“Puta” hitza idatzia duen pankarta “iraingarria” al da?

  • Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak oharra zabaldu du, larunbat gauean txosnagunean egindako ekintza azalduz eta bertan jarrita dagoen pankarta baten kontura Udal Gobernuak ateratako oharrari erantzunez: "Iraingarria da gure baginak eskandaluzkotzat jotzea". Udal Gobernuak pankarta hura kentzeko eskatu zuen jaien hasieran.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko ekainaren 27an - 12:10
Pankarta hau kentzeko eskatu zuen Arrasateko Udal Gobernuak. Horren ondoren, Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak mezua azaltzen duen testua plazaratu du (argazkia: Goiena).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jaien hasieran eskatu zuen Udal Gobernuak pankarta hura kentzeko: "Argi utzi nahi dugu mezu iraingarriak dituzten eta bizikidetza oztopatzen duten kartel eta pankarta ororen aurka azalduko garela beti", zioen Gobernuak plazaratutako oharrean.

Horri erantzunez eta atzo gaueko txosnaguneko ekintza azalduz –emakume talde bat, burua estalita eta askotariko mezuak zituzten kartelak eta antortxak eskuan, txosnagunean agertu eta, pankarta batekin, agertokira igo ziren, Arkada Socialen kontzertuaren erdian, mezu bat irakurtzera–, ondorengo oharra zabaldu du Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak:

"Emakume guztiak beldurrarekin hezi gaituzte. Gure heziketa 'puta' izendatuak izan ez gaitezen bideratu dute. Bizi txarreko emakumeak, kontrolatuak eta lanbide okerrekoak. Prostituzioaz, putez, estigmez.. hitz egin behar dugu. Ikusarazi, salatu eta eraldatu behar ditugu. Edo gure egin. Eta puta izateak, sexualki askea, independentea, nor bere buru eta gorputzaren jabea, langilea, sistemaren kontrakoa… izatea esan nahi badu, gu ere putak gara! Eta hori da, hain zuzen, irudikatu nahi izan duguna.

Batzuentzat, iraingarria da gure aluak odoletan ikustea, odol hori hilero isurtzen dugu, isuri dugu eta isuriko dugu. %51 gara, eta ez dugu onartuko gure gorputzak iraingarritzat jotzea, are gutxiago gure odola.

Iraingarria dena da aste betean lau emakume erailak izan eta ezer ez esatea. Iraingarria da Erkoreka jaunak gertakari horiek genero biolentzia ez direla esatea. Iraingarria da harreman afektiborik behar izatea hilketa bat biolentzia matxista dela esateko; hortik kanpora biolentzia matxistarik egongo ez balitz bezala. Iraingarria da Ibarra eta Iruneko jaietan, sei emakume drogatu eta bahitzea. Iraingarria da aste betean hori guztia gertatu eta zuen ahotan puta Juanen pankarta bakarrik egotea. Iraingarria da gure baginak eskandaluzkotzat jotzea. Iraingarria da horrekin izutzen den jendarte matxista.

Guk gure bidean tinko jarraituko dugu, jakin badakigulako borroka feministak egingo gaituela herri eta hurrengo hilean ere kuleroak, tangak… odolez zikinduko ditugula!".

Albiste hau Julen Iriondok argitaratu du Goienan eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2025eko abenduaren 17
Lurraldea eta arkitektura
La Sinsorga

2025eko azaroaren 26
Musu-truk

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!