TiSAri buruzko filtrazioa: datu pertsonalen babesa eta segurtasun nuklearra ahuldu ditzake akordioak

  • Zerbitzuen salerosketa arautzeko asmoz 50 herrialde inguru eztabaidatzen ari diren TiSA akordioak ondorio kaltegarriak ekar ditzake herritar gehienentzat, Holandako Greenpeacek zabaldu duenez. Jaso duten filtrazio baten arabera, datu pertsonalen babesa eta segurtasun nuklearra ahultzea izan daitezke akordioaren ondorioetako batzuk.


2016ko azaroaren 25an - 15:14
Datu pertsonalak babesteko legeek ez lukete "merkataritzarako oztopoa" izan behar, filtratutako testuen arabera.

Maiatzaren 1ean TTIP hitzarmenaren negoziazioetako agiri sekretuak publiko egin zituen Holandako Greenpeacek. Orain, TiSAri buruzko filtrazioa iritsi zaio elkarte berari; zehazki, akordioaren 20. negoziazio-errondari dagozkion agiriak zabaldu dituzte. Irailean egin zen erronda hori.

Datuen babesa jomugan

Greenpeacek berak zabaldu duenez, jasotako testuetan irakur daiteke estatu bakoitzean indarrean dauden datuen babeserako legeek ez luketela “merkataritzarako oztopoa” edota “diskriminazio justifikaezina” izan behar. Hitz horiekin, esan nahi da datuen babeserako legeek ez luketela traba izan behar atzerrian operatu nahi duten enpresa transnazionalentzat.

“Filtrazioak gardentasunari buruzko testu bat dakar”, azaldu du Greenpeacek, “zeinaren arabera interesdunek informazioa jaso beharko luketen araudi berriak ezartzeko asmoa dagoenean”. Talde ekologistaren esanetan, horren ondorioa litzateke korporazio handiak pribilegiozko lekuan egongo liratekeela araudi berriak sortzeko asmoetan eragiteko. “Google, Facebook eta datu pertsonalen erabileran oinarritutako negozioa duten beste konpainia batzuek eragiteko askoz gaitasun handiagoa izango lukete akordio horren ondorioz”.

Bestalde, TiSAk arrisku nuklearra areagotzea ekar lezake Greenpeacen esanetan. Azaldu dutenez, filtratutako testuetan proposatzen da estatu batek ezin errebisatzea zentral nuklear baten softwarea, segurtasun akatsen bila.

Filtratutako testuek 67 orrialde betetzen dituzte guztira, eta osorik ikus daitezke honako webgunean: ttip-leaks.org/favez

Negoziazioa atzeratuta

TiSA akordioari buruzko negoziazioak oso modu sekretuan egin dira. Urte honen amaieran burutzea aurreikusita zegoen, baina atzerapenak izango dira, abendurako iragarritako bilera bertan behera geratu baita. 2017 hasieran prozesua azkartzea espero dute akordioa gauzatzen ari diren estatuetako ordezkariek. Horien artean daude Europar Batasun osoa eta AEBak. Hain zuzen, Trump presidente berriak TiSArekiko izango duen jarrera ez ezagutzeak zalantza piztu du negoziatzaileen artean. Nolanahi, merkataritza askeko beste akordio batzuen aurka azaldu bada ere (NAFTA, TTIP, TPP) baliteke Trumpek jarrera leunagoa izatea TiSAri dagokionez, hainbat adituren iritziz.            


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TiSA akordioa
2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


2016-03-11 | Unai Brea
TTIP akordioaren aurka, NATOri buruzko erreferendumaren urteurrenean

Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen ari diren TTIP hitzarmenaren aurkako mobilizazioetara deitu dute martxoaren 12an, Hego Euskal Herriak NATOn sartzeari ezezkoa eman zion erreferendumaren 30. urteurrenean. “NATO ekonomikoari ez! Herritarrok erabaki” leloa... [+]


2015-08-11 | Axier Lopez
Wikileaksen hurrengo jomuga: TTIP

Europar Batasunaren eta AEBren arteko ezkutuko akordio ekonomikoa herritarren esku utzi nahi du Wikileaks taldeak. 100.000 euroko diru-saria eman nahi diote TTIPen dokumentuak eskuratzen dituenari. Dirutza hori biltzeko crowdfundinga abiatu dute.


2015-07-07 | Unai Brea
Transnazionalen erantzukizunari buruzko NBEren lan saioa hasi da

NBEk uztailaren 6tik 10ra egingo du lehen lan saioa giza eskubideak urratzen dituzten enpresa transnazionalei buruzko nazioarteko ituna sortzeko. Iaz Genevan (Suitza) onartutakoa gauzatzen hasteko asmoz bildu da Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko Gobernuen Arteko Lantaldea,... [+]


Multinazionalak gobernuei "gardentasuna" eskatzen? Ongi etorri TISA akordiora

Aste honetan Wikileaksek filtratutako dokumentuek diotenez, akordioa sinatzen duten estatuak enpresei azalpenak ematera behartuta egongo lirateke.  


Eguneraketa berriak daude