"Sexu-hezkuntzan hutsunea dago, umeek ez dakite oinarrizkoena"

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko maiatzaren 09an - 14:11
Saioa Hernández, "Saioz saio" komikia eskuan. (Arg.: Hodei Torres)

Zelan sortu zenuten Saioz saio?

Orain dela 10-12 urte hasi ginen sexu-hezkuntzan; ez zegoen umeakaz behar egiteko materialik edo hutsuneak zeuden hezkuntza eta edukien aldetik. Beti izan dugu behar hori, eta, azkenean, pentsatu genuen: “guk egin beharko dugu”. Horrela sortu zen.

Sexu-heziketaren alorrean, formakuntzarik eza sumatu duzue?

Bai. Ez da sexu-hezkuntzarik egiten; eskola batzuetan kontu puntualak egiten dira: programa laburrak eta ez adin guztiei begirakoak. Sexu-hezkuntza ikasgaitzat ipintzen ez den bitartean beti egongo da hutsune hori. Egia esanda, umeek ez dakizkite oinarrizko kontu asko, ezta nerabeek edo gazteek ere. Sexu-hezkuntzan hutsune handia dago oro har.

Norengana zuzendu duzue komikia?

Gazteak dira protagonistak, 9 eta 12 urte bitartekoak; gurasoengana ere heldu gura genuen, baita adin horietako umeakaz behar egiten duen edozein profesionalengana ere. Umeen aldetik, 9 eta 14 urte bitartekoentzat da egokia. Batzuentzat komiki oso pornografikoa da; baina, ez da horrela... Ostera, beste batzuentzat umekeria da. Hamar urtegaz, umeek oso jarrera ezberdinak dituzte komikiarekiko.

Zeintzuk dira komikiaren helburuak?

Gure gizartean sexua zer den oso nahastuta dago, korapilo handiakaz; “sexua” esaten baitiote edozein konturi: koitoa egiteari, identitateari, turismo sexualari… Nahaste-borraste handia dago, korapilo eta txarto ulertze asko. Gure asmoa da kontzeptuak argitzea, ulerraraztea ‘sexu’ berba, kontzeptu bezala, eta badaukala zerikusia identitateagaz, neska eta mutila izateagaz; gure barnean ezaugarri maskulinoak eta femeninoak ditugula eta identitate hori sortzen doala, guk sortzen dugula. Adibidez, hori erotismotik desberdintzea gura izan dugu, eta praktika erotikoetatik eta jolas denetatik. Garrantzitsuak dira horiek ere, baina beste kontu bat dira. Den-denagaz sortzen doa norberaren sexualitatea. Ulerrarazi gura dugu apur bat kontzeptu horiek ez direla sinonimoak eta bereiztea garrantzitsua dela.

Zeintzuk dira erabili dituzuen gaiak?

Komikiaren edukirik garrantzitsuenak honako hauek dira: gorputza; ezaugarri intersexualak, bai gorputzarenak (fisikoki edozein pertsonak baditu ezaugarri femeninoak eta maskulinoak), baita intersexualitatea ere, ume transexualak badirelako; eta kulturaren sexu-markak, bizi garen gizartean neskak eta mutilak desberdintzen direlako: arropan, motxilan, estutxean, jolasetan… Gauza eta kontu asko desberdintzen direlako oraindino neskentzat edo mutilentzat diren eta hori hausnartu beharrekoa da behintzat.

Motxila urdinak edo arrosak ikusten dira oraindino?

Bai; gainera, arrosak oso ikusgarriak dira, eta, mutilenak, “super Athletic”. Adibidez, komikian agertzen dira irudi batzuk klasean egiten diren dinamika batzuen gainekoak: neska eta mutila euren artean arropa aldatzen. Hor ikusten da zelako estereotipoak eta zelako ideia daukaten beste sexualitatearen gainean, nahiz eta egunero ikusi eta jakin normal ibiltzen direla edo korrika egiten dutela ganoraz, edo dena delakoa. Beraz, sexu-markak ere hausnartzen ditugu. Kontzeptu garrantzitsu bat da, gure kultura nolakoa den jakiteko. Gure matxismoak sexualitatean eta sexu-identitateetan ere eragina duelako.

Komikia zelan erabili beharra dago?

Guretzat garrantzitsua da aldez aurretik azalpen batzuk ematea. Batez ere, azaltzeko kontu bat dela neska eta mutila izatea, eta beste kontu bat direla jolasak eta praktika erotikoak. Tutoreak, gurasoak, osabaren batek, edozein pertsonak umeei aurretik azalpen horiek eman behar dizkie, komikia eskaini aurretik. Gero eurek ikusiko eta hausnartuko dute zelako sexualitatea daukaten pertsonaiek, ea neskak gustuko dituen neskak, edo agertzen den Laura jeloskorra den... Hausnar dezaten zelako izaerak eta zelako sentitzeko moduak dituzten marrazkiko umeek euren sexazio-prozesuan: aldaketak gorputzean, eta abarrak. Garrantzitsua da umeen galderei kasu egitea eta iritzia eman barik bideratzea, irudimena erabiliz. Sexualitatea etengabe aldatzen doa eta kontuak ezin dira zorroztasunez definitu; umeek hori ere ulertzea ona da: nolakoak garen aldatzen doala, desioa legez.

Umeek zelan hartu dute?

Gogotsu, labur egiten zaizkie 24 orrialdeak. Hainbat irudi ez dituzte oso ondo ulertzen; agertzen diren familiak ohikoak ez direnean, adibidez. Galdetzen dute: “Baina hori zer da? Hiru gizon etxe batean?”. Kostatzen zaie ulertzea nola bizi diren beste familia batzuetan, eta irudi batzuekaz aztoratu egiten dira. Adibidez, irudikatu dugu neska bat komunean, tanpoi bat sartzeko ahaleginean; oso pornografikoa iruditzen zaie, oso bortitza. Fantasia-momentuak ere badaude, beste pertsonakaz amets eginez, eta horri “perbertitua” esaten diote, halako nazkaz. Kontu morbosotzat jotzen dute. Horri buelta ematea litzateke lana, ohi daitezen halakoak ikusten. Eurentzat egindako marrazkiak dira.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude