Tokatzen dena egin

  • Urriaren 14an Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdenaren kronika. Sailkapena: Etxahun Lekue (673 puntu), Maddalen Arzallus (670), Jon Maia (662,5), Beñat Lizaso (646,5), Xabat Galletebeitia (636) eta Eneko Lazkoz (607).


2017ko urriaren 16an - 07:37

- Atxaga dixit: akritiko baten antzik handiena duena hiperkritiko bat da.

Halaxe bota nion. Ni ere nekatzen naiz tarteka Inesekin, ez pentsa. Dibertigarri zait eztena, baina eztenetik herrazko mar-marrera dagoen aldea zaila da kalkulatzen, eta irudipena nuen Inesek, hainbestetan gozarazten nauen berberak, pasatzen duela tarteka marra hori.

- Ez hadi orain Atxaga zitatzen hasi, faborez. Ez zaidak bururatzen aitona marmartiaren adibide egokiagorik.

Irmo eta txorakeriarik gabe, berriz ere. Batzuetan, Inesi begiratzean, koinatua ikusten dut.

- Ez dun hik zerikusirik izango Patxi Bakallo, Joxe Mero edo Twitterren dabiltzan troll horietakoren batekin, ezta?

Tankera guztia zeukan. Hura zen bere estiloa, kronikotan ematen diodan protagonismo dosia aski ez eta troll bat sortzea, ezkutuan, anonimo, koldar, dokierki penaltiak eginez. Ezetz erantzun zidan, noski, baina badaezpada saio osoan aritu nintzen mugikorra ateratzen ote zuen begira. Gainontzean, Tolosako Beotibarren ze panorama? Ba bero sapa, Xabier. Harmailak mukuru eta akustika eskasa –nahiko lan bertso batzuk ulertzen–. Oro har, leherketarik gabeko saioa joan zen, pinoi finkokoa. Maddalen Arzallus, kantakera lagun, sendo eta konfiantzaz; Jon Maia egoki, tartean behin ale onak utziz; Eneko Lazkoz erabat erori gabe baina gorabeheratsu; Beñat Lizaso txukun, noiz edo noiz borobilduz; Xabat Galletebeitia nahiko zuzen, hamarreko txikian batez ere; eta Etxahun Lekue sendo, hasi eta buka. Baina sentipena nuen gidoiari atxikitako saioa zihoala, amaierarako astun samarra, eta kronikaratzeko zaila. Orduan heldu zen Inesen marmarra, ohi bezala, ni atakatik ateratzera (galdetu nion ea inoiz deus positiborik esango didan, baina hark egoteko puska batean, bestela ere iruzkin positiboz gainezka daudela hedabideak eta kontrapisua egiteko behar larria dagoela, “bertsolaritzaren osasunaren alde” –bere ipurterretasuna justifikatzeko sermoi merke hori bota eta lasai gelditu zen gainera, jakingo ez banu bezala zenbat axola dioten afera horiek–).

“Hasteko, gaurko gai batzuk ez zaizkidak asko gustatu. Eta kartzelakoan pasa egin dituk” –inoiz ez bezelako besarkada eman dizu aitak zuten gaitzat –. “Bazakiat beti gauza berekin nabilela bueltaka, baina faborez, bestela ere bazagok nahiko joera hunkigarrismorako eta gaian aita eta besarkada sartzen badituk, artefaktu hilgarri bat sor dezakek. Klaro, gero ia bertso guztietan agertzen dituk ospitalea, eritasuna, malkoak, eta, Patxi Bakallo horrek jarri zian bezala, puntularitzaren pack guztia –termino aski erabilgarria, bide batez–. Baina ez natorrek harekin bat, ez nikek erantzukizuna bertsolarien gain –soilik– jarriko. Gai horrekin, zer nahi duk? Derrigortua hago emozioez kantatzera, eta emozioez kantatzeak arriskuak ditik. Terreno oso laprastagarria duk, gutxi libratzen dituk errazkeriatik. Kalterik ez gai jartzaileek kartzelakoan kontrako ariketa egingo balute: malkoa bilatu beharrean, malko alerta piztu eta, kontzienteki, hunkigarrismoa saihestera bideratutako gaiak jarri”. Ez zitzaidan neurri txarra iruditu, ze egia baitzen, gaixotasunez eta malkoz jositako ariketa zioan, eta bertso gogoangarri askorik ez. “Beste inpresio bat ere izan diat saioa entzun ahala –behin hasita, Ines ez zegoen gelditzeko–. Plazekin alderatuta, txapelketan aldatu egiten duk bertsolari-entzule harremana. Plazan bertsolaria entzuleari ari zaiok kantatzen, ezinbestean. Txapelketan bertsolari batzuk epaileei kantatzen ari balira bezala sumatzen ditiat –entzuleek ere desberdin entzuten dutela uste diat, barruan epaile txiki bat balute bezala, etengabe baloratuz ze esaldik eman ditzakeen puntuak eta zeinek ez, baina gai hori beste baterako–. Eta kantaera horretatik sortzen duk bertso mota bat, zuzena, baina batere distirarik gabea. Bueltan-bueltan, mota horretako bertsoek puntuak pilatzen ditiztek, ondo josita eta egoki jantzita daudelako, gauza gutxi esan arren. Uste diat, adibidez, Lazkozen eta Lekueren hamarreko txikiko ariketa oso desberdina litzatekeela plazan, beste ikuspuntu batetik arituko liratekeela, beste doinu batekin, halako transzendentziatan galdu gabe. Baina bazirudik txapelketan hala tokatzen dela, badagoelako aurrezarritako gidoi bat: zortziko handian ofizio zuzen bat, txikian arinkeria, hamarrekoan seriotik eta kartzelan malkoa. Konbo perfektua. Eta inor hortik ateratzen saiatzen bada, zigorra puntuetan. Maiz, eskema horrek egoki jositako bertso mediokrea saritzen dik, traketsago jositako bertso freskoen kaltetan”.

Hori entzutean pentsatu nuen salbatu nuela kronika nolabait, eta hurrengo baterako ere, ziur asko berriz nekatuko nauen arren, ez daukadala Inesi deitzea baino alternatiba hoberik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude