubiko gas inportatzen dituzte Errusiatik eta soilik 15 milioi AEBetatik. AEBek 100.000 milioi metro kubiko baino gehiago esportatzen dute, baina gehiena Kanadara eta Mexikora doa hodi bidez.

Zorte apur batekin, Errusiak ez du etengo gasbideak erabiliz gasa Europara bidaltzea. Eta gero, energia berriztagarrien aldeko bultzada handiak asko lagun diezaieke europarrei. Baina normalki merkatuak jokatuko du testuliburuetan idatzita dagoen moduan: eskasia egoera batek dakartza prezio altuagoak. Beste hitzetan esanda, Europa behar adina gas lortu nahian desesperatuta dabilen bitartean, energia ekoizleek garai oparoak gozatuko dituzte. Ez espero europar gizagaixoekin errukirik edukiko dutenik: zer dela eta errukituko dira? Mafiak ez dira karitatezko erakundeak.

Beraz, datozen urteetan Europan ikusiko ditugu batera gasaren eskasia eta prezio altuak. Horrek ondorioak ekarriko ditu. Europako herritar askok, pobreek bereziki, iluntasuna eta hotza nozitu beharko dituzte datorren neguan eta ondorengo beste negu gehiagotan. Eta Europan ez da egongo lider bakar bat gai izango dena adierazteko Europako bizimodua "ez dela negoziagai", AEBko herritarrez Bush lehenak esan zuen gisan. Imajinatzen duzue holako zerbait esatera ausartzea Von der Leyen andrea, inork hautatu gabeko Europako Batzordeko presidente? Beraz, Europako herritarren bizi maila ura harraskako hustubidetik doan bezala joango da, eta agian saihestezina zen egun batean ez bada bestean hala gertatzea. Baina koska benetan galdera honetan dago: Europako sistema industrialak bizirik iraungo ote du energiaren prezio altuetan?

Europako herritarren bizi maila ura harraskako hustubidetik doan bezala joango da

Hori bai ez dagoela batere argi, eta litekeena da estatubatuarrak laster ohartzea arrautzak kendu nahian oiloa bera hil dutela. Energiaren prezioak lehen halako bost eta hamar aldiz altuagoak baldin badira, Europako produktuak ezingo dira lehiakorrak izan mundu mailako merkatuan. Horrek lekarke Europako sistema industriala kolapsatzea eta kontinentea itzultzea duela bi mendeko nekazaritza-ekonomiara.

Hori litzateke berpiztea "Morgenthau plan" zaharra, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren Alemaniari ezartzeko proposatua [alemanentzako zigortzat Henry Morgenthau AEBetako Altxorraren ministroak proposatua; azkenean plan hori baztertu eta bestelako zigorrak ezarri zizkieten aliatuek galtzaileei] helburutzat zeuzkana Alemaniako ekonomia industriala suntsitzea eta Alemaniako biztanleriaren zati handi bat gosez hiltzea. Gaur Europan halako zerbait gertatuko balitz, Europako populazioa murriztea ekarriko luke, baina, tira, lehen ohartarazi dizuet konturatu naiz mafiak ez direla karitatezko erakundeak! Duela gutxi Victoria Nuland andreak [AEBetako enbaxadorea Europarako 2014an] argi eta garbi azaldu zigunez, nori axola zaizkie europarrak? Lehen nekazariak izan baziren, bizirik geratuko direnek landuko dituzte soroak berriro.

Ugo Bardi kimikari eta kliman adituaren artikulu hau haren The Seneca Effect blogetik euskaratu dugu. ARGIAren Larrun gehigarrian "Peak civilisation': Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?" plazaratu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude