Mutrikuko araztegitik Mijoa errekara berriz ere isurketa egin dela salatu dute

  • Aurten bigarren aldiz –eta aurreko urteetan gehiagotan–, Mutrikuko Mijoa errekan ondoko industriaguneko araztegitik datorren isurketa antzeman dutela salatu dute herriko natur taldeak eta Eguzki talde ekologistak.


2020ko maiatzaren 28an - 16:32
Mijoa errekara egindako isurketetako baten irudia (argazkia: Eguzki)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Maiatzaren 22an ikusi duten isurketa, baita aurrekoak ere, Mijoa industriaguneko araztegitik datorrela ziur dira Mutrikuko Natur Taldea eta Eguzki, Naizen jaso dutenez. 112ra deitu zuten eta hainbat profesional gerturatu ziren erreka ikuskatzera, baina ekologistek ez dute emaitza handirik espero, aurreko esperientziak kontuan hartuta.

Isurketak behin baino gehiagotan egin direla nabarmendu dute ekologistek; URA agentziak berak bere txostenetan dio errekak “kalitate ezin txarragoa” duela eta “ingurumena muturreraino degradatuta” dagoela. Mijoa erreka Saturrarango hondartzan itsasoratzen da eta beraz, isurketa hauek hondartzako ura ere kutsatu dezakete.

Industriaguneko ur zikin guztiak garbitu ahal izateko araztegia txikiegi geratu dela uste dute ekologistek, eta behingoz neurriak hartzeko eskatu die industriaguneko enpresei eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Naizeko albisteak jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak Mijoa saneatzeko finantzaketa Jaurlaritzak bere gain hartuko zuela baieztatua du, baina 2019an ez dute ezer egin eta 2020ko Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez da horretarako diru-partidarik ageri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2025eko irailaren 3
Plastikoaren birziklapenaren iruzurra
Industria petrokimikoaren 'gerrillariak' Genevan

Eguneraketa berriak daude