Sabotaje ekintza batek geldialdian utzi du Teslak Alemanian duen fabrika alimalea

  • Ehundaka milioi euroko galtzeak eragin ditu sabotajeak, enpresako zuzendariaren arabera. Fabrikak oraindik geldirik segitzen du. Vulkan Gruppe –Talde Bolkanikoa– izeneko ezker muturreko taldeak bere gain hartu du ekintza.

Teslak Alemanian eraikitako Gigafactory Berlin fabrika. Berlin inguruko oihanaren erdian eraikitakoa.

2024ko martxoaren 5ean - 22:28
Azken eguneraketa: 2024-03-06 09:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tesla multinazionalak Alemanian duen fabrikaren aurkako sabotajea beregain hartu du Vulkan Gruppe –Talde Bolkanikoa– izeneko ezker muturreko taldeak, martxoaren 5ean zabalduriko gutun baten bidez adierazi dutenez. Goizaldean sute bat piztu dute fabrikaren ondoko zutabe elektriko batean eta ekoizpena gelditu behar izan du enpresak, segurtasunari segi. Sabotajeak ehundaka milioi euroko galtzeak eragin dituela ohartarazi du fabrikako zuzendariak, zehaztuz oraindik ez dakitela berriro noiz abiatu ahal izango duten ekoizpena.

Alemanian ireki zuen 2021ean Europako bere lehen fabrika, kontinenterako urtero 500.000 auto elektriko ekoizteko helburua jarririk. Europan eraikitako lehen fabrika du hori Teslak. Hasieratik antolatu zuten aurkako mugimendua inguruko herritarrek, eta orduan jadanik sabotaje ekintza bat beregain hartu zuen Vulkan Gruppek. Geroztik, mugimenduak bizirik segitzen du eta otsailean buruturiko herri-kontsultan eskualdeko herritarren %70tik hurbil aurka agertu zen. 

300 hektarea oihan jaten dituen fabrika beste 170 hektareaz handitzeko xedea du Teslak, eta testuinguru horretan burutu dute sabotajea. Sabotajeaz gain, gunearen okupazioa abiatu zuten otsailaren 29an hainbat ekintzaile ekologistek.

"Planetako ekoterrorista tontoenak"

"Planetako ekoterrorista tontoenak dira, ingurumenarentzako helburu onik ez dutenen txotxongiloak dira. (…) Erregai fosila darabilten autoen ekoizpena gelditu beharrean, auto elektrikoena geldiaraztea tontakeria galanta da", Teslako buru Elon Musken arabera. Ordea, Vulkan Gruppen ikuspegitik ingurumenaren eta bizidunon alde doan ekintza bat da Alemaniako fabrikan bideraturikoa: "Teslak lurra irensten du, baita baliabide naturalak, humanoak eta eskulana ere; hori, astero aisialdirako 6.000 auto, 6.000 hiltzeko makina ekoizteko. (…) Lurpeko ur geruzak kutsatzen ditu eta geroz eta arraroa zaigun ur edangarria kontsumitzen du kantitate alimalean". Guzti hori Berlinek ezinbesteko duen inguruko oihanaren erdian eraikita. Hots, ingurumenaren eta biziaren alde doan sabotajea izan dela argitu nahi izan dute ekintzaileek gutun bidez.

 

Irakurri gehiago: Ingurumena Alemania Nazioartea Europa
Ingurumena kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Lurraldea eta arkitektura
Lorategiak

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.