Otsailaren 28an atxilotu zutenetik daukate espetxean Pablo Gonzalez kazetaria. Ia erabat inkomunikatuta daukate Poloniako segurtasun goreneko espetxe batean.
 
                
            Bigarrenez Pablo Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu du Poloniako fiskaltzak. Behin-behinean daukate espetxeratuta kazetaria, dagoeneko sei hilabetez, otsailaren 28an atxilotu zutenetik. “Espioitza” egozten diote, eta fiskaltzak argudiatu du Gonzalezek prozeduran iruzur egin, ezkutatu edo ihes egingo duelako “kezka sendoa” duela.
Izan ere, kondenatuz gero zigor handia izango luke Gonzalezek, eta hori ere espetxealdia luzatzeko arrazoi gisa aurkeztu du fiskaltzak. Polonia eta Ukraina arteko mugan atxilotu zuten kazetaria, Ukrainako gerrako errefuxiatuen egoeraren berri emateko lanetan ari zela. Geroztik ia erabat inkomunikatuta daukate. Asko dira Gonzalezen egoera salatzen ari diren norbanako eta elkarteak. Kazetariaren egoera Europar Batasunaren bermeetatik kanpokoa dela azpimarratzen dute guztiek, eta bere eskubideak ez direla errespetatzen ari.
Abuztuaren 23an aztertuko du epaitegiak Gonzalez espetxean mantentzeko fiskaltzak egindako eskaria.