Poloa ez da Iruñean egingo, auto salmenta behera doa eta langile kopurua ere bai

  • Iruñean 40 urtez Polo autoa egiten aritu ondoren, 2024an Volkswagenek autoa ekoizteari utziko dio. 2026an ekingo dio auto elektrikoa egiteari Nafarroako hiriburuan, baina trantsizio tarte horretan auto produkzioa asko jaitsiko da Landabeneko plantan, eta horrek lanpostu galera handia ekarriko du.


2023ko martxoaren 30an - 12:37
Azken eguneraketa: 15:35
Auto ekoizpena Iruñeko Landabengo plantan. (Argazkia: Volkswagen)

Multinazionalak iragarri du 2024an 250.000 auto ekoitziko dituela,  2025ean 150.000 eta 2026an 200.000, dagoeneko auto elektrikoa tartean. Horrek esan nahi du, tarte horretan 2.000-2.300 lanpostu artean sobera izan daitezkeela Iruñeko Landabengo plantan. Gaur egun 4.800 bat langile ari dira lantegian.

Volkswageneko (VW) zuzendaritzak azaldu duenez, bi osagaik eragin dute trantsizio horretan: batetik, lantegia egokitu beharra auto elektrikoa egiteko, eta bestetik, autoen gas-emisioak gutxitzeko Europar Batasunean 2025ean indarrean sartuko den Euro 7 araua, zeinaren arabera, konbustio motorretan aldaketa garrantzitsuak egin beharko diren.

Langileak kezkatuta

2026rako, ostera, 200.000 auto ekoiztea aurreikusten duela iragarri du zuzendaritzak. Datu horiek oso urruti daude 2022ko 288.000etatik edo 2016an lortutako 296.000etatik, eta are urrutiago 2011ko 353.353 autoetatik –40 urteetako errekorra azken hori–.

Polo marka izan da historikoki egin den autoa, baina azken urteetan egiten dira ere T-Cross eta Taigo, biak Poloa baino aski garestiagoak. 2021ean 141.379 T-Cross egin ziren, 70.899 Polo eta 8.844 Taigo. 2024an Poloa eroriko litzateke eta 2026n bi auto elektrikoekin hasiko lirateke, bata Skoda, eta bestea VW markakoa.

Egia da pandemiaren ostean autoen produkzio datuak asko jaitsi zirela eta apurka ari direla igotzen, baina ikusten badugu 2011ko errekorra eta 2026rako dauden aurreikuspenak, samur ikusten da ez direla bakarrik pandemiari lotutako faktoreak, eta beste asko ere badirela, 2021eko produkzio jaitsierak erakutsi zuen bezala. Urte horretan erdieroaleen krisiak, energia krisiak eta salmenten jaitsiera orokorrak dantzan jarri zuten autoen produkzioa. Elektrikoaren gorakada oso handia izaten ari da azken hiruzpalau urteetan, baina oso urruti dago oraindik gasolina motorretatik. Adibidez, 2019an Hegoaldean saldutako autoen %61,4 gasolinazkoak ziren eta 2021ean %34,6 elektrikoak (adi, azken horiek 2018an baino bost aldiz gehiago).

Salmentak behera doaz

2021ean azken hiru hamarkadetako auto salmenta eskasena izan da Europan. 2019an Europan 14,9 milioi auto egin ziren eta 2022an 10,7 milioira jaitsi. Espainiako Estatuan 2022a izan da azken bederatzi urteetako txarrena. 2022an milioi bat auto matrikulatu ziren estatuan, 2021ean baino %7,3 gutxiago, eta 2019an baino %35,3 gutxiago. Datu hauek guztiak CCOO sindikatuak automozioaren sektoreaz martxoan bertan egindako txostenetik ateratakoak dira.

Aurreikuspenak ez dira gorakoak etorkizunerako ere. Eta hala ere, gaur egun, auto ekoizleak diru asko irabazten ari dira, errentagarritasunean gora egiten dutelako. Auto gutxiago egiten dituzte, baina egiten dituztenak askoz garestiago saltzen dira. Eta auto gutxiago egiten badituzte, etorkizun hurbilean langile gutxiago beharko dituztela ere aurreikusten da.

Egungo munduan oso gaitza da aurreikuspenak egitea ekonomiaren munduan, baina VWk uste du 2027an 300.000 autora iritsiko direla. Salmenten garapena ikusita, ez dirudi datua oso sinesgarria denik. Horrez gain, pentsatzekoa da datozen bi urteetako produkzio jaitsierak eragin handia izango duela automozioaren inguruko Nafarroako industria txikian, eta prezioen doiketa dela eta jadanik estu badabil, horietako asko epe horretan desagertu litekeela ere uste da. Datuetan ere badu oinarririk uste horrek, 2022an Espainiako automozioaren industriak 5.700 lanpostuko galera izan zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Automobilgintza
2024-02-20 | Gedar
Europan, auto berri guztiek izan beharko dute datu-erregistragailu bat

"Kutxa beltz" baten modukoa izango da EDR gailua: mikrotxip baten bidez, auto bakoitzaren gidatzeari buruzko datuak gordeko ditu. Derrigorrezkoa izango da uztailetik aurrera.


2023-12-12 | Leire Artola Arin
Elon Musken Tesla blokeatzen ari dira Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandiako langileak

Auto elektrikoen ekoizlerik handiena den Tesla enpresako Suediako 120 mekanikarik grebari ekin zioten urriaren 27an, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta inguruko herrialde eta sindikatu nagusietara zabaldu da Musken aurkako boikota. "Elkartasun greba" deritzonaren... [+]


Iruñean 400 lanpostu murriztuko ditu Volskwagenek datozen bi urteetan

Auto elektrikorako bidean egokitu beharra duela iragarri du multinazional alemanaren Nafarroako lantegiak, eta horren ondorioz, datozen bi urteetan 400 lanpostu murriztuko dituela jakinarazi die langileei.


Jaurlaritzak aitortu du "aktiboki" presionatu duela ibilgailuen isuriei jarritako muga atzeratzeko

Europako Batzordeak ezarri nahi zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea atzeratzea txalotu du Arantxa Tapiak: "Lehenago edo beranduago hartu beharreko erabakia zen".


Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Eguneraketa berriak daude