Pandemia garairako kultura txatalak

  • Pandemia garaiko kultura, edo kultura pandemia garaian. Joan den urteko itxialditik hona aurrera eraman diren hainbat ekimenen bilduma da hau, han eta hemen jasotako txatalak, eztabaia zatiak, ezinbesteko ekimenak, argi-izpi berriak eta zaharrak pandemiak hautsi ez duen inertzian.


2021eko abuztuaren 01an - 03:22
Azken eguneraketa: 2022-07-21 03:25:20

Egunerokoaren inertzian hausturaren itxura hartu zuen COVID-19aren pandemia dela-eta hartutako neurrien ondorioz etorri zen egoerak. Bat-bateko aldaketa, aldaketa larria, hankaz gora ohiko bizitza. Asaldagarria, ez baikenekien zer zetorren, zer etor zitekeen ere irudikatzeko euskarri gabe geratu ginen.

“Haustura bat inertzian” esaldia erabili izan du Arteka aldizkariak lema gisa. Haustura eta inertzia zentzu batean baino gehiagotan har badaitezke ere, lan militanteari esker argitaratzen den hilabetekariak zentzu politiko beteaz darabiltza hitzok.

Esan daiteke, ziur aski gehiegi tronpatzeko beldurrik gabe, osasun larrialdiak eta horren ondorioz hartu diren neurriek haustura baino inertziaren birformulazio bat bultzatu dutela, funtsezko auziei dagokienean, bederen. Krisiak ez du gurpila geldiarazi, asko jota eraldatu egin du, apur bat. Horri erreparatu nahi nioke hemen, batez ere Kultura Sailean kokatu ohi diren kontuetan jarriz begirada.

Espero gabeko egoerak asko eta asko bultzatu ditu beren kabuz baliabideak, edukiak eta edukiok zabaltzeko bide berriak sortzera. Espazio batzuk desagertu dira tarte batez eta beste batzuek hartu dute haien tokia.

2020ko martxoaren 18an, Artekaren hirugarren zenbakia argitaratzear zeudela, zailtasunak zailtasun lanean jarraituko zutela adierazi zuten aldizkariko kideek sare sozialetan, inertzian egiazko haustura ekartzeko asmoari tinko helduko ziotela. Bi egun lehenago, astelehenarekin, hegoaldeko biztanleok bakoitza bere etxean itxi gintuzten. Baina dagoeneko baziren aste batzuk COVID-19aren itzala gain-gainean geneukala, Italiatik zetozen berriei adi begiratzen genien, eta gure txanda ere helduko ote zen beldur ginen. Astelehen horretan bertan, martxoaren 16an, Berriak Berria Aretoaren lehen saioa plazaratu zuen: Jon Basagurenek kanta batzuk eman zituen, bere etxetik gure etxeetara, konfinamenduko lehen egunari soinua jarriz. Gaur egun ikusi eta entzunda arraroa egiten da, irreala kasik, amets baten oroitzapena balitz bezala. Behin eta berriz begiratu behar izan dut itxialdiaren hasieraren data zehatza garai hartan alboan neraman agendan, denboraren joana eta iragana lausotu baitu, niretzat, bederen, azken urte eta erdian gertatutakoak.

Aipatutako bi egun horien artean, martxoaren 17an, konfinatu zituzten iparraldeko biztanleak ere. Egun horretan, Berria Aretoaren hirugarren saioan, Efemerideak abestu zuen Anarik, eta jotzen hasi aurretik kantaren akordeak azaldu zituen, “gutxienez bi astean” gitarrarekin kanta bat ikasteko tartea izango baikenuen. Agendan begiratu dut eta maiatzaren 11n amaitzen da nire konfinamenduaren zenbaketa, lagun minaren urtebetetzean, kasualitatez. Bi hilabete luzatuko ziren bi aste horiek, eta gitarrarekin kanta bat baino gehiago ikasteko astia izango genuen, baina ez genekien oraindik.

Inertzia batzuk bai hautsi behar izan genituen, edo ohitura batzuk aldatu, bederen. Egoera noiz arte luzatuko zen ez jakiteak ere are nahasgarriago egin zuen oraindik neurria ondo hartu ezin genion balizko haustura hori. Stand-by moduko bat irudikatzen genuen, ezer irudikatzekotan, eten labur bat. Unibertsitatea pare bat astez itxita, tabernak ere akaso, eta egoera onera itzultzean, horren izateko aukera zein zen jakin gabe ere, erraz itzuliko ginen ohiko ohituretara. COVID-19ak gure bizitzak aldatu dituela ezin uka. Baina mundu guztian ez da berdin izan eta Euskal Herrian ere ez da denontzat berdina izan, eta zalantzagarria da eman diren aldaketak aldaketak ote diren edo moldaketa hutsak.

Osasun krisiak, besteak beste, agerian utzi du zer jotzen den ezinbestekotzat eta zer ez gaur egungo munduak funtzionatzeari utz ez diezaion. Gurpila ez baita gelditu, segundo erdiz ere. Ezinbestekoaren kontzeptu desberdinak ere egon dira mahai gainean. Ez ziren gutxi izan langileen ekimenez geldiarazi ziren ekoizpen kateak: Laudioko Tubacex, Irun eta Beasaingo CAF, Lasarte-Oria eta Gasteizko Michelin, Landabengo Volkswagen, Gasteizko Mercedes, Amurrioko Tubos Reunidos, Berantevillako Aernnova, Gasteiz eta Basauriko Sidenor, Zornotzako Aludium, besteak beste. Correoseko langileek ere planto egin zuten aldarrikatzen zituzten gutxieneko babes neurriak onartu arte.

Pandemia gorabehera milaka eta milaka ateratzen ziren haien etxeetatik goizero, arratsaldeko, gauero haien lanpostuetara: ospitaleetara, fabriketara, zaharren egoitzetara, supermerkatu eta janari-dendetara... Baina lanetik irtendakoan zuzenean etxera itzuli behar ziren, ez zegoen ez taberna ez kontzertu, ez zinema emanaldirik. Ez zegoen jenderik paseoan, haurrik parkeetan, korrikalaririk espaloietan eta ziklistarik errepideetan, ikasle edo irakaslerik ikastetxetik etxerako bide nekatuan.

Internet, larrialdirako leihoa

Internetera eta etxearen barrenera aldatu ziren horiek guztiak, egongelak bilakatu ziren lan leku, kiroldegi, taberna, ikasgela, zinema eta kontzertu areto. Leihoak zabaltzen genituen kalera eta mundura, eta han topo egiten genuen nola hala, ikasteko, denbora pasatzeko, komunikatzeko. Hauxe zioen irakasle batek ikasleoi igorritako mezu elektroniko batean: “Filosofia online eta urrunetik ematea hortzak hatzarekin garbitzea bezala da. Egin behar bada egin behar da, eta gaurko egoera lazgarriak hala eskatzen du, baina ez da asegarria, ez zuentzat ez niretzat ere”. Gauza batzuk online egin baitaitezke, baina gutxi gorabehera.

Hori guztia datorkit burura atzera begira pentsatzen jarrita, baina testu honek ez luke konfinamenduaren edo pandemia garaiaren kontakizuna izan nahi, baizik eta osasun larrialdiak baldintzatutako egoeran kulturak izan duen eta izango duen lekua zein izan den gainbegiratzea.

Internetera aldatu ginen, eta lehendik ere asko eta asko ohituak bageunden, esaterako, musika, telesailak eta literatura Internet bidez kontsumitzera, gutxiago geunden eduki horiek euskarazkoak izatera. Euskara kalean baitago gehiago, egotekotan, edo espazio formal partekatuetan. Proportzioan, gutxiago Interneteko itsaso zabalean. Alde nabarmena ekarri zuen Interneteko euskarazko edukien kontsumoan itxialdiak.

Jendaurreko emanaldiak, bertan behera. Kontzertuak, bertso-saioak, irakurraldiak, aurkezpenak, hitzaldiak, museo-bisitak, erakusketak, film emanaldiak... asko jota formatu digitalera mugatuta geratu ziren. Muga fisikoak, gainera, ezegonkortasuna ere ekarri zuen, ezegonkortasun ekonomikoa, batez ere, beste sektore askotan bezala arte sorkuntzaren bueltan antolatzen den sektore ekonomiko osoan ere. Munduaren zati handi bat etxean sartuta zegoen artean Internetek salbatu zuen itxuraz jendartekotasuna, baina Internetek ezin ordezkatu jendaurreko emanaldiek dakartena haien osotasunean.

Hala ere, hutsune horren magalean ikusgarri egin zen arte sorkuntza eta kontsumoa. Izan espontaneoki horren bila jo zuelako jendeak edo hainbat instituziok eta ekimenek bultzatu zutelako eduki kulturalen zabalkundea, artisten eta hartzaileen mesede. Izan ere, egoera lehendik ere prekarioa baldin bazen areagotu egin zuen krisiak.

Horri irtenbide xume bat eman nahian, Erresistentzia Kutxa jarri zuen martxan Berriak. Orotara 28 idazle eta ilustratzaileren piezak argitaratu ziren egunkarian, haien lanak erakusteko espazio erremuneratua eman baitzitzaien Kultura Saileko orrietan. Aldi berean, lehen aipatutako Berria Aretoa jarri zen martxan egunkariaren webgunean. Orotara 127 saio egin ziren bertan: ipuin-kontalariak, antzerkilariak, musikariak, bertsolariak, poetak... agertu ziren mugikor eta ordenagailuetako pantailetan. Egunero pare bat emanaldi plazaratu zituzten sarean. Bertsolaritzan ere eragin bortitza izan du pandemiak. Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera, 700 saio galdu ziren 2020. urtean.

Internet bidez eduki kulturalak zabaltzeko antzerako ekimen gehiago ere jarri ziren martxan. Errenteriako Udalak, esaterako, Kultur labea izeneko espazioa jarri zuen martxan. Egoerak ekarritako kultur programazioaren birplanteamenduaren aurrean herriko artistak ezagutzera emateko leiho gisa aurkeztu zutena. Bi dozenatik gora pilula argitaratu zituzten sarean, bideo formatuan, egile bakoitzaren jarduna eta gogoeta pertsonalak zein artistikoak bilduz.

Bertsozale Elkarteak ere aterabidea eskaini nahi izan zien plazarik gabe geratutako bertsolariei. Horretarako abiatu zituzten Plaza, Bidaiak eta Potokastak saio digitalak. Lehenengoan aurretik hitzartutako bertso-saioak egiteko aukera zabaldu zuten, online eta ikuslerik bazen ere. Bigarrenean, esperimentaziorako eta hibridaziorako saio bereziak antolatu zituzten. Hirugarrenean, aldiz, bertsolari gazteak elkarrizketatu zituzten formatu laburrean, eta sorkuntzarako tartea ere eskaini zieten.

Hori zen leiho publikoan eskura genuena. Baina arteak, oro har, gure bizitzetan leku gahiago hartu zuela uste dut. Asko izan ginen plaza publiko horretatik aparte ere poemak, marrazkiak, bertsoak eta kantak elkarbanatu genituenak. Izan distantziarengatik supermerkatura erosketak egitera aldi berean joateko koordinatu ezin ginenok elkarren berri izateko, ez aspertzeko, Interneten eta etengabeko berri-jario etsigarriaren enpatxuari ihes egiteko, bizitzen ari ginena nonbait idatzita uzteko...

Norberarentzako eta besteentzako sortze horrek balio izan zuen zentzua emateko bizitzen ari ginenari. Baina batere sortu ez zuenik ere bada, egoerak blokeatuta irakurtzera eman zenik, besterik gabe ikasketetako lanak egin zituenik, edo eguna pelikulak ikusten eman zuenik ere. Bakoitzaren egoerak eragin handia izan zuen, eta du, pandemiari eta ekarri duenari aurre egiteko mekanismoetan. Arteak, eta bestelako aisialdirako ekintzek, hala ere, leku handia hartu dute askoren bizitzetan, ohikoan egunerokoaren inertziak uzten diena baino leku handiagoa, bederen.

Leihotik at

Horrela jarri zioten izena Zarauzko Danda Gazte Asanbladakoek itxialdi betean martxan jarri zuten podcastari. Martxoaren amaieratik hasita, astean birritan argitaratu zituzten ordu erdi inguruko saioak, itxialdia arindu arte.

Sarean eta Arraio Irratian emititu zuten saioa, eta itxialdiaren kronika modura balio dezake. Eguneroko aktualitateaz gain Zarauzko eta inguruko biztanleen testigantzak ere bildu zituzten, ikasleenak eta zahar etxeetako eta supermerkatuetako langileenak, esaterako. Isolamenduaren aurrean erantzun kolektiboa aldarrikatu zuten asanbladako kideek, eta egoeraren azterketa kritiko eta jakingarriak argitaratu zituzten, inertzian haustura zirudiena funtsean, agian, hainbesteko haustura ez zela azaleratuz. Gogoangarria da, bat aipatzearren, zazpigarren saioa, Bakardadea lagun bakar izenekoa, non bakardadearen auzia itxialdi garaitik harago lantzen duten, erlazio sozial kapitalistetan funtsezkoa den arazoa dela azpimarratuz.

Logika antzekoarekin ekin zioten Gasteizen Radio Teresa irratsaioari ere. Pilula laburragoetan egunero eman zuten askotariko problematiken inguruko ikuspegia. Aurkezpenean esan zutenez, “desinformazio burgesari aurre egin eta eta salbuespen egoeran koiuntura politikoaren hainbat auziren inguruko analisia egiteko” asmoz sortu zuten. Kulturari buruzkoa izan zen 19. saioa, kulturgile talde handi batek (1169 atxikimendu) apirilean deitu zuen Greba Digitalaren harira egindakoa. Bi egunez sarean, itxialdian larrialdirako irteera eta sarrera bilakatu zen leihoan, kultur edukirik ez partekatzeko deia egin zuten deitzaileek. Sona eta jarraipen zabala izan zuen deialdiak, baina baita zenbait kritika ere, baina hori ere bazen deialdiaren asmoa: gaiaren inguruko gogoeta eta eztabaida soziala eragitea.

Radio Teresako saioan, Bake Faltsua musika taldeko kide batek eta Ziakhus rap-kantariak grebaren deialdiaren irakurketa kritikatzen zuten, “sortzaileen” egoera prekarioa eta kulturaren auzia sistema kapitalistaren logikaren argitan eta berau gainditzeko beharraren arabera aztertuz. Ziakhusek saioan azpimarratzen duenez, “baloratzen ditugun balio artistikoak truke balioan desagertzen dira; instituzio burgesei bestelako interesik gabe horiek baloratzeko eskatzea basamortu erdian dagoen iturri abandonatuari ur freskoa eskatzea bezala da”. Funtsean, deialdiaren planteamenduak arazoari errotik heltzen ez diola dio Ziakhusek, eta “gutxi batzuentzako” apurrak eskatu beharrean sistema irauliko duen borrokan ekarpena egiteko deia egiten du, “soilik borroka horren bidez lortuko dugulako artea, jolasa, sormena eta abar luze bat balioan jarriko duen gizartea”.

Irekialdia

Noski, itxialdiaren ostean ez zen guztia berehala lehengo egoerara itzuli. Udaberrian eta udako lehen zatian, “normaltasun berriaren” lilurak kaleetara bultzatuta arestiko inertziaren ildora bere aldaerarik udatiarrenean itzuli baginen ere, azkar apaldu zen bozkarioa, eta udan zehar antolatu ziren kontzertu gutxien jarioa, esaterako, berrabiarazi eta gutxira eten behar izan ziren.

Osasun-egoeraren okertzearekin eta uda garaiaren joanarekin neurriak zorroztu zituzten atzera Hegoaldean. Besteak beste, ekitaldi kulturalak antolatzeko eta entseguetarako zailtasunak ekarri zituen horrek. Praktikan, hartu beharreko neurri guztiak hartu ahal izateko baliabide nahikoa zuten instituzioek antolatu ahal izan zituzten ekitaldiak, eta haien entseguak jarduera profesional gisa justifika zitzaketen taldeek soilik egin zitzaketen legalki. Euskal Herriko musika eszena alternatiboa, esaterako, nahiko itzalita egon zen etxeratze aginduarekin eta herrietako konfinamendu perimetralarekin. Bigarren itxialdi moduko bat izan zen askorentzat, irekialdiz mozorrotutakoa.

Bizitza hein handi batean abiadura normalera itzulita ekimen kultural berri gutxi jarri ziren martxan, eta martxan jarri zirenak etengabe zeuden ezbaian. Esanguratsua da Durangoko Azokaren kasua. Azken unera arte egon zen zalantzan formatua nolakoa izango zen. Azkenean, Landako gunea banaketa zentro erraldoi bilakatuta azoka birtualki egin zen. Erosketak online dendan, eta kontzertuak streaming bidez, publiko urriaren aurrean.

Tarteko egoera horretan argi ikusi zen hautsita irudikatzen genuen inertziak osasuntsu jarraitzen zuela, are, gu ari ginela hausten inertziaren iraupenaren mesedetan. Durangoko Azoka banaketa zentro bat baino gehiago izan ohi da, elkargunea ere bada, noski, baina banaketa zentroak agerian uzten du oinarrian dagoen logika.

Oasi txikiak ere egon dira, ausartu direlako zenbait gaztetxe, zenbait eragile gauzak antolatzera, neurriak errespetatuz, nahiz eta askotan polizia agertu den egitaraua zalantzan jartzera, unibertsitateetako gela beteegietara eta lantokietara agertu ez den moduan.

25. urteurrena

Euskal Herria Zuzenean festibala lehen aldiz egin zutenetik 25 urte bete dira aurten, eta astroak lerrokatu dira, antolatzaileen borondatearen indarrez, festibala egin dadin. Txertaketa prozesua nahiko aurreratuta, kutsatzeen itsasoko olatu artean egin da, sartzeko neurri zorrotzekin.

EHZ da, ziur aski, Euskal Herriko panorama kulturalean jende gehien mugituko duen festibal autogestionatu handiena. Aurten Irisarrin pasatako hiru egunak eten bat izan dira inertzian, nahiz eta zalantzan jar daitekeen egiaz zenbateraino egiten dion ihes festibalak logika kapitalistari. Hala ere, antolakuntzak berak, gauzak egiteko moduak, asmo hori erakusten du.

EHZ aurten izan den gisako etenaldiak arnasguneak dira eta itotzen gaituen inertziara itzultzeko indarrak ematen dizkigute batez ere.

Aisialdia lanaren deskantsu bilakatzen da, espazio despolitizatua. EHZ horren aurka egiten ahalegintzen da, kontzienteki: eztabaidarako tarteak txertatuz, antolaketa ereduari garrantzia emanez. Dena dela, ziur aski gehiengoarentzat inertzian eten bat baizik ez da, distrakzio bat, itxialdian Interneten zabaldutako leihoetako asko izan ziren moduan.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


Eguneraketa berriak daude