Europako mugen militarizazioa eta portuen itxiera salatu ditu Mugak Zabalduz karabanak

  • Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileak omendu zituen Mugak Zabalduz karabanak eguenean, hilaren 19an. Horretarako, talde bitan banatu ziren ekintzaileak. Lehenengoak Cataniako portuan bertan ekintza berezi bat egin zuen; besteak, berriz, Pozzaloko portuan dagoen barneratze-zentroaren kanpoaldean. Ondoren, arrastian, Europako kanpo-mugak zelatatzen dituen Frontex agentziaren kontrako manifestazioa egin zuten Catanian, bertako hainbat eragilegaz batera.


2018ko uztailaren 24an - 08:53

Mugak Zabalduz karabanako 300 gizon-emakumeak talde bitan banatu ziren eguen goizean Pozzalo eta Cataniako portuetara joateko. Lehenengoek Sizilia hegoaldean dagoen Pozzaloko portuko “hotspot”-era (puntu beroa, ingelesez) gerturatu ziren. Bertan, Italiara heldutako 231 migratzaile hartzeko edukiera duen barneratze-zentroa dago, baina gaur egun 401 pertsona daude bertan, erabat pilatuta. Horietatik denetatik, 101 dira adin txikikoak eta senideen babes bakoak.

Pozzaloko barneratze-zentro horretan 72 ordura arte egon daitezke atxikita Italiara heldutako pertsona migratzaileak. Denbora tarte horretan, modu librean mugi daitezke egunez, baina gauean euren geletara bueltatu behar dira. Nino Trillo Mugak Zabalduz karabanako Madrilgo kideak zentroko arduradunagaz berba egiteko aukera izan zuen, eta, azaldu zuenez, bertan atxikita daudenak 130 geletan pilatuta daude, nahastuta. Azpiegitura horrek 231 pertsona hartzeko gehienezko edukiera du, baina 401 pertsona daude gaur egun. Gainera, Trillok deitoratu duenez, inoiz 800 pertsona hartu dituzte bertan. Logelek ez dute komunik, eta horiek itxita daude gauez, familientzako geletan izan ezik. Modu berean, bertan dagoen mediku-zerbitzua nahikoa ez dela salatu du: mediku bakarra dago zentroan.

Bitartean, Catanian, bigarren taldeak portu irekien eta seguruen aldeko nazioarteko kanpaina aurkeztu zuen prentsaurrekoan. Mineoko CARA atxikitze-zentroko 50 gizon-emakume hurbildu ziren aurkezpenera, gehien-gehienak gizonezkoak.

Portu batean zein bestean, Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileak omentzeko eta hilketa horiek salatzeko ekintza bana egin zituzten. Horretarako, Catanian gelditu zen taldea lurrera bota zen erdi biluzik, gorputzak pintura gorriz beteta. Pozzalokoak, aldiz, itsasoan murgildu ziren, gorputz bizigabeak ur gainean irudikatzeko, “ekintza horien bitartez, Europar Batasuneko gobernuen politika kriminalek pertsona migratzaileak hil egiten dituztela irudikatu gura izan dugu”, azaldu du ekintzaileetako batek.

Denera, 1.103 pertsona hil dira aurten Libia eta Italia arteko bidea gurutzatu guran. Horren aurrean, Mugak Zabalduz karabanak askotan eskatu die gobernuei Europara sartzeko bide legal eta seguruak martxan jartzeko, heriotzak ekidin ahal izateko.

Arrastian, berriz, karabanako kideek militarizazioaren eta mugen itxieraren kontrako manifestazioan parte hartu zuten Catanian. Protestaldia Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren egoitzan amaitu zen. Bertan, pertsona migratzaileek Europara ailegatzeko pairatzen dituzten arazoak irudikatzeko antzerkia egin zuten, "Mugari ez, Frontexi ez" goiburuaren pean.

Albiste hau Hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mugak Zabalduz karabana
Mugak Zabalduz karabanak migrazio politikak salatu ditu Tenerifen eta Kanaria Handian egindako ekintzetan

Uztailaren 21ean Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan egindako manifestazioan, Polizia Nazionalak pertsona bat atxilotuta izan du. Manifestariek protesta egin dute kidea askatu duten arte. Uztailaren 19an Kanaria Handian egindako ekintzan, zaldi kakaz estali dute Mugako... [+]


Riace, "normaltasunaren utopia" Calabriaren bihotzean

Calabria eskualdeko Riace herrian eman zioten amaiera Mugak Zabalduz karabanako ekintzaileek Italiako ibilbideari. Joan den zapatuan, hilaren 21ean, hurbildu ziren herri horretara, bertakoek darabilten harrera-esperientzien nondik norakoak ezagutzera.


Frontexen aurkako manifestazioan parte hartu du Mugak Zabalduz karabanak

Joan den eguenean, Mugak Zabalduz karabanak parte hartu zuen militarizazioaren eta mugen itxieraren kontrako manifestazio batean, Catanian. Protestaldia Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren egoitzan amaitu zen. Bertan, pertsona migratzaileek Europara ailegatzeko... [+]


2018-07-19 | Hiruka .eus
"Lana aurkitzea da gura dugun bakarra, kartzela erraldoi honetatik alde egin ahal izateko"

Asilo-eskatzaileen egoera beren-beregi ezagutzeko aukera izan zuten asteazkenean Mugak Zabalduz karabanako kideek. Mineotik 10 kilometrora dagoen CARAra (Asilo-eskatzaileak Atxikitzeko Zentroa, italierazko sigletan) gerturatu ziren, eta bertan ikusitakoaren ondoren, ekintzaile... [+]


2018-07-18 | Hiruka .eus
Domenico Guarini
"Migratzaile hauek ez dira hil, erail dituzte"

Palermoko Rotoli hilerria bisitatu zuen hilaren 17an Mugak Zabalduz Karabanak. Bertan, Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileen memoria gorde gura dute Siziliako hiriburuko hainbat elkartek. Ekitaldi xume batean, 2015eko abuztuaren 5ean naufragio batean hildako 57... [+]


Eguneraketa berriak daude