Onintza Enbeita txapeldun

  • Enbeitatarren sokak ez du etenik Bizkaiko Txapelketan. 1958 eta 1959an Balendin Enbeitak, Urretxindorra handiaren semeak irabazi zituen lehenengo bi edizioak. 1990 eta 1992an, Jon Enbeitarentzat izan zen txapela. Eta 2018an, hurrengo belaunaldiak hartu du lekukoa, Onintza Enbeitaren lan bikainari esker. Familiakoak gogoan hartu zituen azken agurrean, “Zuen altzoan egin naz, ni neska bat ahalduna”.


2018ko abenduaren 17an - 06:51

Bertsolaritza etxetik dakar Onintza Enbeitak, belaunaldiz belaunaldi ondutako formulan diluituta. Oholtza gainean, alabaina, norbanakoak eman behar dio hauspoa transmisioaren suari. Miribillako finalean, abizenaren pisurik gabeko Onintza entzun genuen, bere-berea duen estiloa gorenera eramanaz. Txapeldunak saioaren ondoren onartu zuenez, gaiak neurri-neurrikoak etorri zitzaizkion, “kosmosa” bere alde jarri izan balitz bezala.

“Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu” zen bakarkako gaia buruz burukoan. Benetako Onintza ere halakoxea da ia-ia, berak onartu zuenez. Natural kantatu zuen, puntuak pilatu eta publikoa berotzeko: “Baina nik nori eskatu behar, deutsat ba orain baimena/ Neure barrutik atera nahi dot, behinola izan nintzena”. Seiko motzean ere ederto aritu zen muxikarra, gaiari zukua ateratzen, kideari erantzuten eta ideia zorrotzak plazaratzen. Etxahun Lekue bigarrena, aldiz, beste batzuetan baino irregularrago aritu zen, ezin distira eginda.

Final parekatua izan zen, pronostikoek ere hala iragarria zuten. Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue heldu ziren buruz burukora, baina besteak ez ziren urrun geratu. Izenak baino, zortzikotea nabarmentzea litzateke bidezkoena. Hirugarren Xabat Galletebeitia izan zen, beti bezala dotore eta original. Laugarren eta bosgarren lekuan berdinduta amaitu zuten Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek. Goiko postuetan ibiltzea zuten helburu, baina koska bat falta izan zitzaien. Miren Amuriza ere gehiagorako gai da, baina ariketa batzuetan onenen pare jardun zuen, adibidez hamarreko txikian.

Aparteko aipamena merezi dute Eneko Abasolo Abarkasek eta Aitor Bizkarrak. Azken unean sartu ziren finalean, iurretarra 2010etik zegoen finalaurreetatik pasa ezinda, eta Bizkarrak lehenengo finala zuen. Zazpigarren eta zortzigarren izan ziren, baina, hala ere, publikoak haien bertsoetako batzuk txalotu zituen gehien. Finalen kalitatea ez dute irabazleek soilik ezartzen. Lehena bezala zortzigarrena ere nabarmenduz gero, orduan gozatzen du zaleak.

Final parekatua ez ezik, final parekidea ere izan zen Bilbokoa, laugarren aldiz jarraian. Oraingoan bai, emakume batek jantzi zuen Bizkaiko txapela. Jon Enbeita osabak jantzi zion, gainera. Gutxienez bi urtez izango da Onintza txapeldun, eta jasotako maitasun guztia plazaz plaza bueltatzen ahaleginduko dela agindu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
2023-12-18 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Bertsozalez lepo egon da Bilbao Arena: 4.400dik gora zale egon dira bertan. Ibarzabalekin batera, Jone Uria Albizurik kantatu du buruz burukoan.

2023-12-11 | Bertsozale.eus
Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan. Aurten, elkartearen 40. urteurrenaren baitan, sorrerako kideen beharrari aitortza egin gura dio; 2023ko irabazleari jantziko dio txapela.

2023-11-27 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabalek irabazi du Lemoako finalaurrekoa eta osatu da finala
Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu da larunbatean Lemoan; sarrera guztiak agortuta egon dira astebetean

2023-11-20 | Bertsozale.eus
Jone Uriak irabazi du Santurtziko finalaurrekoa
Santurtziko Serantes kultur aretoan jokatu da bigarren finalaurrekoa, eta, irabaztearekin batera, algortarra finalera sailkatu da. Azken finalaurrekoa Lemoan jokatuko da, azaroaren 25ean.

2023-11-13 | Bertsozale.eus
Xabat Galletebeitia da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Berrizko Olakueta frontoian jokatu da lehen finalaurrekoa, eta bertan irabaztearekin bat, lekeitiarra finalera sailkatu da. Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da, azaroaren 18an.

Eguneraketa berriak daude