Riace, "normaltasunaren utopia" Calabriaren bihotzean

  • Calabria eskualdeko Riace herrian eman zioten amaiera Mugak Zabalduz karabanako ekintzaileek Italiako ibilbideari. Joan den zapatuan, hilaren 21ean, hurbildu ziren herri horretara, bertakoek darabilten harrera-esperientzien nondik norakoak ezagutzera.


2018ko uztailaren 25an - 15:14

 

 

Riaceren sarreran, galtzada-harrizko zoladuraz egindako bide baten ostean, ortzadarraren koloreak dituen kartel batek ondoetorria ematen die bertaratutakoei, zazpi hizkuntzatan. Horren azpian, beste kartel batek herrian bizi direnen 20 nazionalitateak aurkezten ditu. Azken hogei urteotan pertsona migratzaileak hartzeko eta horiek herriko egunerokotasunean murgiltzeko aurrera eroandako politikengatik da ezaguna Riace. Domenico Lucano bertako alkateak azaldutakoaren arabera, esperientzia 1998an hasi zen, kasualitatez, Irakeko eta Turkiako Kurdistango 200 errefuxiatu zeroatzan itsasontzi baten etorreragaz: "Horiek hartu genituen herri honek sentsibilitate hori duelako".

 

 

 

Gaur egun, 1.800 pertsona inguru bizi da Calabriako herri horretan, 20 nazionalitatekoak. Etorritako migratzaile eta errefuxiatuei esker, bertako ekonomia berpiztea lortu dute, baita herria biziberritu ere; hala ere, alkateak aitortu zuenez, azken urteotan bizi duten egoera ez da lehengoa bezalakoa, eta proiektua kolokan gera daiteke momentu batean zein bestean, diru-arazoengatik. Italiako Gobernu eskuindarrak mota horretako proiektuen kontra egin du, eta diru-laguntzak gero eta txikiagoak ematen dabilela deitoratu du Gianmichele Bosco zinegotziak; Cambiavento herri-hautagaitzako ordezkaria da, Catanzaron, alegia, Calabriako hiriburuan. "Autogestio arazo larriak bizi ditugu azkenaldian. Migratzaileak laguntzeko edozein proiekturen kontra egiten dabiltza", kexu da Bosco. Bizi duten sistema "arrazistan" autosufizienteak izan ahal izateko irtenbide bakarra sistematik irtetea dela ondorioztatu du Lucanok. Hori dela eta, Riacen bertako moneta darabilte proiektua aurrera eroan ahal izateko.

 

 

 

Harrera egiteko bestelako eredu bat

Riace atzean utzita, alde egin zutenen etxebizitzak erabili dituzte Italiatik kanpotik etorritakoak hartzeko eta bizitza hobe baten bilaketan laguntzeko. "Itxaropena sortu dugu, baina ez bakarrik Riacerako, baizik eta gizadiarentzat", nabarmendu du Lucanok. 1998an Kurdistango errefuxiatuei harrera egin eta hurrengo urtera, Lucanok eskaera egin zuen Riace Italiako Asilorako Programa Nazionalean sartzeko. Sistema horrek diru-laguntzak ematen ditu asilo-eskatzaileak hartzen dituzten proiektuetarako. "Harrera-zentroek leku itxiak izan behar ez zutela esan zuen lehena izan nintzen ni; ateak beti zabalik izan behar dituzte mota horretako lekuek", nabarmendu du alkateak. Hala, eskaera hori onartu ondoren, Italiako Gobernuko eta Europar Batasuneko diru-laguntzei esker, Riace biziberritu egin zen eta mundu osotik etorritako 400 pertsona ikus daitezke gaur egun bertako kaleetan: Palestinakoak, Kurdistangoak, Siriakoak, Etiopiakoak, Somaliakoak...

Italiako Gobernuak berak bidaltzen ditu pertsona migratzaileak Riacera, bertako harrera-proiektuan parte har dezaten. Bertan, beharrezkoak zaizkien lege-dokumentuak eskuratzeko prozesua abiatzen dute. Hala ere, arduradunek aitortu zutenez, bide hori ez da laburra izaten. Bitartean, udalerri horretan askatasun osoz bizi daitezke migratzaileak, herriko egunerokotasunean parte hartuz, bestelako zentro batzuetan ez bezala. "Hemen migratzaile denak pertsona gisa hartzen dituzte hasiera-hasieratik", nabarmendu zuen Boscok.

Mafiaren esku-hartzea

Calabrian harrerarako beste hainbat proiektu aurki daitezke, baina ez Riacekoak bezalakoak. Catanzaroko zinegotziak azaldu duenez, Lucanok pauso bat haratago eman du proiektuagaz, eta borroka politiko bilakatu du: "Riace berezia da, bakarra da bere ereduan. Inguruan badaude harrera egiten duten beste hainbat herri, baina ez hemen legez. Riaceren eredua duela 20 urte jaio zen, eta ordutik, harrera egiteaz gainera, gizarteratzeko aukera ere eskaintzen die migratzaileei".

Harrera egiten duten inguruko herriek migratzaileak hartzen dituzte, eta Gobernuak diru-laguntzak ematen dizkiete horregatik. Hala ere, proiektu horiek horretan bakarrik oinarritzen dira, harrera soilean. Gainera, Boscok deitoratu duenez, bertako mafia egoera horretaz baliatzen hasi da. Askotan, harrera egiten dutenak mafiakoak dira, eta eurak izaten dira diruagaz geratzen direnak. Beste batzuetan, gainera, hartutako pertsona migratzaileez baliatzen dira abusuzko jardunaldietan lan egin dezaten: "Euro bana ordaintzen diete ordu bakoitzeko, modu ilegalean behar egiteko".

Riaceren harrera-proiektua kolokan dago gaur egun, arazo ekonomikoengatik. Egitasmoa martxan ipini zenean oso harrera ona izan zuen, auzokideen eta pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen artean. "Harrerarako eta bizikidetzarako utopia bat izan zen", auzokideen berbetan. Hala ere, duela zenbait urte arazoak hasi ziren, Gobernuak Lucanoren eta berak abiatutako proiektuaren inguruko ikerketak abiatu zituenetik, bere sona kendu guran. Administrazio publikoan akatsak egin izanaz akusatu zuen Gobernuak Lucano, baina ikerketek ondorioztatu zuten dena ondo zegoela. Hala ere, duela urte bi diru-laguntzak murrizteari ekin zion Gobernuak eta, bertako ekonomia asko garatu ez denez, baliabide barik gelditzear da Riace, proiektuaren etorkizuna kolokan jarriz.

"Normaltasunaren utopia"

Riaceko biztanleen ia erdia kanpotik etorritakoek osatzen dute. Herrian harrera egiteaz gainera, bertan gelditzen diren herritarrakaz integratzeko eta modu "normalean" bizi ahal izateko aukera dute. Ohikoa da parkean futbol-partiduak ikustea, ondoko terrazan adinekoak kartetan jolasten dabiltzan bitartean. Beste batzuk, bitartean, herriko hainbat proiektutan parte hartzeko aukera izaten dute baita ere, hala nola tailerretan, dendatan eta ortutan. Modu berean, askatasun osoa dute ondoko herrietara joateko. Hala ere, hainbat migratzaile kexu da askatasun horrek "muga" bat duelakoan: "autobus gutxi dago mugikortasunerako, ematen dizkiguten laguntzak ez dira nahikoak eta ez dago lanik".

Boluntarioen lana, beharrezkoa

Daniella izeneko emakume batek etxe bat erosi zuen Riacen aspaldi, eraikin hori zentro kulturala izan zedin. Bertan, hainbat boluntario hartzen ditu udan, bertako biztanleentzako, migratzaileentzako zein autoktonoentzako proiektuak garatu ahal izateko. Egunotan hiru gazte dabiltza bertan beharrean: Fabia, Antonella eta Aldo. Udako hilabeteak emango dituzte bertan, umeak zaintzeko, eskolaz kanpokoak emateko eta laguntzeko orokorrean. Emandako azalpenen arabera, duela gutxi emakumeentzako zenbait jarduera garatu zituzten, eta horma-irudi batzuk egin dituzte herrian. "Pertsonak integratzeko lan egiten dugu, eta askotan kultura eta artea erabiltzen ditugu zeregin horretarako", argitu zuten boluntarioek, "Afrikako eta Italiako kulturak batzen ditugu, integrazio hori ahalik eta hoberen egin ahal izateko".

Argazki galeria (Hodei Torres)

 

Riace herrian Mugak Zabalduz

 

Artikulu hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mugak Zabalduz karabana
Mugak Zabalduz karabanak migrazio politikak salatu ditu Tenerifen eta Kanaria Handian egindako ekintzetan

Uztailaren 21ean Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan egindako manifestazioan, Polizia Nazionalak pertsona bat atxilotuta izan du. Manifestariek protesta egin dute kidea askatu duten arte. Uztailaren 19an Kanaria Handian egindako ekintzan, zaldi kakaz estali dute Mugako... [+]


Europako mugen militarizazioa eta portuen itxiera salatu ditu Mugak Zabalduz karabanak

Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileak omendu zituen Mugak Zabalduz karabanak eguenean, hilaren 19an. Horretarako, talde bitan banatu ziren ekintzaileak. Lehenengoak Cataniako portuan bertan ekintza berezi bat egin zuen; besteak, berriz, Pozzaloko portuan dagoen... [+]


Frontexen aurkako manifestazioan parte hartu du Mugak Zabalduz karabanak

Joan den eguenean, Mugak Zabalduz karabanak parte hartu zuen militarizazioaren eta mugen itxieraren kontrako manifestazio batean, Catanian. Protestaldia Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren egoitzan amaitu zen. Bertan, pertsona migratzaileek Europara ailegatzeko... [+]


2018-07-19 | Hiruka .eus
"Lana aurkitzea da gura dugun bakarra, kartzela erraldoi honetatik alde egin ahal izateko"

Asilo-eskatzaileen egoera beren-beregi ezagutzeko aukera izan zuten asteazkenean Mugak Zabalduz karabanako kideek. Mineotik 10 kilometrora dagoen CARAra (Asilo-eskatzaileak Atxikitzeko Zentroa, italierazko sigletan) gerturatu ziren, eta bertan ikusitakoaren ondoren, ekintzaile... [+]


2018-07-18 | Hiruka .eus
Domenico Guarini
"Migratzaile hauek ez dira hil, erail dituzte"

Palermoko Rotoli hilerria bisitatu zuen hilaren 17an Mugak Zabalduz Karabanak. Bertan, Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileen memoria gorde gura dute Siziliako hiriburuko hainbat elkartek. Ekitaldi xume batean, 2015eko abuztuaren 5ean naufragio batean hildako 57... [+]


Eguneraketa berriak daude