Puigdemontek amnistia lege bat eta “independentismoa zilegi” egitea eskatu du, Sánchezekin negoziatzeko baldintza gisa

  • “Akordio historiko bat” nahiko luke JxC alderdiko buruak PSOErekin, asteartean Bruselako erbestetik jakinarazi duenez. Sánchezen inbestidura negoziatzen hasteko baldintza batzuk ezarri ditu Generalitateko presidente ohiak, eta berriro ere mahai gainean jarri du Kataluniaren independentzia.

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi erbesteratua, Bruselan egindako agerraldian.

2023ko irailaren 05an - 10:50
Azken eguneraketa: 14:38

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak erbestetik egin du agerraldia asteartean, Bruselan, Junts per Catalunya bere alderdiko zenbait arduradunekin batera. Pedro Sánchez berriro Espainiako presidente izan dadin ezinbestekoa izango da JxC alderdi independentistaren babesa, bestela, hauteskundeak errepikatu beharko lirateke ziurrenik, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ere ez baitu nahikoa babesik inbestidura irabazteko.

Egoera hori baliatuta, PSOErekin “akordio historiko bat” egiteko prest agertu da Puigdemont europarlamentaria, baina argi utzi du inbestidura negoziatzen hasi aurretik zenbait baldintza eskatzen dituztela: “Kataluniako independentismoaren zilegitasun demokratikoa aitortzea, independentisten kontrako bide judiziala amaitzea eta amnistia lege bat onartzea”. Gainera, eskatu du mekanismo bat ezartzeko adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko eta bitartekaritzarako.

Gogorarazi du balizko hitzarmena ez dela edonolakoa, Juntsekin izango litzatekeelako, “Espainiako bi alderdi handiek etengabe baztertu eta mespretxatu duten” alderdiarekin. Puigdemontek gehitu du “gatazkaren elementuak” direla, besteak beste, “urriak 1eko kriminalizazioa”, hitzartutakoa ez betetzea, eta 155. artikulua aplikatzea. Procés-ean kondenatutakoentzako amnistia eskatu du Sanchezekin negoziatzeko baldintza gisa, baina azpimarratu du hori ez dela helburua, baizik eta abiapuntua, autodeterminazio erreferendum batera iristeko.

PSOEk negoziazio bideak irekita ditu, baina behin eta berriz argi utzi dute amnistiari dagokiona ez dutela onartuko. Yolanda Díaz jarduneko presidenteordea astelehenean izan zen Bruselan, Puigdemontekin PSOEren inbestidurari buruz hitz egiteko, baina Sumarreko buru gisa egin zuen bilera. Feijook “inoiz ikusi gabeko izugarrikeria demokratiko” gisa deskribatu du bilkura, eta Sánchezi eskatu dio Díaz kargugabetzeko, eta kritikatu du egin ezean Sánchez ere konplize dela. Dena den, legez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ezin du ministrorik izendatu ezta kargugabetu ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Junts per Catalunya
Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


2022-10-10 | ARGIA
“Katalunia osoa” ordezkatzeko gobernu berria eratu du Pere Aragonèsek

Ostiralean JxCko militanteen %55ak bozkatu zuen Kataluniako Generalitatetik ateratzearen alde, eta 48 ordu eskasean aurkeztu ditu hutsuneak betetzeko diputatu berriak Aragonès presidenteak. Asteartean hartuko dituzte karguak, eta presidenteak ziurtatu du herrialdearen %80... [+]


Herrialde Katalanak: hiru gobernu aurrerazaleak, hizkuntzazko murgiltze sistemaren ehorzleak

Egoera ezohikoa bezain iraingarria da. Balearretako parlamentuan, eztabaidatzen ari dira erkidego honen historian lehena izango den hezkuntza legea, zeina hil honen (otsailaren) 22rako onartu behar den. Hizkuntzari dagokion atalean, hortxe lehenengo ezustekoa: Jaume Matas PPko... [+]


Katalunian gobernua osatzeko akordioa iragarri dute ERCk eta JxCATek

Jordi Sánchezek eta Pere Aragonések azaldu dute akordioa, hurrengo egunetan bi alderdien oinarriek berretsi beharko dutena. Elkarrizketak luzatzeagatik barkamena eskatu dute bi buruzagiek, baina akordioa sendoa dela ziurtatu dute. Juntsek Aragonés presidente... [+]


Eguneraketa berriak daude