Ondarroatik Iruñera eta Bilbora hedatuko da Redstone Soluk formatu txikiko kontzertu zikloa

  • Redstone Soluk Ondarroako musika zikloaren laugarren edizioa berrikuntza nabarmenekin abiatuko da astearte honetan. Orain arte Bizkaiko herrian egin izan dute; aurten baina, Iruñera eta Bilbora ere iritsiko da programazioa, Katakrak eta Bira espazioarekin egindako elkarlanari esker.


2019ko urriaren 07an - 17:22

Urriaren 3an aurkeztu zuten aurtengo edizioa, hilabete honetatik abendura arte iraungo duela esplikatuz. "Formatu txikia izango da protagonista", antolatzaileek adierazi dutenez. Ondarroatik harago iritsiko dela da aurtengo berrikuntza nagusia. "Aurreko edizioak ilusioz abiatu bagenituen, zer esan laugarrenaz", adierazi du Aiert Goenaga Ondarroako Portuko Ranpiko ordezkariak. "2015eko udan guzti hau hasi zenean ez genuen inolaz ere imajinatuko laugarren edizioa sare formatuan izango zenik. Hastapenetan ipini genituen helburuak mantentzen ditugu, herriko kultur eskaintza osatu eta herritarrak euskal musikara gerturatu euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izateko asmoz. Baina aurten Ondarrutik kanpo ere bai".

Hain zuzen, astearte honetan hasiko da formatu txikiko kontzertu-programa, baina ez Ondarroan, Iruñean baizik. Katakraken Lauroba eta Petti ariko dira zuzenean 19:00etatik aurrera eta sarrerak 10 euroan egongo dira salgai. Ostegunean berriz, Mikel Uraken ariko da Bilboko Bira espazioan, 20:30etatik aurrera. Ostiralean izango da Ondarroako lehenbiziko kontzertua: Montauk talde gasteiztarrak Portuko Ranpin joko du.

Momentuz horiek dira programazio berezi honen barruan iragarri dituzten lehenbiziko kontzertuak. Antolatzaileek iragarri dute pixkanaka joango direla hurrengo hitzorduen berri ematen.

Elkarlanaren aldeko apustua

Birarekin eta Katakrakekin hasitako elkarlan honen oinarriak esplikatzeko, Bilboko Erronda kalean dagoen espazioaren arduradun Lutxo Egiak azpimarratu du "euskara, kultura eta saretze lana" izan direla ardatzak. "Redstone sareak guzti horiek barnebiltzen dituenez ez genuen bi aldiz pentsatu proiektuaren parte izateko aukera izan genuenean. Sarea osatzeko lehen urratsa emana dago, orain denborak esango digu noraino iristen den guztia".

Katakraken ere begi onez hartu zuten proposamena hasieratik. "Modu natural batean txertatuko dugu Hiri Buruzagiko alde zaharrean. Finean Iruñeak ere badu herri izaeratik asko eta proiektuaren filosofia zein den ikusita oso ondo funtzionatuko duela uste dugu", esplikatu du Hedoi Etxarte Katakrakeko ordezkariak.

Redstone Soluk egitasmoak sortzaileentzat duen garrantziaz hitz egin du, bere aldetik, Miren Narbaiza musikariak: "Honelako ekimenak ezinbestekoak dira publikoarekin modu intimistago batean konektatzeko. Izan ere, formatu txikia oso aberasgarria da hartzailearentzat; alde batetik emanaldiaz gozatzeko ematen diren baldintzengatik eta bestetik kontzertu osteko hartu emana egoten delako".

Iritzi berekoa da Ines Osinaga musikaria ere: "Plaza berri baten sorrera beti bada poztekoa zer esan plaza bat hirukoizten ikusten denean. Gure kulturaren transmisioa lantzeaz gero eta gutxiago arduratzen garen garaiotan honelako ekimenak oasi antzeko bat dira sortzaileontzat. Ilusioz igoko gara eszenara".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude