ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Segurtasun nuklearraren bermatzaile IRSN egitura desegin nahi du Frantziako Gobernuak

  • Kezka iturri da IRSN Erradioaktibitatearen Zaintza eta Segurtasun Nuklearrerako Institutua desegiteko intentzioa, segurtasun nuklearra duelako lehentasun egitura horrek. Desagertuz gero, "kalitatezko zaintza independentearen bukaera" litzatekeela diote langileen sindikatuek.


2023ko otsailaren 24a - 11:29
Azken eguneraketa:12:47

Frantziako Estatuan sakabanaturiko 56 erreaktore nuklearren zainketa diotenaz kualitatiboki bermatzen dabil IRSN Erradioaktibitatearen Zaintza eta Segurtasun Nuklearrerako Institutua. Nagusiki, egituraren "independentziak" dakar seriostasun berme hori, langileen sindikatuen arabera: nuklearraren sektorearen aktibitateari buruzko erabaki hartzea eta segurtasunari buruzko ikerketak ez dira egitura beraren esku. Independentzia hori ezinbestekotzat daukate langileek eta oro har nuklearraren aurkako borroka daramaten aktibistek. Gaur egungo antolaketari segi, IRSN institutuaren ezagutza zientifiko eta teknikoetan oinarritzen da ASN Segurtasun Nuklearraren Autoritate autoritatea, etorkizuneko instalazioen egoerari buruzko iritziak eta oharrak erabakitzeko. Hots, ez du zentral nuklearraren bultzatzaileak bere burua kontrolatzen –nuklearraren sektorean istripu batek ondorioztatutakoaz jakitun, segurtasun berme garrantzitsua dugu banaketa hori–.

Alta, IRSN institutuaren desegiteko nahia zabaldu zuen otsailaren 8an Frantziako Gobernuak. Zehazki, IRSN institutua, ASN Segurtasun Nuklearraren Autoritatea eta CEA Energia Atomikoaren Komisariari juntatuko lirateke, eskumen teknikoak ASNaren esku utziz eta ikerketa, berriz, CEAren esku. Ofizialki, "segurtasuneko polo bakarra eta independentea" sortzea du helburu gobernuak; besteak beste, "errebisio teknikoko prozesuak eta ASNren erabakiak hartzeko prozesuak arintzeko; eta horrela, erantzun ahal izateko sektore nuklearra berraktibatzeak dakarren jarduera bolumen gero eta handiagoari".

"Alerta gorria" piztu dute IRSNko administrazio kontseiluko kideek eta langileek, segurtasun nuklearra bermatzeko sistemaren "paralisia" eragin dezakeelako aldaketak. Greba eguna zuten otsailaren 20an eta ehunka langilek erantzun zuten sindikatuen deiari. Kexuari erantzuteko edo, otsailaren 23an zehaztu die gobernuak lau lan-talde osatuko dituela, aldaketa horri buruz gogoetatzeko xedez. Gogoetak hiru hilabetez iraunen du eta parte hartuko dute IRSN eta ASNko langileen ordezkariek, parlamentariek eta zentralen inguruan osaturiko Anccli informazio-batzarretakoek.

IRSNaren desagerpenaren aurkako mozioak ere babes zabala lortu du administrazio kontseiluan –18 alde, 4 aurka eta 2 abstentzio–. Jakinez diputatu bat, senatari bat, Estatuaren hamar ordezkari, dekretu bidez izendaturiko bost aditu eta zortzi langile ordezkarik osatzen dutela batzarra, intersindikalak argitu nahi izan du "Estatua bere dela gobernuaren xedearen aurka agertu".

Nuklearraren industria

Nuklearraren industriak pisu handia du Frantziako Estatuan: 56 erreaktore nuklearrei esker elektrizitatearen %65 baino gehiago nuklearra da. Klima larrialdia eta energiaren krisia direla eta, oraindik erreaktore gehiago eraikitzeko asmoa du gobernuak. Urtarrilaren 24an bozkatu zuten Frantziako senatariek nuklearraren industriaren garapena dakarren lege-proiektua –orain artekoaren erabilpenaren luzapena eta erreaktore berrien eraikuntza–. Babes zabala jaso du gobernuaren nahi horrek, 239 boto alde eta 16 aurka bideraturik –ekologistak agertu dira aurka, eta ezkerreko sozialista zein komunistak, ordea, abstenitu dira–. Politika Nuklearraren Batzarrak landuriko proiektua martxoaren 1ean aurkeztuko dute Legebiltzarrean, eta IRSNren desagerpena emendakin gisa sartzeko asmoa dute.

2035erako sei erreaktore berri eraikitzeko asmoa zabaldu zuen urte hastapenean Emmanuel Macron presidenteak. Erran behar da nuklearraren aldeko lobbya indartsu dela aspaldidanik Frantzian.

Hemen ikusi dezakegu zentralen kokapena:

Hori horrela, are handiagoa da IRSNaren desagerpenak dakarren kezka, inoiz baino beharrezkoa dugulako segurtasun nuklearrari buruzko kalitatezko segipen independentea.

Istripu nuklearraren arriskua

Gertaera nuklearren nazioarteko eskalak honela sailkatzen ditu ezbehar nuklearrak, larritasunaren arabera 0tik 7ra sailkatuz: ondoriorik gabeko gertakizuna (0 ), anomalia (1), gorabehera (2) gorabehera larria (3), istripua (4 - 7 –4 mailan ez dago ondoriorik gunetik kanpo eta 5etik harago bai). Inoiz izan diren istripu larrienak Txernobylgoa (1986ko apirilaren 26a) eta Fukushimakoa (2011ko martxoaren 11) dira. 7. mailakoak ziren.

Frantziako Estatuari dagokionez, 4. mailakoak izan dira oraingoz larrienak: Saint Laurent des Eauxeko zentralean 1969ko urrian eta 1980ko martxoan. Bi kasuetan erregaiak fusionatu ziren erreaktoreetako batean.


Energia nuklearra kanaletik interesatuko zaizu...
Turkian eraikitzen ari diren zentral nuklearraren segurtasuna zalantzan jarri dute lurrikarek

Ez da oraindik aktibitatean Akkuyu-ko zentral nuklearra eta udazkenerako nahi dituzte bukatu obrak. "Bihar beste lurrikara bat gertatuko balitz eta erreaktoreak erregaiz beteak balira, orduan, ikaragarrizko katastrofea izanen genuke", azaldu du zentralari buruzko... [+]


2022-12-19 | Hala Bedi
Garoñaren desegitea 2023ko ekainean hasiko da

Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da.


2022-12-18 | Ugo Bardi
Fusio nuklearra, lorpen bat lorpen ez dena: ahantz ditzagun ezinezko ametsak

Ziurrenik gogoratuko duzu [Il Fatto Quotidiano egunkariko irakurle italiarrei ari da] Ugo Tognazzi eta Raimondo Vianelloren "Il Troncio della Val Clavicola" filmeko esketx bat, Interneten erraz aurki dezakezuna. Kontatzen zuen artisau baten istorioa: zuhaitz baten... [+]


Atomoen arteko fusiotik energia era mugagabean sortzea lortu duela iragarri dute AEBek

"Hau hasiera besterik ez da", esan du Jennifer Granholm AEBetako Energia idazkariak astearte arratsaldean. Energia "garbia" izango dela hitzeman du, baina urteak beharko dituzte merkaturatzeko.


2022-12-04 | ARGIA
Argindar mozketak, etenaldiak tren eta metroetan, ikastetxeen itxiera… Frantziak larrialdi planak prestatu ditu

Frantziako Gobernuak departamendu guztietan dauzkan ordezkariei –prefetei– eskatu die negu honetan gerta daitekeen energia-larrialdiak eragingo lituzkeen argindar mozketak aurreikusi eta horiek aldez aurretik modu ordenatuan planifikatzeko. Hala esan dio Parisko... [+]


Eguneraketa berriak daude