Nekane eta Izaro Zinkunegi: "Espainiako Auzitegi Nazionalak jomugan du prentsa askatasuna"

  • Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute Nekane Zinkunegi eta Izaro Zinkunegi errezildarrek eta Iraitz Salegi bergararrak urriaren 7an. Izan ere, Eloy Velasco epaileak Topatu.info webgunean Gazte Danbada ekimenari buruz informatzeagatik auzipetu ditu gazteak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2014ko urriaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Nekane eta Izaro Zinkunegi (argazkiak: Gaztezulo / Urola Kostako Hitza).

Nekane Zingunegi Uztarria Komunikazio Taldeko kolaboratzaile ohia da, eta berak zein bere ahizpak, Izaro Zinkunegik, beraien ikuspuntua azaldu diote Uztarria.com-i.

Asteartean joan behar duzue epailearen aurrera, baina noiz jaso zenuten jakinarazpena?

Abuztuaren amaieran. Abokatuari jakinarazi zioten, eta bera jarri zen gurekin kontaktuan. Hau jakin bezain laster, Euskal Herrian deklaratzeko eskaera egin genuen, baina pasa den astean ezezkoa jaso genuen eta datorren asteartean joan beharko dugu Madrilera.

Zer leporatu dizuete? 

‘Terrorismoari gorazarre’ egitea, Gazte Danbadako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik. Hain justu, 2013an, Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoan, espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan. Honen harira, hainbat kide auzipetu zituzten. Martxoan, berriz, Topatu.info-ko atari digitalean zeuden ekitaldi horretako bideoak kentzeko agindua jaso genuen, bestela, webgunea itxiko zutela mehatxatuz. Agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen, webgunea ixteak ekarriko lituzkeen kalteak kontuan hartuz. Orain, berriz, proiektuko hiru kide auzi berean sartu gaitu Eloy Velasco epaileak delitu bera leporatuta, informazio hori zabaltzean, guk ere ‘terrorismoa goratu’ dugulakoan.

Nola jaso duzue albistea?

Albistea ezustekoa izan da, egia esan, bideoak kendu ostean auzia bere horretan geratzea espero baikenuen. Hala ere, ez da harritzekoa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren orain arteko jarduna kontuan izanda, prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako beste eraso bat egin izana. Nolanahi ere, badu irakurketa positibo bat erasoak: herri mugimenduaren bozgorailu den eta azken urteotan erreferente bilakatu den komunikazio egitasmo indartsua da Topatu, eta horrek egonezina eragiten die Espainiako Gobernuari zein auzitegiei.

Lehen ere deklaratu behar izan zuten Gazte Danbadako ekitaldi politikoan parte hartu zuten batzuek, ezta?

Hala da. 2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1a bitartean, Urduñako (Bizkaia) Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoan, espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan. Horren harira, bertan parte hartu zuten Ernai gazte antolakundeko hainbat kide eta Periko Solabarria auzipetu zituzten lehenik. Eraso horren hurrengo kate-begia izan da gurea.

Kazetari lana egiteagatik inputatu zaituztete. Zer duzue esateko horren aurrean? 

Bai, larriena da ez dela lehenengo kasua, beste hainbat hedabide eta kazetari izan baitira horregatik jazarriak. Nabarmentzekoa da Topatuk herri mugimenduaren bozgorailu lana egiten duela, eta horren baitan kokatzen da Gazte Danbadako jarraipena ere. Gure ustez, 7.000 gazte inguru lau egunez Urduñan biltzeak nahikoa interes informatibo badu. Horregatik, ekitaldi politikoaz harago, jarraipen osoa egin genien bertako ekintzei: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak... Halaber, gogorarazi nahi dugu Topatuk eraso duten kazetari lan horrengatik berarengatik jaso duela 2014ko Interneteko Argia saria.

Herritarrek babesa erakutsi dizuete? 

Bai, handia. Komunikabide moduan, sare sozialen bidez sekulako elkartasuna adierazi digute norbanako, eragile eta hedabideek. Eta maila pertsonalean ere handia izaten ari da egunotan ingurukoengandik jasotzen ari garen babesa.

Lehen ere itxi zituzten Gazte Sarea eta beste hainbat hedabide. Nola ikusten duzue prentsa askatasuna, gaur egun?

Hala da, Gaztesarea.net ere gazte proiektu komunikatibo bat zen, eta arrazoi berarengatik egin zuten haren aurka. Beste hainbat komunikabide ere badaude terrorismoa goratzea leporatuta itxi dituztenak. Espainiako Auzitegi Nazionalak jomugan du prentsa askatasuna. Neurri berean, ezinbestekoak dira herri izaerako hedabideak. Beraz, prentsa eta adierazpen askatasuna zentsuraz moztu nahi badituzte ere, Topatuk lanean jarraituko du. Eta atzo Twitter bidez babesa adierazi zigun kide batek zioen bezala: "Etorkizunean adierazpen askatasuna ametsa izan ez dadin, oraina kontatzen jarraituko dugu!".

[Artikulu honen jatorrizko bertsioa Azpeitiko Uztarrian argitaratu da eta hedabide horren CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude