Txapelketako bitxikeria historikoak

  • Urte luzeko ibilbidea du txapelketak, eta haren adinako pasarte sorta ere bai, txapeldunen agurrak bezainbeste hedatu ez diren arren. Antolatzaileok kontatuak dituzu hauek; eta badira gehiago…

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2022ko urriaren 17an - 09:29

Berriro ere kartzelara. 1980, Donostia

Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan egin ziren 1980ko eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak. Xabier Amurizak hartu zuen parte bietan; eta bietan txapela lortu ere bai. Amurizaren bikotekidearen aitak irratiz jarraitu zuten 1980ko finala. Entzuten ari zirela “Amuriza kartzelara bidali dute” entzun eta irratia itzali eta ohera joan zen, haserre. Goizaldean, Xabier etxera iritsi zenean jakin zuen txapeldun izan zela.

Euskal Herriko Txapelketa. 2009, Tolosa

Hasierako agurrak abesten ari ziren bertsolariak. Aurpegi arraroak ikusten ziren oholtzatik. Maiztasun jarraituko pilotakadak entzuten ziren; isiluneetan, nabarmen. Megafoniaren txisturen bat izango zela pentsatu genuen antolatzaileok lehenbizi, baina oholtza atzeko paretaren beste aldera eraman gintuen soinu jarriak. Han ari ziren bi lagun ping-pong jokoan; eta hirugarren bat eserita, begira. Goitik beherako jarreran joan ginen antolaketakook, gurea bezain garrantzitsua ezer ez denaren ustearekin: “Barkatu, Euskal Herriko Txapelketa jokoan da, eta oholtzan dena entzuten da. Gelditu egin behar duzue”. Gure lekuan jarri gintuen begira ari zenaren erantzun azkarrak, partidako epaileak: “Hau ere Euskal Herriko Txapelketa da. Lasai, bi tanto baino ez dira falta amaitzeko”.

Gorakoan geldi. 2009, Tolosa

Ganbaran (lehen kartzela) dauden bertsolari parte-hartzaileek oholtzan dagoen bertsolaria ez entzutea izaten da antolakuntzarentzat buruhauste. Maiz kiroldegietan are gehiago zailtzen da lan hori, uralitazko sabaiaren pean dena entzuten delako, hiru ate dituen biltegi txikienean ere; Tolosako Usabal adibide. Lurrazpiko gela batean jartzen genuen ganbara, eta zamalanetarako erabiltzen den igogailu batean etortzen ziren gora bertsolariak, behin aurrekoek lana amaituta. Igogailuan ez gora ez behera gelditu zen Iñaki Gurrutxaga. Minutu bateko geldialdia egin zuen; ez zitzaigun laburra egin tartea.

Berriarena. Barakaldo

Finaleko aurpegi berriak kantatu izan du goizeko saioko azken agurra. Azkenak Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre izan dira kantuan, pozaren trukeko lana hartuta. Berriak, oraintsu arte, kantukideen beste agindu bat ere jaso izan du: Barakaldoko oholtzan hotza egiten duenez, zortzi bertsolarientzat artilezko galtzerdiak eramatea eskatzen zioten berriari. Bakarren bat joana da BECera artilezko galtzerdiekin.

Saria kalean. 2013, Durango

Gaur egun furgoneta daukagu Bertsozale Elkartean, baina ez da beti hala izan. Lankideon autoak eta furgonetak erabili izan ditugu garraiorako; egun ere erabili behar izaten ditugu. Finalaren bezperetan trastez betetzen dira autoak. Finaleko prentsaurrekoa amaituta, Villabonara bueltan gentozen. Durangon egin genuen geldialdia, zerbait hartzeko edo uzteko. Lankidearen autoa trastez betea geneukan: gai-jartzailearen aulkia sartu behar genuen, eta ez zegoen zirrikiturik. Barruan genuena atera genuen Durangoko espaloi batera, eta dena sartzeko moduan berrantolatu genuen materiala. Hurrengo egunean, banketxe batetik deitu ziguten, finalean eman behar zuten saria Iurretako sukurtsalean entregatu zutela. Antza, herritarren batek espaloi gainean topatu zuen.

Komunean harrapatuta. 2017, Zalla

Komunera sartu eta ezin atea ostera zabaldu. Berria da Mimetiz pilotalekua, baina zer behar du ate batek kateatuta gelditzeko... komunean dauden bertsozaleei laguntza eskatu eta haiek abisua antolakuntzara. Antolakuntzako bi kide gerturatu ziren, baina denbora iraun zuen erreskateak: galdu zituzten bi-hiru bertsoaldi. Badakizue, itxaron bertsoaldia amaitu arte, sartzeko eta ateratzeko.  

Bazkaltzeko untxiak. 2017. Barakaldo

Finalaren bezperatan material ugari iristen da finala hartuko duen aretora. Furgonetak iritsi ahala, deskargatu eta kargamentuaren agiria sinatzeko presa izaten da, hurrengo kamioiari lekua egiteko. Oholtza, argiak, aulkiak, aldizkariak…bazkaltzeko jeneroa ere bai. Esandako orduan iritsi zen haragia ekartzekoa zen furgoneta: untxiak zekartzan. Dokumentua sinatu eta furgonetako atea zabaldu zutenean konturatu ziren untxiak bizirik zeudela. Sukaldaria larritu zen, hark ez zuela untxirik hilko. Ordu erdira argitu zen auzia: beste eskari bat zen Barakaldora eramandakoa, BECen ez zuten untxirik eskaintzeko asmorik. Oholtza atzean egun osorako usaina utzi zuen okerrak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude