30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak

  • 1993ko abuztuaren 20an, goizaldeko 5:00ak aldera, Santiago Ospitaleko larrialdietako osasun langileen talde bat Juan Calvo biziberritzen saiatu zen, alferrik: Arkauteko komisariatik hilotz irten zen bilbotarra. Medikuetako batek egindakoa aurpegiratu zien haserre poliziei, suminduta. Etxera heltzean, gogoratzen zuen guztia jaso zuen bi orriko idatzi batean, gertatua ahaztu ez zedin. Gero, ondorioen beldur, ezkutuan gorde zuen. ARGIAren eskuetan jarri du orain.


2023ko uztailaren 04an - 08:02
Azken eguneraketa: 2023-07-05 12:00:33

Medikuak emandako txostena eta ospitaleko beste langile batek eskainitako elkarrizketa, zinez gordinak biak, motore izan dira informazio berria bilatu eta Juan Calvo kasuan argi pixka bat egiten saiatzeko. Lortu ditugun material eta testigantza berrien artean dago forentseak Calvoren gorpuari eginiko autopsia ofiziala.

Medikuaren txostenak akatsen batzuk zituen diagnostikoan, azterketa pausaturik egiteko aukerarik ezaren ondorio (horregatik hartu dugu autopsia ofiziala oinarri marrazki anatomikoak osatzeko). Baina zuzen jaso zituen punturik esanguratsuenak: Calvoren gorpuak gasa botatzen zuela medikuei “eztula, narritadura-konjuntibitisa, zorabioak eta disnea” eraginez; kolpez, hematomaz eta zauriz lepo zegoela; lotuta egon izanaren arrastoak zituela eskumuturretan... Baina idatziak bestelako datu deigarririk ere ematen du.

Medikuak ertzainei esan zien Guardiako Epailea eta forentsea deitzeko, ospitalera hurbildu zitezen. Azkenean, berak deitu zuen 092ra

Txosten horri esker dakigu medikuak ertzainei eskatu ziela Guardiako Epaileari eta forentseari deitzeko, ospitalera bertaratu zitezen, begien aurrean zuenaren larritasunaz oharturik. Baina, beti ere medikuak txostenean jaso zuenaren arabera, “inork ez zuenez seinalerik ematen”, 092ra deitu zuen bere ekimenez. Agertu ziren epailea eta forentsea azkenik, eta medikuak aipatu zionean ertzainek ez ziotela deitu nahi izan, honek erantzun zion bi dei jaso zituela: lehena, heriotza “natural” baten berri ematen; bigarrena, bere presentzia galdeginez. Nork egin zuen lehenbiziko deia Calvoren heriotza “natural” gisa deskribatuz? Ertzaintza ez den beste inork egin zezakeen?

Jarraian Calvo hil eta ordubetera, Batzorde Judizialak aurkitu zuen egoeraren audioa.

Lan esperientzia luzea duen forentse profesional bati eskatu dio ARGIAk 30 urtez ezkutuan egon den medikuaren txostena eta autopsia ofiziala baloratzeko. Txostenari dagokionez, oro har zuzena eta zehatza dela adierazi du. Argitu du birikek zuten ur kantitate nabarmena edemaren ondorioa dela (ur hori dela eta, medikuaren txostenak jasotzen zuen heriotzaren kausa izan zitekeela Calvo "uretan murgildu" izana).

Azkenik, nabarmendu du ez dela ohikoa medikuek heriotza baten aurrean tamainako jarrera “proaktiboa” izatea (epailea eta forentsea bertaratu arazteaz gain, Calvoren ahotik irteten zen likidoaren laginak hartu zituzten analisirako), eta jarrera hori “positiboa” dela adierazi du.

30 urtez gordea izan du medikuak txostena, Calvo biziberritzen saiatu zen gauean etxera heltzean idatzitakoa.

Heriotza baten mapa

ARGIAren lantaldeak osatu dituen marrazki anatomikoak eta bideoa aztertzea da modurik egokiena ulertzeko Gasteizko Auzitegiko Institutu Anatomikoko Mercedes Sines Lafuente forentsearen autopsiaren edukia. Edonola dela, Calvoren gorpuak zituen: buruan bi ebaki, bat garezurreraino zabaltzen dena eta garunean odol-isuri txikia sortu zuena; barrabiletan “hematoma handiak”; biriketako edema akutua; eskumuturretan lotuta egon izanaren arrastoak; eta gorputz osoan gutxienez 47 kolpe (borrakadak, ustez), hemeretzi hematoma eta hamasei azaleko urradura, tamaina eta larritasun ezberdinetakoak.

Calvoren heriotza “biolentoa” izan zela dio autopsiak, kausa aipatu biriketako edema izan zela, eta Ertzaintzak erabiltzen zuen CS gasak sortua

Calvoren heriotza “biolentoa” izan zela dio autopsiak, kausa aipatu biriketako edema izan zela, eta Ertzaintzak erabiltzen zuen CS gasak sortua. Gasteizko Auzitegiko forentsearen arabera, ikuspegi “hertsiki mediku batetik” ezinezkoa da zehaztasunez ezartzea heriotza izan ote zen “istripu” baten ondorio, “suizida”, edo “hiltzailea”.

ARGIAk kontsultatu duen forentsearen esanetan, Sines forentseak egin zuen autopsia “kalitate onekoa” da: azterketa xehetasun handikoa izateaz gain, lagin ugari hartzen dira laborategietan analisia egiteko. Kolpeek oro har ez dute lesio garrantzitsurik sortzen; buruko atzeko ebakidura kolpe “esanguratsu” baten ondorioa behar du izan; barrabiletako hematomak ziurrenik kolpe bidez sortu ziren. Hiltzeko moduari dagokionez, medikuntza forentseak ez du baztertzen zenbait alditan dokumentatu den konbinazio bat gertatu izana, hiru faktorerena: gasa + polizien immobilizazioa + Calvoren “eldarnio asaldatua”.

Homizidioa

Erabateko desadostasuna du, azkenik, heriotzaren etiologiaz autopsiak egiten duen interpretazio irekiaz: bere esanetan, “zalantzarik gabe” heriotzaren kausa ez zen izan “istripua”, ezta “suizida” ere; Calvoren heriotza “hirugarren pertsonen esku hartzearen ondorioa” da, hortaz, “hiltzailea”. Komisarian hil zutela Calvo, alegia.

* Artikulu hau erreportaje zabalago baten parte da. Gainontzeko artikulu eta informazioak:

- Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian?

- ELKARRIZKETA | Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago ospitaleko langilea: "Gorpu hura masakratuta zegoen".

- BIDEOA | Juan Calvo: autopsiaren zenbait pasarte.

-  Calvoren heriotzaren lekukoa: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”

- Ertzainak eta Segurtasun Saila: gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian hila
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Calvoren heriotzagatik kondenatutako ertzainen inguruko informazioa eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari legebiltzarrean

Informazio eskaera erregistratu zuen EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak iragan ostiralean, ARGIAk jakin duenez. Juan Calvoren heriotzagatik auzipetutako ertzainen barne mailako diziplinazko espedienteak eta Ertzaintzan izan duten ibilbide profesionala eskatu dizkio... [+]


Ertzainak eta Segurtasun Saila
Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu... [+]


Eguneraketa berriak daude