Redstone Replay musika festibal berria egingo dute Ondarroan apirilean

  • Euskal Herriko musikari erreferentzialez beteriko kartel batekin, Redstone Replay musika festibal berria aurkeztu dute Ondarroan. Apirilaren 27an herriko Beikozini aretoan egingo den jaialdirako egitarau zabala prestatu dute.


2019ko otsailaren 27an - 19:18
Joseba B. Lenoir, Jon Basaguren eta Aiert Goenaga, Redstone Replay festibala aurkezten.

Naroa, Larry Bird, Keu Agirretxea, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Petti, Miren Narbaiza (Mice), Jon Basaguren, Rafa Rueda eta Klag Klub zuzenean ikusteko aukera emango du Ondarroan antolatu duten Redstone Replay festibalak.

Asteazken honetan aurkeztu dute jaialdi berria. Aiert Goenaga egitasmoaren arduradunak azaldu duenez, herriko kultur eskaintza osatzea eta herritarrak euskal musikara gerturatzea du xede. “Euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izateko asmoz” jaio da, haren hitzetan.

Ekimenak, gainera, Ondarroako eskaintza kulturala aberastuko du, lehendik martxan diren Marabilli festibala, Literatur Amuak, Redstone Soluk –jaialdi berriaren ernamuina den zikloa–, Sare artin eta beste ekimen batzuek Bizkaiko herriari egiten dioten ekarpena osatuko baitu.

Aurkezpenean izan dira festibalean joko duten bi musikari ere. Joseba B. Lenoir beratarrak azpimarratu duenez, “euskal sortzaileontzako honelako ekimenak ezinbestekoak dira publikoarekin modu intimistago batean konektatzeko”. Festibalak proposatzen duen formatu txikia goraipatu du, “alde batetik emanaldiaz gozatzeko ematen diren baldintzengatik eta bestetik kontzertu osteko hartu emana” nabarmenduz.

Horregatik onartu du jotzeko eskaintza, izan ere, aurten kontzerturik emateko asmorik ez zeukan, disko berria plazaratu arte. “Ez dut zalantzarik izan salbuespen hau egiteko”.

Jon Basaguren ere festibalaren aurkezpenean izan da eta arnasguneen garrantziaz hitz egin du: euskal musikagintzak horrelako festibalen beharra du haren ustez. “Are gehiago zuzeneko emanaldiak dekretu bidez mugatu nahi dituzten garaiotan”, gaineratu du, Eusko Jaurlaritzak tabernetako kontzertua mugatzeko hartutako erabaki polemikoari erreferentzia eginez.

Sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai antolatzaileek iragarri dutenez. Ondarroako Beikozini aretoan erosi ahal izango dira, aldez aurretik 12 euroan eta egunean bertan 15ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude