Myanmarren gerra zibila hastear dela ohartarazi du NBEk

  • Otsailean militarrak agintera heldu zirenetik, herritarren aurkako hainbat eraso eta ekintza armatu egin dituzte. 1.100 pertsona hil dituzte ordutik, eta 4.500 (haurrak barne) atxilotuta dauzkate. Biztanleei armak hartzeko eskatu diete oposizioko kideek.


2021eko irailaren 24an - 10:14
Azken eguneraketa: 12:20
Militarren aurkako protesta bat Myanmarren, 2021eko otsailaren 9an. Argazkia: Ninjastrikers

Myanmarren gerra zibila hastear dagoela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Michelle Bachelet Giza Eskubideetarako goi mandatariak osteguneko agerraldian emandako datuen arabera, borroka armatua indarra hartzen ari da militarrek otsailean estatu kolpea egin eta boterea lortu zutenetik. “Premiazko neurriak hartu behar dira Myanmarko egoera gatazka bihur ez dadin", zehaztu du Bacheletek.

Militarrek 1.100 pertsona inguru hil dituzte agintera heldu direnetik. Martxoaren 27an, Segurtasun Indarren Egunean, manifestazio baketsua antolatu zuten biztanleei eraso egin zieten eta 130 lagun hil zituzten. Apirilaren 9an, berriz, Bago herrian granadak eta artilleria jaurtigailuak bota zizkieten manifestazioan bildu zirenei eta 82 lagun hil zituzten.

Bacheleten hitzetan, krimen horietako asko “biztanleria zibilaren aurkako eraso hedatu edo sistematikoaren” parte dira, eta gatazka armatuan sortu direnez, “gerra krimenak” kontsideratu daitezkeela gehitu du mandatariak. Oposizioko herritarrei egindako erasoen aurrean, Duwa Lashi Batasun Nazionaleko Gobernuko presidenteak armak hartzeko deia luzatu die biztanle guztiei, eta horietako asko Defentsa Indarra izeneko taldean bildu dira.

Bi aldeen arteko tentsioa areagotuz doa, eta erasoak gero eta gehiago dira. Militarren eskuetan hil direnez gain, segurtasun indarrek 8.000 lagun (umeak barne) atxilotu dituzte. Horietatik 4.700 giltzapean daude oraindik, eta ez daukate laguntza legalik jasotzeko aukerarik ezta familiekin komunikatzeko biderik ere. Presondegian dauden bitartean, NBEk hainbat tortura kasu zenbatu ditu: atxilotuta egon diren 120 lagun hil dituzte kartzelan bertan.

Era berean, otsailetik, osasun zerbitzuen aurkako 260 eraso egon direla esan du Bacheletek. Militarrek mediku eta erizainak tirokatu dituzte, anbulantzietan eta ospitaletan sartu dira eta baliabide medikoak konfiskatu dituzte (koronabirusaren aurkako txertoak eta oxigenoa kasu). Myanmar “errepresio, indarkeria eta kolapso ekonomikoaren zurrunbiloan” murgilduta dago, eta pandemiari aurre egiteko ezintasunak larriagotu egin du egoera.

Militarrei eskaera

Bacheletek eragile guztiei dei egin die, bereziki militarrei, herrialdean laguntza humanitarioa eskaintzen utzi dezaten. Horretaz gain, “bakerako eta elkarrizketarako baldintzak” lortzeko, Myanmarren dauden preso politiko guztiak askatzeko eskaera egin du mandatariak. Estatu kolpearen ondoren atxilotutako Daw Aung San Suu Kyi herrialdeko presidente ohia (2020ko hauteskunde orokorren ondoren ezarri zuten boterean) dago tartean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Myanmar
2022-10-11 | Axier Lopez
Hamar urteko espetxe zigorra ezarri dio kazetari japoniar bati Myanmarreko erregimen militarrak

Toru Kubota uztailean atxilotu zuten, Myanmarko bi herritarrekin batera, Yangonen, erregimen militarraren aurkako protesta batean argazkiak eta bideoak atera ostean.


2021-12-21 | Leire Artola Arin
Gutxienez 40 zibil torturatu eta hil izana leporatu diote Myanmarko armadari

BBC hedabideak ikerketa bat argitaratu du, eta militarrek uztailean egindako lau sarraskiren berri eman du. Uste dute hilketak “zigor kolektiboak” izan direla, herri horiek baitira agintean dagoen junta militarraren oposizioaren gotorlekua. Armadak ez ditu hilketak... [+]


Gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak

Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu, eta baita 400 desagertu ere. Sugarrek eremu zabala suntsitu dute eta 45.000 pertsona etxerik gabe geratu dira.


Eguneraketa berriak daude