“Okupazioaren tresna erabili daiteke”

  • Donostiako hainbat eragilek denbora asko daramate salatzen Azora putre funtsa espekulazio prozesu bat garatzen ari dela Grosen. Alokairuaren prezioan %33ko igoera ezarri nahi die bizilagun askori, eta horrek, Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sindikatuaren hitzetan "isilpeko kaleratzeak" eragiten ditu. Horrez gain, zenbait auzokidek Azoraren bi etxebizitza okupatuta dituzte, eta kaleratze agindua jaso dute. Saretxeko kide Jon Basterrak eta Itziar Villaverdek gertutik ezagutzen dute egoera.


2022ko otsailaren 09an - 08:08
Azken eguneraketa: 09:10
Itziar Villaverde eta Jon Basterra, Saretxeko kideak. Argazkia: Beñat Parra | Irutxuloko Hitza

Kaleratze agindua abenduan iritsi zen. Zein da egoera orain?

Itziar Villaverde (I.V.): Nahiko kritikoa da Azoraren blokeetako bizilagunen egoera: batzuei alokairuan %33ko igoera ezarri nahi diete, baina ezin diotenez igoerari aurre egin, etxetik joatera behartuta ikusten dute euren burua. Beste batzuk igoerari aurre egiten ari dira, baina oso larri. Eta beste batzuek etxegabetze agindua jaso dute. Ondorioz, Azoraren 300 etxebizitzetatik %40 baino gehiago hutsik daude.

Etxeak okupatuta dituztenen kasuan, edozein momentutan etorri daitezke etxea hustera.

Jon Basterra (J.B.): Prozeduran zehazten da agindua jaso eta zazpi egunera gauzatu behar zela kaleratzea. Ordea, agindua abenduaren 29an jaso zuten, eta zazpi egun horiek aspaldi pasa dira. Beraz, orain ez dakigu noiz etorriko diren. Era berean, ez dakigu zehazki zein izango den prozedura: poliziarekin etorriko diren etxea hustera, Azorako edo epaitegiko norbait etorriko den etxea hutsik ote dagoen ikustera… Beraz, protokolo bat garatzen ari gara.

Isilpeko kaleratzeak gertatzen ari direla salatu izan duzue.

I.V.: Bizilagun batzuek burofax bat jaso dute, non esaten dieten etxea denbora jakin batean utzi behar dutela. Kasu horietan, gehienek etxea uzten dute. Hau da, isilpeko kaleratzeak gertatzen dira: familiak joaten dira, eta kaleratzea ez denez ikusten, ez da ezer gertatzen. Etxe huts bat gehiago.

Etxea hustera etortzen direnean, zer egingo duzue?

J.B.: Guk planteatzen dugu hemen erresistentzia bat dagoela, mahai gainean jarri nahi duena hemen gertatzen ari dena ez dela erabat isilpekoa. Zentzu horretan, salto kualitatibo bat emango dugu, auzoan gertatzen ari dena azaleratzeko. Auzo elkartearekin batera ari gara lanean, arazoari erantzun irmo bat emateko.

Harremana izan duzue udalarekin? Eta Azorarekin?

I.V.: Udalarekin saiatu izan gara. Behin baino gehiagotan interpelatu ditugu, baina ez digute kasurik egin. Azoraren kasuan, beraien abokatuak saiatu ziren gurekin harremanetan jartzen, eta eskaini genien mahai publiko bat eratzea. Gure eskakizunak aurkeztu nahi genituen hor: bizilagunen alokairua jaistea, prozesu judizialak etetea, eta abar. Azkenean, ordea, ezerezean gelditu zen. Guk jarraitzen dugu bizilagunekin harremana sortzen saiatzen, bizikidetuz eta beraiekin saretze bat sortuz.

 

Azora__Gros

 

 

Okupatutako etxebizitza bateko kanpoaldeko pankarta. (Argazkia: Beñat Parra)

 

 

 

 

Azoraren blokeetako bizilagunek zuen borrokarekin bat egiten dute?

J.B.: Blokearen arabera, askotariko esperientziak izan ditugu. Orain, Ategorrietako blokean zentratuta gaude, bi etxe berebiziko arriskuan daudelako. Baina bere garaian, gure kide Monicaren, Azorak Galtzada Nagusian duen blokeko bizilagunaren, isilpeko kaleratzea oso ezaguna izan zen. Era berean, Bermingham kaleko blokeko bizilagun bat gurekin batera lan egiten ari da, eta Zabaleta kaleko Azoraren blokeko beste batzuk ere bai.

Bestalde, nabarmentzekoa da Ategorrietako bizilagun baten kasua, Azorarekin zuen auzia Saretxe sindikatuaren bidez lantzea erabaki zuena. Konfinamendua iritsi zenean, lanik gabe gelditu zen, eta ezin zion aurre egin alokairuari. Beraz, erabaki zuen okupazioaren tresna erabiltzen hasiko zela. Alokairu kontraturik gabe gelditu zen, hori baita Azoraren politika jende askorentzat: kontratuak amaitzen dira, ez dituzte berritzen eta bideratze tazitua abiatzen dute; hau da, onartzen dute bizilagunek hor bizitzeko eskubidea dutela, baina ez daukate non eutsi, ez daukatelako kontraturik bere horretan. Horren aurrean, aipatu bizilagunak esan zuen, ‘a bai? Ba, ez dut ordainduko’. Handik hilabete batzuetara, bizitzeko beste leku bat lortu zuen, eta hara joan zen. Azorak demanda bat jarri zion okupa gisa pasa zuen denbora horretan ez ordaintzeagatik, baina auzia artxibatu egin zuten, eta kasua irabazi dugu. Guretzat oso garrantzitsua da hori, argi uzten duelako borrokak emaitzak ematen dituela, eta okupazioaren tresna erabili daitekeela.

Erreferente bat da kasu hori, beraz.

J.B.: Zalantzarik gabe. Gainera, okupazioaren kontua komunikabide handietan asko lantzen ari den garaiotan, hemen argi gelditzen da gure borrokan ez dagoela bestelako trikimailurik: auzoko bizilagunak gara, klase elkartasunez etxebizitzaren arazoari aurre egiten, gure beharrak asetzeko.

Grosen hainbat arazo daude etxebizitzarekin lotuta. Nola ikusten duzue egoera?

I.V.: Azoraren arazoan zentratuta gaude orain, baina beste arazo asko daude: jabetza bertikalak daude, gazteak ezin dira emantzipatu, familiek auzotik joan behar dute ezin dutelako alokairua ordaindu, eta abar. Hala ere, arazo nagusia jabetza pribatua da, eta horren inguruan egiten dugu lan.

Jende asko joaten da Saretxera aholkularitza bila?

J.B.: Sindikatu lana egiten hasi ginenean, Azoraren auzia azaleratu berri zen, eta horrekin lotutako kasuak etortzen zitzaizkigun, batez ere. Orain, astelehenero egiten ditugu aholkularitza juridikoaren saioak, eta denetarik etortzen zaigu: fidantzekin lotutako kasuak, alokairu kontratua berritzeko arazoak dituztenak, jabetza bertikalarekin lotutakoak, eta abar. Hain zuzen ere, gida moduko bat osatu nahian gabiltza, alokairu kontratu bat sinatzerakoan, maizterrek kontuan izan beharrekoak zehazteko. Era berean, fidantzen inguruko kanpaina bat abiatu nahi dugu, jende asko etortzen zaigulako esanez ez diotela fidantza itzultzen.

Jabetza bertikala aipatu duzue. Azoraren moduko jabe handietan jartzen dugu fokua, baina egia da badaudela jabe txikiago asko, etxebizitza bloke osoak dituztenak.

J.B.: Arazo guztien oinarrian jabetza pribatua dago, eta errotik heldu behar zaio horri. Kasu adierazgarrienak jabe handienak dira, baina egia da gure gizartean badagoela dirua ahal den modu guztietan egiteko ohitura dagoela, eta jabetza txikiagoak dituzten jabeek ere espekulazio prozesuak garatzen dituztela. Hori ere salatu behar da.

%33ko igoera ezarri nahi dieten bizilagunekin harremana duzue?

I.V.: Askotan, bizilagunek beldurra izaten dute edo ez dute erabilgarria ikusten antolatzea. Beste plataforma batzuk ere badaude… Bizilagun bakoitzaren egoera desberdina da.

J.B.: Asko tentsioz beteriko lasaitasun batean bizi dira. Hau da, ez dizkiete kontratuak berritzen, baina Azorak ez du mugimendurik egiten etxetik botatzeko. Esaten digute erabat ados daudela gure planteamenduarekin, baina oso egoera prekarioan daudela, eta egoera benetan larri bat ikusi arte, nahiago dutela tentsioz beteriko lasaitasun hori mantendu.

“Apetatsu samarra” al da zure auzoan zahartu nahi izatea?

I.V.: Goiaren perlarekin, argi ikusten da ideia kontrajarriak daudela hirian: alde batetik, Goia eta kapitala daude, eta, bestetik, auzoa, bizilagunak eta gu. Gutxienez, eskertzekoa da argi uztea zeintzuk diren bere interesak.

J.B.: Warren Buffeten aberatsaren esaldi ezaguna datorkigu burura: ‘Klase borroka existitzen da, noski, eta gure klasea ari da irabazten’. Egoera zein den badakigu, eta udalaren eta Goiaren rola kapitala defendatzea da. Horren aurrean, gu gurera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
Hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek jasan duten kriminalizazioa eta errepresio poliziala salatu dute

Agerraldia egin dute asteazken arratsaldean, Bilbon, eta "Euskal Herriko gazte langileei" dei egin diete gaztetxeetara hurbiltzera, antolatzera, eta "horien alde borroka egitera". Polizia "gazte langileen aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea" dela... [+]


Berriz ere okupatu dute Guardetxea, oraingoan, bertan geratzeko asmoarekin

Hainbat okupazio "sinboliko" egin ostean, dozenaka lagun Urgulleko Guardetxean sartu dira eta garbitzen eta txukuntzen ari dira, ekitaldi kulturalak antolatzeko.


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.


“Aurrez aurre egin zidan tiro, barrabiletan apuntatuta, 30 metro baino gutxiagora”

Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


“Lokala eta bertako eragile guztien materiala itzultzea” exijitu dute Donostiako Birundako kideek

Joan den asteko kaleratze "ilegala" salatzeko, manifestaziora deitu dute ostiral arratsalderako.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Burlatako udaletxean kateatuta igaro dute gaua bi gaztek, gaztetxearen desalojoaren aurka

EH Bildu agintean dagoen udalak gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko aterabide bat adosteari "uko" egin diola salatu du Burlatako Gazte Asanbladak. Beste hainbat gaztek udaletxe kanpoan kanpatu dute, eta goizean zehar bertara hurbiltzeko dei egin dute.


2025-03-11 | Gedar
Burlatako eta Errekaldeko gaztetxeen defentsan, indarrak batzera deitzen ari dira

Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.


'Gaztetxeak Bertsotan'
“Gazteon ahots kritikoa entzunarazi nahi dugu, txapelketaren formak determinatu gabe”

Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Eguneraketa berriak daude