Mexikon 2014an desagerrarazitako ikasleetako baten gorpua aurkitu dute, aurreko gobernuaren bertsioa gezurtatuz

  • Bertsio ofizialaren arabera, 2014ko irailaren 26an udaltzainek 43 gazte atxilotu eta Guerreros Unidos talde kriminaleko kideei entregatu zizkieten. Horiek hil eta gorpuak erraustu zituzten zabortegi batean. Gorpua zabortegitik urrun aurkitu dute ordea.


2020ko uztailaren 08an - 11:56

Mexikoko Errepublikako Fiskaltza Nagusiak (FGR, gaztelaniazko sigletan) joan den asteartean jakinarazi zuenez, Christian Alfonso Rodriguezen gozpuzkiak identifikatu dituzte. Ayotzinapako 43 ikasleetako bat zen Rodriguez. Aurkikuntza horrek hankaz gora jartzen du kasua, aurreko Gobernuaren bertsio ofiziala zalantzan jarri eta "egiaren ezagutzarako bidea" zabaltzen baitu, Público egunkariak argitaratutakoaren arabera.

Ayotzinapa kasua ikertzen ari den FGR unitateko titularrak, Omar Gómez Trejok, zehaztu zuen Innsbruckeko (Austria) unibertsitateak ikasle hori genetikoki identifikatu zuela Cocula udalerrian aurkitutako hondakin batzuen bidez. Ikasleen gorpuak erre omen zituzten zabortegitik urrun aurkitu dituzte hondakin horiek. Gainera, antropologia forentsean aditua den talde argentinar batek ere aztertu zituen gorpuzkiak, eta emaitzak bat zetozen gaztearen gorputz-adar batekin.

Gomez Trejok azaldu duenez, ikasleak non zeuden jakin eta horren egiazkotasuna baieztatu ondoren, 2019ko azaroaren 21etik 29ra bitartean bilaketari ekin zioten Barranca de la Carnicería izenez ezaguna den Cocula udalerrian, Guerrero estatuan. "Toki hau ez da Coculako zabortegia, izan ere, Barranca gobernuak esandako lekutik 800 metro baino gehiagora dago", esan du Gomez Trejok. Leku hori aurretiaz “ezaguna” omen zen, baina aurreko agintariek ez zituzten ikerketa-ildo guztiak agortu.

Gaur gaurkoz martxan den ikerketan 15 zantzu berreskuratu dira eta hasiera batean FGRko perituek eta senitartekoek aztertu zituzten. Gomez Trejok esan duenez, hainbat gorpuzki Innsbruckeko Unibertsitateko Genetika Institutura eraman zituzten, eta ekainaren 19an eman zizkieten emaitzak. "Bidalitako hezurrak aztertu ondoren, horietako bat Christian Alfonso Rodríguez Telumbre ikasleari dagokio, 2014ko irailaren 26an desagertutako gazte bati", esan du arduradunak.

Duela astebete eskas, Guerrero Hegoaldeko estatuko 46 polizia atxilotzeko agindua eman zuen FGRk, Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpenarekin zerikusia zutelakoan. Operazioa iragan gobernuaren bertsio ofiziala bertan behera utzi nahi duen ikerketaren fase berri batean kokatzen da.

Enrique Peña Nieto orduko Mexikoko presidentearen Gobernuaren bertsio ofizialaren arabera, 2014ko irailaren 26ko gauean 43 gazte atxilotu zituzten udaltzainek, eta Guerreros Unidos talde paramilitarreko kideei entregatu zizkieten; horiek hil egin zituzten, eta ustez hondakinak zabortegi batean erraustu zituzten.

2019ko ekainean, Errepublikako Fiskaltza Nagusiak (FGR) unitate autonomo berezi bat ezarri zuen Omar Gómez Trejoren ardurapean. Giza eskubideen defendatzaile horrek esperientzia zuen kasuan, eta biktimen senitartekoen babesa izan zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu terrorismoa
2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


Poliziaren beste 66 biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak

Tartean, Joxi Zabala aitortu dute biktima gisa eta Joxean Lasa aitortzea ere ez dute baztertzen. Astelehen honetan, hilak 30, aurkeztuko dute Balorazio Batzordearen txostena.


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


40. urteurrena
Salatu dute Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela “terrorismoaren biktima” gisa aitortu

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaren 40. urteurrenaren harira oroimen ekitaldia burutu dute Busoten, Alacanten, euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian. Lore eskaintza handi batekin oroitu dituzte bi tolosarrak.


Eguneraketa berriak daude