Txosnetatik eztabaida politikora


2023ko maiatzaren 08an - 16:34

Aurtengo Tolosako inauterietan txarangak bezain zaratatsua izan den gatazka baten lekuko izan gara. Tolosako Udalak txosna batzordeari Inauterietako txosna urteroko tokitik mugiarazteko agindua eman zion. Txosna batzordea osatzen duten taldeek (Ernai eta GKS, besteak beste) udalaren erabakiari aurre egiteko mobilizazioak martxan jarri zituzten. Ondoren, Ernaik hartutako jarrera aldaketa baten ondorioz tirabirak sortu ziren batzordeko taldeen artean. Gertakari horrek ezker abertzaleko gaztediaren (Ernai) eta mugimendu sozialistako taldeen (GKS, Itaia, Ikasle Abertzaleak...) arteko hautsak harrotu zituen. Tolosan gertatutakoa, ordea, gazte mugimenduen artean gertatzen ari denaren adierazle da.

Gatazka horrek 2016an du jatorria. Ernairekin osatzen zuen batasuna hautsirik, Ikasle Abertzaleak (IA) Sortu eta EH Bildurekiko beste noranzko bat hartu zuen. Horrela hasi zen ezker abertzaleko gaztediaren (Ernai) eta Mugimendu Sozialistaren (Ikasle Abertzaleak, GKS…) arteko lehia. Ernairen ardatzak abertzaletasuna eta Euskal Herri independiente baten proiektu politikoa dira. GKSk, ordea, Euskal Estatu Sozialistaren (komunistaren) eraikuntza du helburu, kapitalismoa garaitzea bitarteko. Labur-labur: GKSk Ernairi Simone Weilek idatzitako hura leporatzen dio; “aberriaz asko hitz egiten denean gutxi hitz egiten da justiziaz”.

GKSren eztandak urduritasuna zabaldu du gizarteko zenbait sektoretan. U28an, adibidez, GKSk argi erakutsi zuen militantzia mailan lortutako arrakasta, Ernairentzat mehatxagarria izaterainoko arrakasta, hain zuzen ere. Era berean, komunikabide handienen argitarapenak ikusi besterik ez dago GKSren agerraldia, orokorrean, ez dela bat ere atsegina izan ohartzeko. Baina gaztetxo erradikal eta liskarzaleen errelatoa nagusitu bada, sektore erdalduneko eta kazetaritza tradizionalaren mundutik inposatutako ikuspuntua izan daitekelakoan nago. Gazteok ere ez dugu batere laguntzen fenomeno hauen ulergarritasuna hobetzen; gure “jurrutu” eta “borroka” bezalako kategoria baliogabeekin analisia lausotu baino ez baitugu egiten. Horregatik iruditzen zait hain beharrezkoa gazteon begirada zuhurra mugimendu gazte honekiko.

Lehenik eta behin, esan nahiko nuke GKS eta Ernairen arteko liskarrak iradokitzaileak izan direla, zeresana eman dutela, alegia. Euskal gizarteak galdetu behar izan du talde horiek esku artean zer dakarten. Horrek badu zerikusirik GKSk azkenaldian daraman antolaketaren helburuetako batekin; gizartearen grin politikoari erantzungo dion hezkuntza antolatzea. Duela gutxi antolatutako Herri Unibertsitateek argi erakutsi zuten beraien intentzioetako bat; gaztedia politizatzea eta kontzientzia politikoa berpiztea. Aspalditik politikarekin nazkatuta dagoen gizarte batentzat horrelako eskaintza bat antolantzea aberasgarria bezain itxaronpentsua iruditzen zait.

Bigarrenik, GKSren agerraldia sortuarazi duten arrazoien inguruan galdera batzuk datorzkit burura: ez ote da GKS politika instituzionalarekin nazkatutako gazte militanteen erantzun logikoa eta esperogarria? Ez al dute erakutsi badirela antolakuntzarako beste modu batzuk instituzio politkoetatik at? Hauteskundeak geroz eta gertuago ditugunean, bozkaz aparteko bide politiko batzuk erakusten dituzte elementu ezinbesteko baten bitartez; antolakuntza. Orain arte lortu dutena ez litzateke posible izango elementu lehergarri bezain boteretsu horrengatik ez balitz, gure gizarte indibidualista eta atomizatuetan hainbeste falta den antolakuntza.

GKSk orain arte izandakoak baino oztopo gehiago gainditu beharko dituelakoan nagoenez, ohartarazpen moduko iradokizun batzuk plazaratu nahiko nizkieke. Gaztediaren politizazioa dagoeneko politizaturik gabeko gazteengana zuzendu beharra dago, alegia; ideia politikorik ez dutenentzako moduko mugimendu baten beharrean gaude. Estetika gerrazaleak eta hizkuntza erasokorrak jendearen interesa piztu beharrean uxatu baino ez dute egiten. Era berean, XXI. mendean komunismo hitza entzute hutsak batzuoi segurtasunezko atzera pauso bat ematera garamatza. Ez al gara gazteok XIX. mendeko komunismoa gainditu eta proposamen berritzailerik sortzeko gai?

Liskar honek gure gizarteko zenbait kontzientzia berpiztu ditu. Hori izan da onuragarriena; herdoildutako adimenak astintzea. Lemak alde batera edo bestera egin, euskal gizarteak erabakiko du Euskal Herriaren noranzkoa. Dena delakoa dela, ganoraz aukeratutakoa izatea nahiko genuke. Horretarako, ordea, txosnetatik haratago eta, batez ere, txosnetatik kanpo pentsatu eta eztabaidatu beharra dago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude