Euskara, kultura eta bertsolaritzarekin zuzenean lotutako pertsonek emango dituzte abenduaren 18an Iruñean bertsolari Txapelketa Nagusiko sariak. Itziar Alduntzinek brodatutako txapela eta Mikel Lertxundiren eskultura jasoko ditu irabazleak.
Iñaki Muruak jarriko dio txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Bertsolaria eta urte luzez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izandakoa, "bertsolaritzako eragile handia" izateagatik hautatu du Bertsozale Elkarteak gabiriarra bertsolarien garaikur nagusia emateko.
Irantzu Idoate Funosasek (Hazparne, 2005) emango dio saria bigarren sailkatuari. Bertsolari gazte hau da 2022ko Eskolarteko Bertsolari Txapelduna.
Sagrario Aleman Astitzek (Etxaleku, 1952) banatuko ditu hirugarren eta seigarren sariak. Urte luzez izan da Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria, eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferente nagusietako bat da Aleman.
Edurne Azkarate Sobrino (Oion, 1993) aktoreak laugarren eta zazpigarren sariak emango ditu.
Paulu Zedda (Sinnai, 1964) Sardiniako cantadoriak bosgarren eta zortzigarren sariak emango ditu. Izan ere, munduan zehar dauden kantu inprobisatu anitzekin harremanetan da bertsolaritza eta hori irudikatzeko hautatu du Bertsozale Elkarteak Zedda saria emateko.
Azken urteetan Billabonako Ana Zalduak brodatutako txapela jantzi izan du irabazleak, baina 2019an zendu zen. Aurten, Itziar Alduntzin donostiarrak hartu du txapeldunaren garaikurra osatzeko ardura. Horrekin batera, Berriatuko Mikel Lertxundiren eskultura jasoko du irabazleak.
Txapeldunordeak Andoaingo Iker Vallek egindako brontzezko eskultura jasoko du.
Hirugarren postutik zortzigarrenera arteko bertsolariek margolanak jasoko dituzte: Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Marta Cardenas, Mariano Arsuaga eta Olatz Irigarai sortzaileen artelanak, hain zuzen.