Sinn Féinek aldaketarako ezkerreko koalizio zabala nahi du Irlandan

  • Grezian bezala, Irlandan ere aldaketak gerta daitezke etorkizun hurbilean. Sinn Féin alderdi historikoa ezkerreko koalizio zabala eratze lanetan ari da. Ondoko artikuluan –originala An Phoblacht-ekoa da–, alderdiko bozeramaile nazional Declan Kearney-k egungo egoeraren irakurketa politikoa egiten du.


2015eko otsailaren 05an - 16:41
Azken eguneraketa: 2015-02-06 16:20:44
Gerry Adams eta Alexis Tsipras iaz Dublinen. (Argazkia: And Phoblacht).

Azken urteotan aurrekaririk gabeko asaldaketa gertatu da Irlandako politikagintzan. Uraren tarifek jendearen nahigabearen katalizatzaile izan dira gobernu koalizioa osatzen duten Fine Gael/Laboristak alderdien aurka. Irlandako Iparraldean ematen zen geldialdi politikoak eta erronka ekonomikoek instituzio politikoak mehatxatzen zituzten; krisi handi bat ere gertu egon zitekeen, gobernu britainiarrak eta irlandarrak egintzat ematen baitzuten Bake Prozesua.

Azkarregi izango litzateke esateko egun ematen den egoera politikoak lerrokatze politiko iraunkorra irudikatzen duela. Egia da, dena den, maila nazionalean status quo-a mugitu egin dela eta honek aldaketarako potentzialitatean eragin duela.

Ezkerreko aurrerakoi eta errepublikarrok aldaketa hori atzera ezina bihurtzea lortu behar dugu, egun ematen diren indar metaketak aldatuz. Herri babesa izango duen alternatiba politiko sinesgarriaren bitartez lortuko da lerrokatze politiko berria, kontserbadoreei  eta haien politikei aurre egiteko gai izango dena.

Stormonteko azken elkarrizketetan, gobernu britainiarraren eta irlandarraren arteko isileko aliantzak, austeritatearen handitzearekin batera murrizketak bultzatu nahi izan zituen gizarte zerbitzuetan. Fine Gaelek eta laboristek, toriei emandako babesa modu bakarrean uler daiteke: batetik, gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdi hauek, Irlandako Hegoaldean ezarri dituzten politikak nazionalizatzeko  saiakera egin dute; eta bestetik, Sinn Féinen aurkako arrazoi zinikoak erabili dituzte eta hauteskundeei begira eginiko mugimenduetan oinarritu dira.

Sinn Féin Irlandako Iparraldean eta Hegoaldean metatzen ari den indar politikoa dela eta, bi gobernuak eta hauek ordezkatzen dituzten elite politikoak kontraerasoan datoz. Bankari eta kapitalari lotutako kanpo interesek, haien hegemoniaren aurkako bloke estrategiko gisa ulertu dute Sinn Féinen gorakada. Hegoaldeko eta Iparraldeko gobernuak erabiliz, Sinn Féin berdintasunaren ikur bilakatzearen aukera ezin dute jasan.

Agertoki zabalago batetik aztertuz, Irlandako gizartea murgilduta dagoen guda ideologiko hau Europako mendebaldera eta Amerikaraino hedatzen da. Ez da kasualitatea Greziako hauteskundeetan Syrizak lortutako garaipena, edota Podemos Espainian gehiengoa duen alderdia izatea, edo Eskoziako Alderdi Nazionalak goranzko joera izatea.  Eskuinaren ikuspuntu ideologikotik UKIP kontserbadore britainiarren aitzakia gisa azaleratzen da, Frantzian Fronte Nazionala  berrindarturik dator, eta AEBeko ekonomia berregituratzeko Obamaren asmoek –zergen inguruko neurri berriak ezarriz eta bere osasun legeria defendatuz– Alderdi Errepublikarraren eskuin sektorearekin egiten dute topo.

Irlandako egungo egoera politikoa bakarrik konpara liteke 1921-1923ko kontra-iraultza habetu zuten zatiketa ideologikoekin. Irlandar gizartearen antolaketari buruzko desberdintasun ideologiko oso handiak daude, eta horrek gizartearen polarizazioa dakar; interes komunitarioak zein herritarren eskubideak defendatzen dituztenen eta nazioarteko banka eta kapitala defendatzen dutenen arteko aurkaritza dago oinarrian.

Testuinguru honetan Sinn Féinen erronka estrategikoa aurrera jarraitzea da, eta ikuspegi nazionala giltzarri da horretarako. Hori da garrantzitsuena alderdiaren estrategia eta politiketan. Horrela izan ezik, hauteskundeetako gorakada eta irlako Hegoaldean gobernatzeko aukera edota Iparraldeko instituzio politikoak, berdinen arteko Irlanda lortzeko tresna baino, helburu isolatuak bilakatzeko arriskua dute.

Sinn Féin Iparraldean gobernukide denez, orain bere erronka Stormonteko Akordioa  egikaritzea da,  berdintasuna bultzatu eta austeritateari aurka egitea, zerbitzu publikoan, enpleguaren sorreran eta hazkunde ekonomikoan inbertsio estrategikoa lehenetsiz. Ostiral Santuko Akordioek finkatu bezala,  boterearen banaketa babestu beharra dago, eta prozesu demokratikoan gizarte zibilaren parte hartzea areagotu eta benetako adiskidetzea garatu.

Hegoaldean alderdiaren lehentasuna epe luzez gobernatzeko prestatzean datza, horretarako inbertsio jasangarriak planifikatuz herritar guztien  mesederako, osasun zerbitzutan, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan, industria garapenean, azpiegituretan eta suspertze ekonomikoan.

Hegoaldean gobernatu eta helburu errepublikarrak aurrera eramateko, egiazko botere politikoa izatea ezinbestekoa da Sinn Féinentzat, ez da nahiko koalizio bat osatzea. Baldintza hauek lortzeko, aldiz, ezinbestekoa izango da aldaketa bultzatuko duen masa sozial berria osatzea. Honek eskatzen  du ez bakarrik berrantolatze politikoarekin aurrera jarraitzea, baizik eta progresisten, ezkertiarren eta iritzi nazional eta demokratikoen aldeko jendartearen ekintza-batasun handiagoa, grabitate politikoaren erdigunea aldatu eta inflexio puntua eragingo duena.

Ekonomiaren kontrol demokratikoarekin, justizia sozialarekin eta adostutako Irlanda batuarekin benetan bat egiten duten guztien inplikazio politikoa da beharrezkoa. Eragile politiko, sozial eta komunitarioek talde lanean eztabaidatu beharko lukete Irlandako masa sozial handiena mugitzeko gai izango den  gai zerrendaren lanketa, berdintasunaren eta ahulenak babestearen aldekoa izango dena, aberastasuna eta baliabideak herritarren beharren arabera banatzearen aldekoa eta herritarren eskubideak ziurtatuko dituena.

Nazioarte mailan beste indar politiko batzuk gobernu boterea hartzeko prestatzen ari diren moduan, Irlandan ere Sinn Féin, aurrerakoi independente, mugimendu sindikala, komunitatearen oinarriak eta ezkertiar ez-sektarioen arteko eztabaida formalak eman beharko lirateke kontsentsuaren bila. Prozesu honek indar egin beharko luke Hego eta Iparraren arteko aliantza politiko iraunkor, estrategiko, interkomunitario eta intersektorialen eraikuntzan.

Irlandako alderdi aurrerakoiak, komunitatea eta eragile sindikalen arteko elkarrizketa serioei bide emateko garaia da; Hegoaldean ezkerreko koalizio baten hautaketa ziurtatuko duten ideiak eta estrategiak zehazteko garaia. Hortik sortuko da Errepublika nazional berria.

Aurrera egiteko modu bakarra da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude