NATOk Euskal Herria ere suntsitzen du

  • Ameriketako Estatu Batuek 750 base eta misio militar dituzte munduko 128 herrialdetan. Ez gara obsesio militarista eta inperialista horrek sortutako gerrak zerrendatzen hasiko, baina tamalez horien guztien konplize bihurtu gintuzten duela 33 urte.

Askapena talde internazionalista @askapena
2019ko martxoaren 12a

1976ko martxoaren 12an erreferendum iruzurti baten bidez NATOren barruan sartu gintuzten. Baina Euskal Herriak, izaera antiinperialistari helduz, eredu bikaina eman zuen, egitura kriminal horri ezezkoa emanaz. Jakitun baikinen, aliantza inperialista horretan sarturik, kaltea baino ez zuela eragingo bai beste herriei eta baita gure herriari ere.

Izan ere, gaurko efemeride honetan, euskal herritarrontzako suposatu dituen kalteak eta euskal instituzio zein enpresek gerrarekin duten konplizitatea jarri nahi dugu mahai gainean. Hemendik milaka kilometrotara NATOk sortzen dituen gerrek eragina dute gugan, ezkutatzen saiatzen badira ere.

Ekonomikoki, espainiar eta frantziar estatuen parte eta beraz, NATOren parte garen heinean, kupoaren eta hitzarmenaren bidez ordaintzen dugun gastu militarra ia 650.000 eurokoa litzateke urtean. Horri industria militarraren gastua ere gehitu beharko genioke.

Eta ordua da Euskal Herriko erantzuleei izen-abizenak jartzeko. 1953 eta 1974 artean NATOren radar sistema ezarri zuen Francok Baztango Gorramakil mendian, eta 1951tik hona funtzionamenduan dago Bardeako tiro-eremua, hildakoak, zaurituak, kutsadura, gaixotasunak... sortzen dituena. Baina diru truke, beste alde batera begiratzen dute Bardeako Juntak eta parte diren udalerrietako alkateek. Bestetik, Santurtziko portua, armen salmentaren munduko rankingean 7. postuan dago. 2017an, lehergailuz beteriko 300 kontainer atera ziren portutik, gehienak Saudi Arabiara bidean.

Gainera, Euskal Herrian 100 enpresa baino gehiago dira haien produkzioaren zati bat edo gehiena industria militarrera bideratzen dutenak. Gamesa/Aernnova, Sener, ITP edota SAPA dira horietako batzuk. Eta noski, instituzio publikoen (nagusiki Eusko Jaurlaritza, baina ez bakarrik) diru-laguntzak eta sariak ere jasotzen dituzte, eta Euskal Herrian dauden banku gehienek (BBVA, Caixabank, Rural Kutxa, Kutxabank...) armagintzan inbertitzen dituzte euskal herritarron aurrezkiak.

Eta ez dugu ahaztu behar Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, OPUSen Unibertsitate pribatuak eta Mondragon Unibertsitateak ere hitzarmenak dituztela industria militarrarekin eta defentsa ministerioarekin.

Zerrendatutako erakunde hauek guztiak eraso inperialisten eta hauek sortutako ondorioen konplize dira.

Baina horren aurrean sortutako borrokak ere asko izan dira: migratzaileen eskubideen aldekoak, euskal armagintzaren aurkakoak, Santurtziko portuko esportazioen salaketak, Bardeako tiro-eremuaren aurkakoak, eraso inperialisten salaketak, martxa feminista-antimilitaristak, elkartasun internazionalista, arrazismoaren aurkako borrokak...

Euskal Herriko herri mugimenduen artean aliantzak ehuntzen jarraitzea ezinbestekoa da, eta borroka horiek guztiak saretzea, inperialismoaren aurkako mugimendu zabal, anitz eta sendo bat garatzeko. Inperialismoak Euskal Herrian dituen konplizeei inpunitatea amaitu behar zaie, eredu horren aurkako konpromisoak batu behar ditugu.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Internazionalismoa kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude