Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian?

  • 1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo Azabal hil zuten Arkauteko komisarian, Gasteizen. Gorpuak biolentzia arrastoak zituen, eta gasa zerion ahotik. 1995ean zortzi ertzain zigortu zituzten zuhurtziagabekeria delituagatik, inork ez zuen lanpostua galdu ez espetxea zapaldu, inor ez zuten kondenatu tratu txar edo torturengatik. 30 urte betetzear direla, ARGIAk kasuaren inguruko informazio berriak lortu ditu: gorpuaren azterketa mediku eta forentseak; Calvo gorpu agertu aurretik artatu zuen erizainari elkarrizketa; eta gertatua “argitu gabe” geratu zela dioen lekuko zuzen bakarraren adierazpena, besteak beste. Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren Gasteizko komisarian? 1995ean epaiketa amaitzean, galdera horiek erantzunik gabe geratu ziren. ARGIAk publiko egiten dituen informazioek galdera berriak sortzen dituzte, eta orduko ziurtasun bakarra indartzen: egia ofizialak ez du azaltzen gertatu zena.

Irudia: ARGIA

2023ko uztailaren 04an - 07:52
Azken eguneraketa: 21:35

Has gaitezen bere garaian jakin zena laburbiltzen.

Lehenik eta behin, honela laburbildu zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Calvoren heriotza prentsa ohar baten bidez, abuztuaren 20ko arratsaldean. “Gaur goizaldean, ostirala, atzo arratsaldean Langraitzen (Araba) atxilotua izan zen pertsona hil da, Bilbon taxi bat lapurtu eta pertsekuzio ikusgarria burutu ostean. Atxilotuak, hiru aldiz ospitaleratuta egon zena hainbat psikiatrikotan, konortea galdu zuen nerbio-krisi bortitz bat izan eta lagundu nahi zioten ertzainei eraso egin ostean”.  Oharrak azalpen gehiago ematen zituen jarraian. Calvo 18:30ak aldera atxilotu zuten, “itxuraz nerbio-krisi egoera batean erresistentzia” jarri ostean. Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten “besoan” zuen “ubeldura” artatzeko eta komisariara eraman zuten atxilo. Han Calvoren portaera “normala” izan zen, harik eta 4:00ak aldera bere burua kolpatzen hasi zen arte “ziegako hormen aurka”. Ertzainak sartu ziren ziegara orduan, Calvok eraso egin zien, eta poliziek menderatzea lortu zutenean, konortea galdu zuen. Anbulantziak ospitalera eraman zuen Calvo, eta bertan baieztatu zuten heriotza.

Egin egunkariak, ordea informazio gehigarria argitaratu zuen, “Santiago Ospitaleko iturri seguruek” emana: Calvoren gorpuak ubeldura handiak zituen gorputz osoan, eskumuturretan, baita biriketako edema akutua ere, eta anbulantzian eraman zuten medikuek maskarak jarri behar izan zituzten hildakoak botatzen zuen gasaren ondorioz. Aurrerago argitaratu zuen, Segurtasun Sailak zioenaren aurka, Calvok orduak eman zituela lotuta eta immobilizatuta hil aurretik, eskumuturrean zituen arrasto sakonek adierazten zutenez.

Amnistiaren Aldeko Batzordeek, Elkarri mugimenduak edo Herri Batasunak torturei egotzi zieten heriotza. Segurtasun Sailaren azalpen eza kritikatu zuten Eusko Alkartasunak edo Euzkadiko Ezkerrak.

Segurtasun Sailaren lehenbiziko bertsioa: "Atxilotuak konortea galdu zuen nerbio-krisi bortitz bat izan eta lagundu nahi zioten ertzainei eraso egin ostean”

Segurtasun Sailaren bertsio berria

Abuztuaren 23an, lehenbiziko oharra zabaldu eta hiru egunera eta aipatu informazio eta erreakzioek behartuta, gertatuaren bertsio berria eman zuen Segurtasun Saileko bigarren arduradun nagusiak, José Manuel Martiarena kontseilariordeak.

Calvoren ustezko bortizkeria eta portaera “arraroa” gehiago nabarmendu zituen Martiarenak bere kontakizunean, eta onartu zuen ertzainek borrak eta gasa erabili zutela atxilotuaren aurka. Hainbat puntutan lehenbiziko bertsioarekin kontraesanean sartu zen bigarrena.

Ustezko liskarrari dagokionez, Martiarenaren eta Segurtasun Sailaren esanetan, horrela izan ziren gertakariak. Calvok komunera joatea eskatu zuen 3:45etan, ertzain bati ukabilkada eman zion bertan, eta hiru ertzainen artean saiatu ziren atxilotua menderatzen. Baina, “ezinezkoa zen gizon hura kontrolatzea, eta gertakarien itxura ikusita, agente batek defentsa espraia erabili zuen. Gasak ez zion eraginik egin eta atxilotuak agresibitatea areagotu zuen”. Ertzainek kalabozoetan itxi zuten Calvo, baina bi ate txikitu zituen kalera irten arte. “Jada kalean, zortzi agentek Calvo immobilizatu eta eskuburdinak jarri zizkioten”; jarraian pultsua “oso ahula” zuela ohartu ziren poliziak; anbulantziak eraman zuen orduan ospitalera.

“Bere gaixotasunaren biktima izan da”, ondorioztatu zuen Segurtasun Saileko kontseilariorde José Manuel Martiarenak

“Bere gaixotasunaren biktima izan da”, ondorioztatu zuen Martiarenak. Ertzaintzaren zaintzapean zegoen herritarrak buruko gaixotasuna izateak erakundearen eta agenteen ardura arintzen zuen antza, larriagotu ordez.

Garai hartako Ertzaintzaren arduradun politiko nagusiak, Juan Mari Atutxak, ez zuen adierazpenik egin irailaren 16ra arte beren zaintzapean hildako herritarraren inguruan. Behartuta egin ere, Gasteizko Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordean, Euzkadiko Ezkerrak eskatuta. Bere sailak emandako bigarren bertsioa berretsi eta osatu zuen, eta ertzainen jokabidea babestu zuen erabat: “Ez zen egon deliturik egiteko borondaterik, ez desproportziorik”.

Epaiketa eta sententzia

Heriotza eragin zuen zuhurtziagabekeria delitua leporatu zien Gasteizko Auzitegiko Hirugarren Instrukzio Epaitegiak zortzi ertzaini, 1994ko otsailean jakinarazi zuenez. Orduan ezagutu zen ofizialki autopsiaren emaitza: gorpuak hamarnaka kolpe eta biolentzia arrasto zituen, baina Calvo Ertzaintzaren espraien gasa arnasteagatik hil zen, eta zehazkiago, gasak sortu zion biriketako edemaren ondorioz.

Epaiketa 1995eko otsailaren 9an egin zen, eta sententzia 23an jakinarazi zuen Arabako Probintzia Auzitegiak: “Zorigaiztoko biktima –Juan Calvo– hiltzea eragin zuten gertakarien erruduntasuna Poliziako agenteena da, argi eta garbi, gasaren ondorio kaltegarrien jakitun, atxilotua ziegetatik ateratzea eragotzi baitzuten”.

ARGIA saiatu da sententzia osoa eskuratzen, baina ez du lortu momentuz: familiaren abokatu Txema Monterok eta TATeko Begoña de la Cal abokatuak ez dute jada gordea, epaitegian eskaera egina dugu (sententzia publikoa baita) baina informazio hau idazteko orduan ez digute helarazi. Edonola, orduko prentsan zein sarean bertan irakurri daitekeenez, epaimahaiak urtebeteko espetxe zigorrera kondenatu zituen sei ertzain, zuhurtziagabekeria ausartegiaren delituagatik: Juan Antonio Arenaza, Aitor Zubiaguirre Fernández de Gamarra, Francisco Javier Muñoz Miranda, Roberto Martínez de Arenaza García de Albeniz eta Rogelio González González. Sei urteko espetxealdia ezarri zion egun hartan agintean zegoen ertzain buru José Ignacio Couceiro Cuadrari, aurreko delituaz gain arduragabekeria profesionalaren larrigarria ezarrita. Gasa bota izana aitortu zuen ertzain bakarrak (espraia “bi aldiz” sakatuta, segundo batez bakoitzean), Cristina Martín Canabalek, hamar eguneko atzipenaldi edo arresto txikiko zigorra jaso zuen zuhurtziagakeriagatik, ez zuelako parte hartu Calvo gasaren eraginpean kalabozoetan itxita mantentzeko ahaleginean, tribunalaren arabera.

TATek eta Txema Montero abokatuak positiboki baloratu zuten ertzainei ezarritako espetxe zigorra, baina negatiboki Calvoren gorpuak zituen zauri eta kolpe arrasto ugariak falta bezala zigortzea, eta ez delitu gisa.

Inpunitatea

“Guztiz dementziala” izan zen ertzainei ezarritako zigorra Segurtasun Saileko kontseilariorde Martiarenarentzat, egunean bertan adierazi zuenez. Atutxak tonua apaldu zuen ordu batzuetara: sailak epaitegien erabakiak “errespetatzen” zituen, baina sententzia  “zorrotzegia” zen. Ertzaintzako sindikatuei dagokienez: “Lehenbailehen” indultua eskaera egitea eskatu zion Segurtasun Sailari CCOOk; “Ezarritako zigorrak benetan neurrigabeak iruditzen zaizkigu”, adierazi zuen ELAk; zigorra “bidegabe” jo eta zigortuei babesa adierazi zien Ernek. Zigortutako ertzainek sententzia errekurritu zuten.

Poliziek beren lanpostuetan jarraitu zuten,  ez zuen inork espetxerik zapaldu, ez dimisiorik aurkeztu. Calvoren familiak ez zuen jaso inongo azalpen, erantzukizun edo damu hitzik.

1996ko urtarrilean Espainiako Epaitegi Gorenak ertzain buruari zigorra beheratu zion sei urtetik urte bakarrera, eta gainontzeko zigorrak berretsi zituen. Finean, polizia guztiek beren lanpostuetan jarraitu zuten,  ez zuen inork espetxerik zapaldu, ez dimisiorik aurkeztu. Juan Calvoren familiak ARGIAri adierazi dionez, ez zuten jaso Ertzaintzaren aldetik inongo azalpen, erantzukizun edo damu hitzik.

ARGIAren informazio berriak

Santiago ospitaleko larrialdietan Calvo biziberritzen saiatu zen medikuetako bat inpaktaturik geratu zen bizitakoarekin. Etxera heltzean, gogoratzen zuen guztia idatzi zuen. 30 urtez gordea izan duen mediku txosten hori publikatzen du ARGIAk erreportaje honetan, baita gorpuaren autopsia ofiziala ere, audio formatuan.

Orduan erizain laguntzaile zen Patxi Bezaresekin mintzatu da ARGIA. Bezaresek zenbait zauri arin sendatu zizkion Calvori ertzainek lehenbizikoz eraman zutenean larrialdietara, iluntzean, atxilotu berritan. Hurrengo goizean lanera bueltatzean hila zuten Calvo. Gorpua ikusi zuen, eta dioenez hain zegoen “masakratuta” ezagutu ere ez zuela egin. Bezaresek kontatu du, besteak beste, Calvorekin kontaktu zuzena izan zuten medikuetako batek behintzat (etxera heltzean txostena idatzi eta gorde zuen berak) Ertzaintzaren jarraipenak eta mehatxuak pairatu zituela hurrengo hilabeteetan.

Garaian eman ziren zenbait informazio ezeztatu, eman ziren batzuetan sakondu, eta datu berriak plazaratuko ditugu erreportaje sorta honetan

Horrez gain, krimen horren lekuko zuzen bat dago (inputatutako ertzainez gain). Egun hartan Calvoren pareko ziegan zegoen atxilo M.U.M. delakoa. Lehenik Polizia aurreko deklarazioan ertzainen bertsioa berretsi zuen; baina epaiketan bere abokatuak ziurtatu zuen lekukoak kontatua ziola Calvo “txerritxo baten gisan” lotu eta “errukirik gabe kolpatu” zutela ertzainek. ARGIAk lekukoa topatu eta berarekin hitzordua egin du. Ez du informaziorik eman kalabozoetan ikusi edo entzun zuenaren inguruan, baina adierazi du “gauzak argitu gabe” geratu zirela.

Azkenik, Calvo hil eta ordu gutxira berarekin kontaktu zuzena izan zuten ertzainek komisarian bertan egin zituzten deklarazioak eskuratu ditu ARGIAk. Deklarazioen azterketaren emaitza argia da: ertzainen kontakizunak eta Calvoren gorpuaren egoera ez dira bateragarriak. Segurtasun Sailak ertzainak eta bere bertsioa babestu zituen erabat.

                                            ETAren hipotesia

Bilbon taxi bat lapurtu zuen herritarra ETAko kidea izan zitekeela pentsatu zuen Ertzaintzak denbora batez. Hilabeteotan ideia bera adierazi diote hiru pertsonak ARGIAri. “Guri heldu zitzaiguna da ETAkidea zela taxi bat lapurtu zuen eta atxilo zekarten herritarra”, dio ospitalean Calvo artatu zuen Patxi Bezaresek. Calvoren senideen abokatu Txema Monterok ARGIAri esan dio behintzat Calvo atxilotu arte hori izan zela Ertzaintzaren ustea, “zalantzarik gabe”. Ertzaintzak Calvo ETAkidetzat jo eta horrek atxilotuari emaniko tratua baldintzatu izanaren susmoa izan zuten Torturaren Aurkako Taldean, orduan taldeko kide eta egun EH Bilduko legebiltzarkidea den Julen Arzuagaren esanetan. Epaiketan bertan, hipotesi horrengatik galdetu zioten atxiloketa burutu zuten ertzainei TATeko abokatuak zein Monterok: Segurtasun Sailak abiatutako operazioaren tamaina ikusita (helikoptero bat, besteak beste) hori pentsatu zutela deklaratu zuten poliziek, eta batek inpresio hori mantendu zuela hurrengo egunera arte (Calvo jada hila, hortaz).

1993 urterako, tortura edo tratu txarrengatik Ertzaintzaren aurkako dozenaka salaketa aurkeztuta ziren. Horietako bik bidea egin zuten epaitegietan: Andoni Murelagarenak 1990ean, eta Raul Ibañezenak, 1991n. 24 urte pasako ziren Jaurlaritzak Ertzainaren 311 tortura kasu onartu arte.

Ertzaintzak ETAren susmoa izan zuela nahiko segurutzat hartu daiteke, aintzat hartuta testigantzen kopurua zein aniztasuna edo Calvo jarraitzeko helikoptero bat erabili izana duela 30 urte. Kontrara, Segurtasun Sailak inoiz ez zuen horrekin lotutako adierazpenik egin; ematen du Ertzaintzaren terrorismoaren aurkako taldeek ez zutela parte hartzerik izan atxiloketan, ez ondoren komisarian; edo, ARGIAk eskatuta autopsia aztertu duen forentseak adierazi moduan, Calvoren gorpuak zituen biolentzia arrasto nabarmenek ez dute “arrazoi politikoengatik” torturatutakoek izan ohi dituzten gisakoekin bat egiten.

ETAren hipotesiarekin egin zuen lan Ertzaintzak Calvo kasuan? Baldintzatu zuen horrek atxiloketa, atxilotuari emaniko tratua edota atxilotuak horren aurrean izandako erreakzioa? Finean, izan zuen inongo zerikusirik hipotesi horrek Calvoren heriotza tragikoan? Horiek ere, ertzainek eta bere arduradunek soilik erantzun ditzaketen galderak dira.

Hamaika galdera, ziurtasun bakarra

Zenbait kazetarik epaiketaren jarraipena egin zuten bertatik bertara. “Gertakarien gainean dirauten itzalgune nabarmenak dira kasu honetan aipagarriena”, idatzi zuen epaiketa amaitzean Iñaki Iriondo Egineko kazetariak. “Ez dirudi gertatutakoa argitzen lagundu duenik Juan Calvoren heriotzaren ikerketa agintzeak akusatuen polizia gorputz bereko kideei”, El Correoko A. Morazak.

Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian? 30 urteren ostean galderak gaurkotasun bera mantentzen du. Soilik bertan egon ziren ertzainek argitu dezakete, eta akaso Ertzaintzaren orduko arduradunek ere bai. Bitartean, garaian eman ziren zenbait informazio ezeztatu, eman ziren batzuetan sakondu, eta datu berriak plazaratuko ditugu erreportaje sorta honetan. Hamaika galdera uzten ditu airean, eta ziurtasun bakarra: egia ofiziala ez da nahikoa Juan Calvoren heriotza eta bere ingurumariak ulertzeko.

Hurrengo artikuluetan, aipatu dokumentu eta lekukotasun berriak aztertuko ditugu banan-banan sakontasun handiagoz.

- 30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak.

- ELKARRIZKETA | Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago ospitaleko langilea: "Gorpu hura masakratuta zegoen".

- BIDEOA | Juan Calvo: autopsiaren zenbait pasarte.

-  Calvoren heriotzaren lekukoa: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”

- Ertzainak eta Segurtasun Saila: gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian hila
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Calvoren heriotzagatik kondenatutako ertzainen inguruko informazioa eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari legebiltzarrean

Informazio eskaera erregistratu zuen EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak iragan ostiralean, ARGIAk jakin duenez. Juan Calvoren heriotzagatik auzipetutako ertzainen barne mailako diziplinazko espedienteak eta Ertzaintzan izan duten ibilbide profesionala eskatu dizkio... [+]


Ertzainak eta Segurtasun Saila
Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu... [+]


Eguneraketa berriak daude