Euskararen erabilerak beherakada nabarmena izan du herri euskaldunetan ere eta neurriak eskatu dituzte

  • UEMAk argitaratutako txostenaren arabera, herri euskaldunenetan izan da galera handiena: etxeko erabilera %81 izatetik %59 izatera igaro da hogeita hamar urtetan. UEMAtik kanpoko udalerriek, berriz, hobetu egin dute euskararen egoera soziolinguistikoa. Datuak aurkeztearekin batera, aztertzaileek egiturazko neurriak exijitu dituzte, egoerak oraindik eta okerragora egin ez dezan.

UEMAk kezka adierazi du euskararen asguneetan egoera soziolinguistikoak okerrera egin duelako. / Argazkia: UEMA

2022ko azaroaren 16an - 17:15
Azken eguneraketa: 19:50

Udalerri euskaldunek euskararen ezagutzaren galera nabarmena izan dute azken hamarkadetan EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta are gehiago jaitsi da erabilera. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argitaratu ditu datuok biltzen dituen txostena asteazkenean, eta kezka agertu du euskararen arnasgune diren herrien desagertzeko arriskuagatik. Ezagutza gutxitu da, etxeko erabilerak behera egin du, eta lehen hizkuntza moduan euskara zutenen ehunekoa ere txikitu da.

Herri euskaldunetan, ezagutza %73 inguruan mantendu da 1991tik, baina etxeko erabilera %54tik %41era jaitsi da. Are larriagoa da arnasguneetan: ezagutza nabarmen jaitsi da, eta erabilera  %81 izatetik %59 izatera igaro dira. Alegia, geroz eta euskaldunago izan duela 30 bat urte, orduan eta galera handiagoa izan dute ezagutzan eta etxeko erabileran.

Joan den maiatzean, Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabileraren datuak argitaratu zituen, eta eremu euskaldunenetan jaitsi egin zela nabarmendu zuen. 

Herri euskalduntzat hartzen ditu UEMAk biztanleen %70 baino gehiagok euskara menperatzen badu. Beste maila bat ere ezartzen du, euskararen arnasguneak: %80 baino ezagutza handiagoa dutenenek osatzen dute. 2021eko euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu dute, eta horretarako Eustaten Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarritu da. Hortaz, datuok EAEra mugatzen dira. 1991ekoekin alderatu dituzte.

Euskara lehen hizkuntza ere gutxiagok

Joera berdina izan du lehen hizkuntzaren tasak. Biztanle euskaldunek geroz eta gutxiago dute euskara lehen hizkuntza gisa. UEMAk asteazkenean argitaratutako txostenaren arabera, euskararen egoera soziolinguistikoa aldatzearen atzean daude faktore hauek: batetik, herri euskaldunetan lehen baino erdaldun gehiago –euskaraz ez dakitenak– bizi direla; eta bestetik, euskaldunen hizkuntza eta gizarte ohiturak aldatu izana.

Kontrara, euskaldun gutxien biltzen zituzten EAEko herrietan hazi egin dira ezagutza eta erabilera azken urteetan. Hala, gehiago dira biztanleen %70ak euskara menperatzen duten herriak, eta beraz, euskalduntzat jotzen dira: 129 dira, EAEko udalerrien erdia baino gehixeago. Igoera izan duten herriak Araban, Bizkaia mendebaldean eta Donostia inguruan kokatzen dira.

Datuon harira, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak ondorioa garbia dela uste du: euskararen arnasguneak "hauskorrak" direla, eta hortaz, ezin dela lasaitu. Ezinbestekoa da egiturazko neurriak ezartzea, Lazkanoren ustez, eta hizkuntza politika sendoak hartzea, esparru guztietara zabalduko direnak. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude