Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia eta lehendakarigaia, otsailaren 19an Gasteizen, Ajuria Enera iristen, Iñigo Urkullurekin hitzartutako bilerara. PSE-EE

2024ko otsailaren 26an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:15

Kostatu den arren, lehen txupina ofiziala entzun da azkenean: Urkulluk konfirmatu du apirilaren 21ean egingo direla Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Beraz, ondo aurreikusia zegoen bezala, otsailaren 27an argitaratuko du dekretua –dagoeneko sinatu eta prentsara bidali duena– eta une horretatik aurrera desegin egingo da ganbera; bertan behera geratuko dira batzordeak, aurreikusitako agerraldiak, informazio eskaerak eta beste.

Lehen txupina hori. Bigarrena apirilaren 5ean botako da. Epeek horrela aginduta, orduantxe “hasi” beharko du kanpainak, dagoeneko hasi ez balitz gisa... Baina ahaztu data hori eta hartu hau, ziurrenik kitzikagarriagoa izango zaizu-eta: martxoaren 16tik 21era egingo dira hautes-mahaietako zozketak. Egun horietan erabakiko da, Hunger Games-en lehiakideak hautatzen dituzten modura, ea igande hori, demokraziaren izenean, goizetik gauera pringatu beharko duzun ala ez. Mahaian tokatzeak badu bigarren kontra-puntu posiblea: ea eguna are jasangaitzagoa bihurtzeko nor esertzen zaizun alboan. Zoriak erabakitzen duena erabakitzen duela, mahaian egotea tokatzen bazaizu, animo. Herria zurekin egongo da. Zure aurretik pasatuko da. Eta denek esango dizute “ai, gaixoa, animo”, edo “oraingoan ere bai?”.

Azken zatiari kosk

Gose-jokoak ez, baina aulki-jokoak hasi dira dagoeneko politikari profesionalen artean. Besaulkia bermatzeko premiak sumatzen dira espektatiba oso eskasak dituzten alderdietan. Diskurtso-jokoa. Podemosek, bakarkako bideari ekin zion aspaldi, baina azken astean ordu gutxi batzuez eskua luzatu dio Sumarri. Azken horrek harriduraz hartu du, “zu aldendu zinen lehenbizi!” esan, eta, atzeko koadroetaraino iristen utzi beharrean, airez eman dio pilotari eta jokoa moztu du. Ezezko argia eman dio. Gero han atera da Gorrotxategi, diskurtsoa markatzera: “Guk nahi izan dugu baina haiek ez”. Azkar batean gorde du eskua.

Eserlekuen dema interesgarri egongo da haien artean. Jateko geratzen den azken zatiari kosk egin nahi diote eta gutxienez beste lau urtez hortik bizitzen jarraitu. Dema besaulkia harrapatzean dago, eta gutxiago politika egitean; sektore horrek denera edukiko dituen bi-hiru-lau-bost eserlekuekin, separatuta aurkeztuta gainera, hitzez haragoko presiorik ezingo baitiote egin gobernuari. Sare sozialetako reel –bideo-labur– bihurtuko da ezker konfederala. Azkar pasa eta eragin gutxi. Dagoeneko hasi dira bide hori hartzen; hona adibidea, ETB2n eginiko adierazpenak: “Kuriosoa da EH Bildu eta PSE-EEren estrategia, gobernua osatzeko EAJri eskua luzatzen egotea (...) Guk ez dugu inoiz gure ezker izaera abandonatuko”. Adierazpen potentea, berez, baina Twitterren bi segundoz ikusi eta pasa den horietakoa.

Inork ez ditu, baina, Podemos, Sumar eta enparauak eztabaida politikoan sartu ere egin. Horrela, hain argi, Otegik aipatu zituen duela bi aste, eta zaplaztekoa emateko izan zen: “Ezkerraren ikuspuntutik, ez da bidezkoa jendeari esatea arazo handiak daudela eta gero beraien artean adostasunak lortzea ezinezkoa izatea”. Eta kitto, gutxi gehiago luzatu zuen. Ordutik, koalizio subiranistak emandako elkarrizketetan, musean txikia pasoan bezala joan dira Podemos eta Sumar. Norbaiti axola beharko balitzaio sektore hori, akordioak egiteko-eta, EH Bildu litzateke. Baina gauzak horrelaxe daude, eta horrelaxe izango dira sustengurik apenas daukazunean.

Epeak aipatu ditugu lehen, eta badaezpada, sorpresarik bada, Podemos eta Sumarrek elkarrekin aurkezteko epe-muga hauxe izango dute: martxoak 7. Orduantxe amaituko da koalizioak presentatzeko epea.

Andueza f(l)ight mode on

Joan den astelehenean bilera eduki zuen Urkullurekin, eta Anduezak proposatu omen zion lehendakariari hauteskundeak apirilean jartzeko, eta ez ekainean. Kasu egin zion ala ez, nork daki zenbat eragin zuen. Kontua da sozialisten buruak hasperentxo bat egingo zuela hauteskundeak apirilean izango direla jakitean. Udazkenean ekin zion kanpainari bere ekite propioz, eta, orain, data jarrita, epe-muga ikusten du gutxienez.

Urkulluk iragarpena egin zuen gauean bertan, Andueza elkarrizketatu zuten Ser irrati-kate espainiarrean. Milioi bat entzuletik gora ditu Hora 25 saioak, eta, beraz, Espainiako entzulegoari zuzentzen zitzaiola probestuta, bere egoak alboratu gabe, hainbat gako eman zituen jendeari adierazteko, bere ustetan, PSE-EEk zer nolako pisua duen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Bi titular atera daitezke. Bata: PSE-EEri esker bizi dira hain ondo hiru lurralde historikoetako herritarrak, izan ere, sozialistek gobernatu dituzten departamentuek fruitu ederrak eman dituzte –Lan eta Enplegu Sailak langabezia jaitsi eta landunen kopurua igotzea lortu du; Turismo Sailak uda sasoitik deszentralizatu du turismoa eta jasangarriago bihurtu; eta Garraio Sailak, azkenik, PSE-EEri esker, garraio publikoko hobariak ezarri ditu denbora luzean–. Azken horretan, ezin esan arrazoirik ez duenik: EAJk atzera bota nahi zuen luzamendua, baina PSE-EEren eta EH Bilduren presioaren eraginez jarraitzea onartu zuen. Eta Anduezak ez zuen aipatu, baina era berean, PSE-EEri esker izan da hain antzua azken astean ezagutu den euskararen dekretua, sektore publikoa euskalduntzekoa. Baita Hezkuntza Legea ere, euskararen zentzu beretik. Adibidetako bi besterik ez dira horiek.

Bigarren titularra: PSE-EEk EH Bilduren agintaldirik edota bestelako ekimenik ez du sekula babestuko, ezta abstentziora jota ere. Bide batez, Iruñekoa "salbuespena" da eta ezin estrapola daiteke inora, bere esanetan –Asironek, berriz, kontrakoa zioen ARGIAn–. Betoa jartzeko modua da. EAJri kritikak Osakidetzaz baino ez dizkio egin –gehiegi sakondu gabe–; gainontzean, zuzen eta zintzo esanda, jeltzaleekin gobernatzen jarraitu nahi du.

Eta mamuak. Galizian, eta Espainian, PPk erabili ohi duen estrategia darabil PSE-EEk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. EH Bilduk “independentismoaren bidaia antzuen ideiak” dituela dio Anduezak, eta bi indar abertzale/nazionalisten balizko akordioak EAJ eramango omen luke “bidaia antzu” horietara. “Galbidera”, alegia. Beste era batera esanda, betiere bere aburuz: PSE-EE da EAJ “zuzentasunez bideratzen” dakien alderdia. Jeltzaleen hezitzaile, jeltzaleen aitatxo. “Gu gabe ez dira ezer”, esatea falta zitzaion.

Aitatxismoa

Zein posizio hartzen duen nork; horrek asko definituko du kanpaina. Bistan geratu denez, EH Bilduk EAJrekin gobernatu nahi luke –hasteko, gehiengoa bakarrik osatzeko zifrek ematen ez dietelako–, herri-itun abertzaleen alde –euskararen ikuspegitik, aberasgarria izan daiteke ezbairik gabe–. Eta PSE-EEk ere berdin, bere aldetik, EAJ “zuzentzeko”.

Hor marraztu nahi dute lehia: ea nork konbentzitzen duen EAJ. Jakina, EAJk PSE-EEren aldera egitea da normalena. EH Bilduk, hargatik, “azpi-lehendakarigai” ote den galdegin dio era pixka bat ironikoan Anduezari. Eta azken horrek, hain ohikoa duen moduan, bularraldea gogortuta, boz goran eta argi EH Bilduren aurka egin du, “kosta ahala kosta boterera iritsi nahi duzue zuek” adierazita. Bueltan erantzun gabe geratu da guztiek buruan dutena: “Eta zuen helburua ez da boterera iristea?”.

Jeltzale hautagaia, berriz, Indar berria leloa atzean, gozo-gozo, teleprompter edo telehitzemailearekin ikusi dugu hauteskunde dataz mintzatzen. Boterearekin loturiko gauza asko iradokitzen ditu eszenaratzeko moduak. Baina funtsean, hauxe: gainontzekoak berari buruz ari dira hizketan, eta bera bere buruaz mintzo. Situazio eroso samarra sortu zaio Pradalesi. Horregatik, akaso, isilxeago sumatu zaio azken astean.

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Analisia
EAE: Aldaketa(k) eta une katalana

Aspalditik EAEko hauteskundeetan parte hartzea Espainiakoetan baino dezente baxuagoa da hautesleen parte batek bigarren mailako hauteskundeak bezala ikusten dituelako. Katalunian antzera izan zen procès-a hasi arte. Halere, 2003ko hauteskundeetan partaidetzak nabarmen... [+]


Eguneraketa berriak daude