Nepal: Z belaunaldiaren beste iraultza bat

  • Luze jardun liteke Nepalgo politikagintzaren berezitasunen inguruan. Beste inon aurkituko ez diren bitxitasunak ere badituelako. Adibidez, alderdi-aniztasuna. Baina ez nolanahikoa, baizik elkarren arerio diren alderdi marxista-leninisten aniztasuna. Haietako baten buruzagia da Oli; bestearen buru den Prachandari ere etxea erre omen diote matxinoek...

हिमाल सुवेदी / Wikimedia Commons CC-by-SA

2025eko irailaren 17an - 10:07
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hegazkinetik jaitsi eta arnasestuka iritsi zela Indonesiako presidente Prabowo Subianto Pekineko desfile erraldoira esan liteke. Beste batzuok bezala, mundu-parte hartako behatzaileek galdezka dihardute ea zer adierazten ote duen sakonean agerpen horrek; eta gogoeta burutsuak ere jaulkitzen dituzte. Konstatazio apalagoarekin konformatuko gara hemen: hiru egun lehenago Tianjineko goi-bileran egon ahal izatea eragotzi zioten etxeko kale-iskanbilak zertxobait amatatzea lortu duela, gerri dezenterekin, Prabowok; eta Txinan egin asmo zituen garrantzizkoenak lehenbailehen egitera abiatu zela, aukerak iraungi baino lehen.

Matxinada sozial baten atarian egon baita Indonesia azken hilabete hauetan (eta dago oraindik, hein batean). Ezberdintasunak ezberdintasun, iazko uztailean Bangladeshen Sheik Hasina lehen ministroa botatzea lortu zuen Iraultzaren antzeko zerbait ikusi nahi izan dute batzuek Indonesiakoan. Munduko bi herrialde musulman populatuenak izatea ez zen ñabardura hutsala, bestalde. Eta bila jarrita, kolore-konturik ageri ez denez Asiako errebolta sozial horietan, ezinbestekoari heldu dio interpretazioak: Z belaunaldia dutela protagonista. Milurteko honetan jaioak. Jende gaztea, gazteena, iraultzen protagonista izatea albiste balitz bezala. Tira...

Tian’anmeneko Rostrumean Praboworekin zegoen K.P. Sharma Oli Nepalgo lehen ministro zenari gertatu zaionak lagun dezake Z belaunaldiaren iraultza horien nondik norakoa doixeago ulertzen. Pekinetik itzuli orduko, astebete eskasean, ihesi joan behar izan duelako Olik bere herrialdetik, Hasinaren modura. Baina ez bisitaldi hargatik, baizik gaur egun, Palestina eta Siriaren ondoren, Asiako herrialde pobreena denean Z belaunaldiaren ezinegon sozio-politikoagatik.

Agian, argigarriagoa litzateke “Riderren Iraultza” deituko balitzaio. Haiexek izan direlako protagonista nagusiak. Haien prekarizazio higuingarria, elite politikoaren pribilegio lotsagarriagoekin kontrastean ez ezik etengabeko kontaktuan dagoena, izan da pizgailua. Eta itxura guztien arabera, haien harreman- eta jakite-sarea erabakigarria izan da jo-puntuak (politikarien etxeak, eta abar) sutan jartzeko. Literalki.

Luze jardun liteke Nepalgo politikagintzaren berezitasunen inguruan. Beste inon aurkituko ez diren bitxitasunak ere badituelako. Adibidez, alderdi-aniztasuna. Baina ez nolanahikoa, baizik elkarren arerio diren alderdi marxista-leninisten aniztasuna. Haietako baten buruzagia da Oli; bestearen buru den Prachandari ere etxea erre omen diote matxinoek...

Monarkiaren nostalgikoek hartara itzultzeko abagunea izan daitekeela sinetsi nahiko badute ere, Bangladeshen M. Yunus-ekin gertatu zenaren antzeko zerbait da matxinadatik oraingoz eratorri dena: Sushila Karki andrea, legelari prestigiotsua, bihurtu da behin-behineko lehen ministro. Lehen emakumea.

Eta ipar-hego, Asiako bi erraldoiak –Txina eta India–, zein baino zein ezegonkortasun guztien etsaiago, alboan dituela jarraitzen du Nepalek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nepal
Eguneraketa berriak daude